#
#

Salmo barriak: "KONFIANTZA - BIHOTZ APALA"


Larrialdi baterako salmoa #
#
#

Zugana, Jauna, babes bila nator;
hartu nagizu zure beso-artean.
Ez nagizu bakarrik itzi,
lotsaz eta bildurrez dardar nago-ta:
esku emoidazu.

Izan zakidaz gordeleku sendo,
nire gaztelu seguru.
Gidatu nagizu, zuzendu nire pausoak,
noraezean galduta nabil-eta.
Inguruan zabaldu deusten saretik askatu nagizu,
bertan harrapatu gura nabe-ta.

Zure eskuetan izten dot nire bizia,
nire bizitza apurtuta, birrinduta.
Erreskatatu nagizu, Jauna,
istilu gorrian nago-ta,
galduta sentitzen naz-ta.

Egiaren Jainko zaran Horrek,
emoidazu argi pixka bat, zuzendu nadin.
Zuk badakizu nire egoera larriaren barri,
eta ezagutu dozu nire bihotzaren itolarria,
askatu nagizu, zatoz azkar, atera nagizu arriskutik.

Erruki zaitez nitaz, Jauna; zatoz ondora,
neugaz batera negar egitera;
egon ere, deseginda nago,
eta nire arimea larri ere larri dago.
Gogait eraginda, begiak gorri daukadaz;
gogorik ezaz jota nago.

Nire barruak kiribilduta daukadaz,
eta ez dakit zelan urten esturaldi honetatik.
Zapalduta sentitzen naz,
baztartuta aurkitzen naz;
eta inori ere ez deuso ardura.

Ni neuretzat galdua naz,
eta neure buruak higuin emoten deust.
Lagunak neukazalakoan, eta orain, Jauna,
Zeu bakarrik gelditzen zaiataz.

Edota nire arazoetatik igesi egiten dot
edozelango bide galduetatik.
Zaborra sentitzen naz,
baztarrera botaten dan
gauzeztan tresna bat
.

Baina Zugan dot uste on, Jauna,
Zu zaralako nire Jainko, eta nik maite zaitut;
nire badaezpadako etorkizuna
zure eskuetan ipinten dot,
askatu nagizu, zabaldu egidazu bidea.

Argitu nire arpegia
zure samurtasunaz eta errukiaren argiz,
eta bizibarritu nagizu zure maitasunez.

Ene Jainko, nire larrialdian Zugaz kontatzen dot;
ez egidazu huts egin, maite zaitut-eta.
Ene Jainko, Zu beste bat zara eta holan maite nozu,
oraintxe nagoan moduan desegina.

Zein haundia dan zure ontasuna, Jauna!
Zein harrigarria zure samurtasuna!
Niretzat gorde dozu zure salbamena
eta oparitzat emoten deustazu,
zure parkamena eskeintzen deustazu.

Ni pozaren pozez lehertu egiten naz
zure pakamenaren ziurtasunez;
barriro sentitzen naz zure seme-alaba,
zure etxera sartzen eta jaialdian parte hartzen.

Bedeinkatua Zu, Jauna,
maitasunaren eta errukiaren Jainko,
larrialdietan nire laguntza bakarra;
bedekinkatua Zu, Jauna,
beste inor baino leialago
,
zure azkenbako maitasunean zintzo.

Zure harrigarrizko maitasunez bete nozu:
Bedeinkatua Zu!
Zure begi garbiz begiratu nozu:
Bedeinkatua Zu!

Sendotu, arren, gure bihotz makala, Jauna,
eta zure santutasunean izan dagidala uste on.
Eskerrak Zuri, Jauna, arnas barriz bete nozulako
eta pozik sentitzen nazalako.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue