#
#

Salmo tailerra:


89 (88). salmoa # #
#
#

89 (88). Salmoa: JAUN AHALTSUARI GORAZARREA. DAVIDI EGINIKO AGINTZARIAREN OROITZAPENA


(1) Etan ezratarraren poema.

(2) Jauna, beti kantatuko ditut zure maitasun-egintzak,
gizaldiz gizaldi iragarriko leial zarela.

(3) Bai, ziur nago: zure maitasunak eratu zuen zerua,
zerua bezain tinko ezarria da zure leialtasuna.


(Jaunak)
(4) «Neure aukeratuarekin ituna egin nuen,
David neure zerbitzariari zin eginez:

(5) “Tinko ezarriko dut betiko zure errege-jatorria,
sendo sekulako zure tronua”».


(Jainko paregabeari gorazarrea)
(6) Zeruetan zure agintzari miragarria goresten dute, Jauna,
aingeruen batzarrean zure leialtasuna.

(7) Nor han goian Jaunaren pareko?
Nor jainkoen artean Jauna bezalako?


(8) Beldurgarri da Jainkoa aingeruen kontseiluan,
handi eta ikaragarri inguruko guztientzat.

(9) Jauna, Jainko ahalguztiduna, nor zu bezalakorik?
Ahaltsu da Jauna, leialtasunez jantzia!

(10) Zuk menderatzen duzu itsaso arrandiatsua,
zuk baretzen uhin harrotuak.

(11) Zuk zulatu zenuen eta sarraskitu itsas munstroa,
zuk sakabanatu beso bizkorrez etsaiak.

(12) Zeurea duzu zerua, zeurea lurra,
zuk ezarri zenuen sendo mundua eta bertako guztia.

(13) Zuk egin zenituen Iparra eta Hegoa;
Tabor eta Hermon mendiek poz-oihu dagite zure aurrean.

(14) Indartsua da zure ezkerra, garailea zure eskuina.
(15) Justizia eta zuzenbidea zure erregetzaren oinarri,
maitasuna eta leialtasuna doaz zure aurretik.


(16) Zoriontsua zu pozik goresten dakien herria!
Zure argitan ibiliko da, Jauna:

(17) zure aurrean alaitzen da egunero,
zure justizia du bozkario.

(18) Bai, zu zaitugu ospe eta indar,
zure onginahiak egiten gaitu garaile.

(19) Bai, Jauna da gure babeski, Israelgo santua gure errege!

(Jaunak Davidi agintzaria)
(20) Behinola, ikuskari bidez mintzatuz,
zeure fededunei esan zenien:
«Gerlariaren ordez mutikoa jarri dut errege,
gudarostearen gainetik gaztea jaso.

(21) David neure zerbitzaria aurkitu dut
eta neure olio santuaz sagaratu.

(22) Nire eskuak sendo eutsiko dio, nire besoak indartsu egingo».

(23) «Etsaiak ez du engainatuko, ez gizatxarrak makurtuko.
(24) Bere aurrean zapalduko dizkiot etsaiak
eta gorroto diotenak joko.

(25) Nire leialtasuna eta maitasuna berekin izango ditu,
nire laguntzak garaile egingo du.

(26) Itsasoraino zabalduko dut haren aginpidea,
Eufrates ibairaino haren boterea.


(27) «Hark esango dit: “Zu nire aita,
nire Jainko, nire harkaitz salbatzailea!».

(28) Eta nik neure lehen-seme egingo dut,
munduko erregerik handien.

(29) Leial izango natzaio betiko,
harekin dudan itunari sendo eutsiko.

(30) Betiko ezarriko dut haren errege-jatorria,
zerua bezain iraunkor egingo haren tronua.


(31) «Haren semeek nire irakaspena bazterrera uzten badute
eta nire zuzenbideari jarraitzen ez,

(32) nire arauak hausten badituzte
eta nire aginduak gordetzen ez,

(33) makilaz zigortuko dut haien errebeldia,
esku zorrotzez haien erruak.

(34) Baina ez diot kenduko Davidi neure maitasuna,
ezta ukatuko ere neure leialtasuna.

(35) Ez dut urratuko neure ituna,
ezta jango ere eman nuen hitza.

(36) Behin betiko egin dut zin neure buruarengatik,
eta ez natzaio sekula Davidi desleial izango.

(37) Haren errege-jatorriak betiko iraungo du,
haren tronuak nire aurrean eguzkiak adina,

(38) zeruan lekuko hutsezin bezala ezarririk
betiko dirauen ilargiak adina».


(Erregearen hondamenagatik deitorea)
(39) Orain, ordea, zeure sagaratuarekin haserreturik,
baztertu egin duzu eta mespretxatu.

(40) Zeure zerbitzariarekin zenuen ituna ukatu egin duzu,
haren koroa hankapean zanpatu,

(41) haren harresi guztiak zulatu, gotorlekuak hondakin bihurtu.
(42) Handik igarotzen direnek lapurreta degiote,
auzoko guztiek iseka.

(43) Haren etsaiei indarra bizkortu diezu eta garaipena eman.
(44) Hari, berriz, ezpata-ahoa ere kamustu, eta borrokan eutsi ez;
(45) errege-makila distiratsua kendu diozu eta tronua lurrera irauli.
(46) Haren gaztaroko urteak laburtu eta lotsa gorriz bete duzu.

(47) Noiz arte, Jauna? Betiko al zaude ezkutuan?
Betiko al dago zure haserrea su eta gar?

(48) Oroit zaitez nire ezbeharraz, nire bizitzako egun laburrez!
Zein huts egin dituzun gizakiak!

(49) Nor biziko da heriotzarik ikusi gabe?
Nork ihes egin Herio Leizearen atzaparretatik?


(50) Non dira, Jauna, antzinako zure maitasun-egintzak,
Davidi zin eginez hitzeman zenion leialtasuna?

(51) Gogoan har, Jauna, zeure zerbitzari iraindua,
herriengandik jasan behar ditudan hainbat eztenkada!

(52) Zure etsaiak irainka ari dira, Jauna,
zuk errege sagaratuari nonahi irainka.


(53) Bedeinkatua Jauna beti! Amen. Amen.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue