#
#

Salmo tailerra:


90 (89). salmoa # #
#
#

90 (89). Salmoa: BIZITZAREN IHESKORTASUNA. GOGOETA ETA OTOITZ ITXAROPENTSUA


(1) Moises Jainkoaren gizonaren otoitza.

Jauna, zu izan zaitugu babesleku gizaldiz gizaldi.
(2) Mendiak jaio baino lehen,
lurra eta mundua sortu baino lehen,
Jainko zara zu betidanik eta betiko.


(3) Gizakia hauts bihurtzen duzu,
esanez: «Itzul lehenera, gizakiok!».

(4) Bai, mila urte zuretzat
atzo igaro zen egunaren pareko,
gau-ordu baten pareko.

(5) Hor daramatzazu gizakiak,
goizaldean ametsak bezala;
belarra bezala ernetzen dira:

(6) goizean erne eta loratzen;
arratsaldean, berriz, zimeldu eta ihartzen.


(7) Zure haserreak akiturik gauzka,
zure suminak ikara bizian.

(8) Zeure aurrean ipini dituzu gure erruak,
zeure begi-argitan gure bekatu ezkutuak.

(9) Zure suminez akitzen dira gure egun guztiak,
hasperen batean amaitzen gure urteak.

(10) Gure bizitza hirurogeita hamar urte,
onenean ere laurogei:
gure bizi-lehia neke eta atsekabe huts;
bizitza arin doa, hegan goaz!


(11) Nork ezagutzen du zure haserrearen indarra?
Nork dio aski beldur zure suminari?

(12) Erakutsiguzu geure egunen kontua eramaten,
jakinduriaren erdi-muinaz jabe gaitezen.


(13) Itzul zakizkigu, Jauna! Noiz arte haserre?
Erruki zeure zerbitzarioi!

(14) Ase gaitzazu goizero zeure maitasunaz,
bizitza guztia poz-oihuz zorionean igaro dezagun.

(15) Eman zoriona orain arteko egun estuen ordez,
ikusi ditugun urte gorrien ordez.

(16) Zure zerbitzariok ikus dezagula zure ekintza,
eta gure seme-alabek zure nagusitza!


(17) Guregana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, gozoa!
Burutu bitza ongi gure eginbeharrak,
burutu ongi gure eginbehar guztiak!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue