#
#

Salmo tailerra:


42 (41). Salmoa # #
#
#

42 (41). salmoa: JAINKOARENGANDIK URRUTI DAGOENAREN OTOITZA


(1) Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen poema.

(2) Basahuntza irrikaz errekara bezala,
halaxe ni zuregana, ene Jainko.

(3) Jainkoaren egarri naiz, Jainko biziaren egarri:
noiz iritsiko ni Jainkoaren aurpegia ikustera?


(4) Gau eta egun malkoak ditut janari,
jendea uneoro galdezka ari zaidala: «Non duk Jainkoa?».

(5) Bihotza urtzen zait barruan, gogora ekarriz
nola joaten nintzen tenplura, Jainkoaren etxera,
poz-oihuz eta gora-goraka, jai-giroan jendetzaren artean.


(6) Zergatik zaude, ene barrena, hain goibel?
Zergatik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan!
Goretsiko dut, bai, berriz ere, haren presentzia salbatzailea.


(7) Ene Jainko, triste dut bihotza;
horregatik zakartzat gogora
Jordan aldetik, Hermon gainetik, Mitzar menditik.

(8) Zure ur-jauzien burrunbadaren oihartzuna leizerik leize:
zure uhin eta olatu oldartsuak gainetik igaro zaizkit.

(9) Jaunak bere maitasuna bidaliko dit egunez
eta gorespen eta otoitz egingo diot gauez
nire bizia den Jainkoari.

(10) Hauxe esango diot: «Ene haitz, zergatik ahaztu nauzu?
Zergatik behar dut goibel ibili, etsaiak estuturik?».

(11) Hezurrak ere mailatuak ditut, etsaiek iseka egiten didate,
etengabe ari zaizkidala: «Non duk Jainkoa?»


(12) Zergatik zaude, ene barrena, hain goibel?
Zergatik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan!
Goretsiko dut, bai, berriz ere, haren presentzia salbatzailea.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue