#
#

Salmo barriak: "BILAKETA - ADISKIDETASUNA"


Bizitzako zailtasunen aurrean egindako salmoa #
#
#

Inork ere ez nau ulertzen, Jauna; ona zaran ezkero, ulertu nagizu;
begiratu egizu ulertu bakoa sentitzen dan nire bihotza;
ez daukat gaua non igaro,
eta nire bihotz ahula, hotzagaitik, guztiz jota dago,
zaindu nagizu zure ondoan.
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

Zurekin asko gogoratu ez arren, orain deika naukazu;
salbatu nagizu, une gogor eta aldrebes honetatik askatu nagizu;
erruki, Jauna, nire Jainko lez bilatzen zaitut,
eta zure maitasun eta samurtasunetik,
sinistu egidazu, ez dot alde egiten!
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

Jai giroa galdu dauan nire bihotza birsortu egizu;
ona eta bihozbera zaran ezkero, emoidazu arnasaldi bat;
zuri deika dabiltzanentzat maitasunean aberatsa zaran hori,
zugana jasotzen dot nire arima urduria eta hauskorra.
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

Estualdi eta beheraldian zuri deika naukazu;
ziur nago erantzungo deustazula;
Jainko, bazterrean botata dagoen gizakiekaz arduratzen dan
zure antzekorik ez dago, hain hurrekorik ere ez.
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

Ahalguztidun bakarra zara, harrigarriak egiten dozuz gurekin,
zure samurtasun eta ontasunaren ezaugarri bat itzi egizu nire bizitzan;
zure graziaren seinale bat itzi egizu nire bihotzean,
nire sinismen ahula sendotzen joan daiten.
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

Jarri egizu nire bihotza zure izen santuaren aurrean;
Aita, nire izate guztia estutu egizu zure besoetan;
erakutsi zure bideak eta jarri nagizu zure egiaren argitan,
izan zakidaz ama baten samurtasuna bezala.
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

Eskerrak bihotzetik erantzun deustazulako;
Jainko on eta hurrekoa, zure izena beti goratuko dot;
nire egun hotz eta ilunetan ere goratuko zaitut,
egoera txarrenetan ere ondoan euki zaitudalako.
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

Zure morroia indarbarritu dozu, zure bila dabilen laguna;
ez eidazu itzi barriro ere gatxaren sareetan jausten;
indarbarritu egizu nire bihotz zoro hau,
eta zure maitasun Espiritua lagun izan dagidala.
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

Eskerrik asko, dana txarto eta urtenbiderik ikusten ez danean,
zabalik dagoan atea zaitudalako;
eskerrik asko sufritzen dagoanaren lagun zaralako,
eta bere etsipena poza bihurtzen dozulako.
Dana txarto joatanean, Jauna, izan zaitez nire lagun!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue