#
#

Salmo tailerra:


37 (36). Salmoa # #
#
#

37 (36). Salmoa: ZINTZOEN ETA GAIZTOEN ZORIARI BURUZ IRAKASPENA


(1) Davidena.

Ez zaitez gaiztoengatik haserretu,
ezta gaizkileen inbidiatan egon ere,

(2) belarra bezain bizkor ihartzen baitira
eta berehalaxe zimeltzen.


(3) Izan konfiantza Jaunarengan eta egin on dena,
zeure herrialdean bizi
eta bertako aberastasunaz gozatzeko.

(4) Izan bedi Jauna zure atsegina,
eta berak emango dizu bihotzak eskatzen dizuna.


(5) Utzi Jaunaren esku zeure zoria, izan konfiantza harengan:
berak ekingo dio zure alde;

(6) goizeko argia bezain distiratsu egingo du zure zuzentasuna,
eguerdiko eguzkia bezain argitsu zure zuzenbidea.


(7) Egon lasai Jaunarengan, itxaron berarengan;
ez zaitez sutu arrakasta duenaren aurka,
maltzurkeriaz dabilenaren kontra.


(8) Utzi haserrea, baztertu sumina,
ez zaitez sutu, kalterako izango duzu eta;

(9) izan ere, kanporatu egingo dituzte gaizkileak;
herrialdeaz jabetuko dira, ordea, Jaunaz fio direnak.


(10) Itxaron pixka bat, eta kito gaiztoa,
bilatu arren, ez duzu gehiago aurkituko.

(11) Apalak izango dira herrialdearen jabe,
bake osoaz gozatuko dira.


(12) Zintzoaren kontra gaiztoa azpijokoan,
beraren aurka erakusten ditu hortzak.

(13) Baina Jaunak barre egiten du halakoaz,
bai baitaki ordua datorkiola.


(14) Ezpata atera eta uztaia tenkatzen dute gaiztoek
dohakabea eta behartsua eraisteko,
zuzen dabiltzanak hiltzeko.


(15) Baina ezpata beren bihotzean sartuko zaie
eta uztaiak apurtuko.


(16) Gehiago balio du zuzenaren apurrak
aberats gaiztoaren ugaritasunak baino,

(17) ahuldu egingo baitira gaiztoen besoak;
zintzoei, ordea, Jaunak eutsiko.


(18) Jauna arduratzen da prestuen bizitzaz
eta beren ondarearen jabe izango dira betiko.

(19) Zoritxar-egunetan ez dute porrot egingo,
gose-egunetan asebeteak izango dira.

(20) Galdu egingo dira gaiztoak;
Jaunaren etsaiak, zelaietako belar ondua bezala,
su hartu eta ketan joango dira.


(21) Gaiztoak maileguan hartu eta ez du itzultzen,
zintzoak errukitu eta eman egiten du.

(22) Jaunak bedeinkatuak izango dira herrialdearen jabe;
hark madarikatuak, berriz, betiko hondatuak.


(23) Jaunak segurtatzen ditu gizakiaren pausoak
eta atsegin duen bidetik eramaten.

(24) Estropezu egiten badu ere, ez da erortzen,
eskutik heltzen baitio Jaunak.


(25) Gazte izan nintzen, orain zaharturik nago:
ez dut sekula ikusi zintzoa bertan behera utzia,
ezta haren ondorengorik ere ogi eskean.

(26) Zintzoa beti da errukitsu eta eskuzabal,
bedeinkatuak dira haren seme-alabak.


(27) Alde gaitzetik, egin on dena,
eta beti izango duzu non bizi,

(28) zuzenbidea maite baitu Jaunak
eta ez ditu bere fededunak bertan behera uzten.
Beti izango dute babesa;
gaiztoaren ondorengotza, berriz, suntsitua izango da.

(29) Herrialdearen jabe izango dira zintzoak,
eta beti bertan biziko.


(30) Zuzenak jakinduriaz hitz egiten du,
bidezko dena esaten.

(31) Bere Jainkoaren hitza du bihotzean,
haren oinek ez dute huts egingo.


(32) Gaiztoak zelatan egoten zaizkio zintzoari,
nola hilko asmatzen.

(33) Baina Jaunak ez du haien eskuetan lagako,
epaitzen badute ere, ez du kondenatzen utziko.


(34) Itxaron Jaunarengan eta jarrai haren bideari;
berak altxatuko zaitu herrialdearen jabe izateraino
eta zeuk ikusiko duzu gaiztoaren suntsipena.


(35) Ikusi dut gaiztoa bere indarraz harropuztua,
zuhaitz mardula bezala zabaldua.

(36) Baina desagertu da, ez da jadanik,
bila ibili eta ezin izan dut aurkitu.


(37) Begira gizaki prestuari, so egin zuzenari:
badu etorkizunik bakezaleak.

(38) Errebeldeak denak batera suntsituko dituzte,
gaiztoen geroa hondatua dago.


(39) Zintzoen salbamena Jaunarengandik dator:
hura dute gotorleku arrisku-garaian.

(40) Jaunak laguntzen die eta onik ateratzen,
onik ateratzen gaiztoengandik eta salbatzen,
berarengan baitira babestu.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue