#
#

Salmo tailerra:


49 (48). Salmoa # #
#
#

49. (48) salmoa: HERIOTZAN AMAITZEN DEN ABERASTASUNARI BURUZKO GOGOETA


(1) Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen salmoa.

(2) Entzun hau, herri guztiok,
egon adi, munduko biztanleok,

(3) jende xehe eta handikiok, aberats eta behartsuok!
(4) Jakinduriazko hitzak esango ditu nire ahoak,
zentzuzko gogoetak isuriko ene bihotzak.

(5) Esaera zaharrak adi entzungo ditut,
zentzu ezkutua azalduko ene zitararekin.


(6) Egun txarretan, zergatik izan beldur
inguratzen nauten maltzurren maleziari?

(7) Horiek beren ondasunetan oinarritzen dira
eta beren aberastasun handiaz harrotzen.


(8) Horra! Gizakiak ezin du bere burua salbatu,
ezta Jainkoari bere biziaren erospen-saria ordaindu ere.

(9) Garestiegia da biziaren erospen-saria
noizbait ordaindu ahal izateko.

(10) Amaigabe biziko al da, bada?
Ez al du inoiz hilobia ikusiko?

(11) Jakina da jakintsuak ere hiltzen direla,
zentzugabe eta inozoak bezalaxe desagertzen,
beren ondasunak besterentzat utziz.

(12) Lurrei ere beren izenak eman zizkieten arren,
hilobia izango dute betiko etxe,
han egongo dira amairik gabe.


(13) Bere ohore guztiekin ere, gizakiak ez du irauten,
akabatu egiten da, animalien antzera.

(14) Hona hemen beren buruaz fio direnen zoria,
asebeterik bizi direnen azkena:

(15) Hildakoen Egoitzara eramango dituzte ardiak bezala,
Herioa izango dute artzain.
Zuzen-zuzenean jaitsiko dira hilobira,
haien arrastoa ezabatu egingo da
eta Hildakoen Egoitza izango dute bizileku.

(16) Baina Jainkoak bizirik askatuko nau ni
Herioaren eskupetik, eta berekin eramango.


(17) Ez beldur izan norbait aberasten bada,
bere etxeko ondasunak areagotzen baditu;

(18) hiltzean, ez du ezer berekin eramango,
aberastasunak ez dio jarraituko.

(19) Bizi zenean, hala ederresten zion bere buruari:
«Txaloka ari zaizkit, dena ongi doakidalako!»

(20) Bere arbasoen artera joango da,
sekula berriro argirik ikusiko ez dutenengana.


(21) Gizaki aberatsa eta zentzugabea
akabatzen diren animalien antzeko da.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue