#
#

Salmo tailerra:


69 (68). Salmoa # #
#
#

69 (68). Salmoa: JAINKOZALE ATSEKABETU ETA ERASOTUAREN OTOITZ LARRIA


(1) Koru-zuzendariarentzat. «Liliak» doinuan. Davidena.

(2) Salba nazazu, ene Jainko: leporaino ditut urak.
(3) Istinga sakonean murgiltzen ari naiz,
eta oinak non tinkaturik ez.
Ur handietan nago sartua, eta korronteak narama.

(4) Akitua nago deiadarka, errea daukat eztarria,
lausoturik begiak, ene Jainkoaren zain eta zain.


(5) Buruko ileak baino gehiago dira
arrazoirik gabe gorroto didatenak,
nire tximak baino ugariago nire erasotzaileak,
nire etsai gezurtiak.
Lapurtu ez dudana itzuli behar ote dut?

(6) Ene Jainko, ezagutzen duzu nire zabarkeria,
ez daude zuretzat ezkutuan nire hutsegiteak.

(7) Jauna, Jaun ahalguztiduna,
ez biezaie nire erruz usteak huts egin
zuregan konfiantza dutenei;
ez nadila lotsabide gerta zuregana jotzen dutenentzat,
oi Israelen Jainkoa!

(8) Zuregatik jasan ditut irainak,
zuregatik estali dit lotsak aurpegia.

(9) Arrotz gertatua naiz neure senideentzat,
ezezagun neure amaren seme-alabentzat.


(10) Zure tenpluaren maiteminak erretzen nau,
zure kontrako irainak datozkit gainera.

(11) Barau eginez penatzen banaiz,
iraina besterik ez dut jasotzen;

(12) dolu-jantzia hartzen badut, irri-lelo bihurtzen naiz.
(13) Plazan eserita, marmarka ari zaizkit,
mozkorrek koplak ateratzen dizkidate.


(14) Jauna, zuri degizut otoitz: Jauna, egidazu orain mesede!
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure egiazko salbamenaz.

(15) Atera nazazu lokatzetik, ez nadila murgil;
libra nazazu gorroto didatenengandik eta ur handietatik!

(16) Ez nazala ur-korronteak eraman,
ez nazala zurrunbiloak irentsi,
ez nadila putzuan itxita geldi!


(17) Erantzun, Jauna, zeure maitasun zoragarriaz,
bihur niregana begiak zeure erruki handiaz.

(18) Ez ezkuta aurpegia zeure morroi honi,
erantzun laster, larri naiz eta.

(19) Hurbil zakizkit, defenda nazazu,
askatu etsaien eskutik.


(20) Badakizu nola iraintzen nauten,
nola desohoratu eta lotsarazten;
ongi ezagunak dituzu nire etsaiak.

(21) Irainek bihotza urratu didate, guztiz adorerik gabe nago.
Ezbeharrean laguntza espero nuen, baina alferrik;
kontsolatzaileak, baina ez ditut aurkitu.

(22) Janaritan pozoia jarri didate,
egarriarentzat ozpina edaten eman.


(23) Gerta bekie beren otordua tranpa,
beren segurtasuna sare.

(24) Lauso bitez haien begiak eta itsutu,
ahul bekie gerria betiko!

(25) Hustu zeure sumina haien gainera,
jo bitza zure haserre-suak!

(26) Bihur bedi haien kanpalekua basamortu,
geldi bitez inor gabe haien bizilekuak!

(27) Zuk jo duzunari eraso egiten baitiote,
zuk zaurituaren oinazeaz hitz eta berba.


(28) Ordainarazi beren erruak banan-banan,
ez bezate sekula zure barkamenik ikus!

(29) Ezaba itzazu biziaren liburutik,
ez sailkatu zintzoen zerrendan!


(30) Ni, berriz, gizagaixo atsekabetu hau,
indarberri nazala, oi Jainko, zure salbazioak.

(31) Orduan, Jainkoaren izena kantuz goretsiko dut,
esker onez handietsiko.

(32) Atseginago izango zaio Jaunari zezena baino,
adardun eta azkazaldun zekorra baino.


(33) Ikusazue, apalok, eta poztu;
izan bihotz, Jainkoarengana jotzen duzuenok!

(34) Entzuten baitie Jaunak bere behartsuei,
ez ditu baztertzen berari atxikiak daudenak.


(35) Gorets bezate zeru-lur eta itsasoek
eta bertan bizi diren guztiek.

(36) Bai, Jainkoak salbatuko du Sion,
berriro eraikiko Judako hiriak.
Beraietan biziko dira eta haien jabe izango.

(37) Jainkoaren zerbitzarien ondorengoak izango dira oinordeko,
hura maite dutenak biziko bertan.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue