#
#

Salmo tailerra:


18. (17.) Salmoa # #
#
#

18. (17.) Salmoa: ERREGE GARAILEAREN GORATZARREA


(1) Koru-zuzendariarentzat. David Jaunaren zerbitzariarena. Jaunak bere arerio guztietatik eta Saulen eskuetatik askatu ebanean, goratzarre hau kantatu eutson Davidek.

(2) Maite zaitut, Jauna, nire indar!
(3) Jauna da nire harkaitza, nire kerizpea, bera nire askatzailea;
ene Jainko, nire aterpe babesgarria,
nire atx eta indar salbatzailea, nire gordelekua.

(4) Goratua zu! Dei egin neutson Jaunari,
eta arerioengandik salbatu ninduen.


(5) Herio-lokarriek estutu ninduen,
uholde gaiztoek ikaratu;

(6) Herio Leizeko lokarriek ninduen lotu,
herio-sareek harrapatu.

(7) Larrialdian dei egin neutson Jaunari, deadar ene Jainkoari.
Eta entzun eban bere tenplutik nire deia,
haren belarrietaraino heldu zan nire deadarra.


(8) Ikaratu zan lurra eta dardaratu, mendien oinarriak mugitu,
Jainkoaren haserreak astindu zituelako.

(9) Kea erion sudurretik,
su kiskalgarria, ikatz goriak ahotik.

(10) Ireki eban zerua eta jatsi zan,
oinpean hodei-lainoa ekarren.

(11) Hegan joian hegodun izakien gainean,
haize-hegoetan agertu zan.

(12) Gordelekutzat hartu zituen ilunpeak,
etxola lez bere inguruan hodei-laino euritsuak.

(13) Haren aurreko distiraz,
tximista eta sugarrezko ikatz gori
bihurtzen ziran hodeiak.


(14) Ortzitik trumoia joarazi eban Jaunak,
deadar egin Goi-goikoak:
tximista eta ikatz goriak sugarretan!

(15) Geziak jaurtiz sakabanatu zituen,
tximista eginez ihes eragin.

(16) Itsas barrua agertu zan,
lurraren oinarriak agerian ipini
Jaunaren orroaz, haren hasarre-txistuaz.


(17) Goitik eskua luzatuz hartu ninduen
eta uholdetik atera.

(18) Arerio indartsuagandik salbatu ninduen,
ni baino indartsuago ziran arerioengandik.

(19) Lur jota nengoenean eraso eusteen,
baina Jauna izan neban euskarri.

(20) Zabalera atara ninduen, maite naualako libratu.
(21) Neure zuzentasunaren ordaina emon deust Jaunak,
neure jokabide garbiaren saria.

(22) Jaunaren bideari jarraitu deutsodalako,
ez naz Jainkoarengandik urrindu.

(23) Haren agindu guztiak aurrean izan ditut beti,
ez naz aldendu haren arauetatik.

(24) Haren aurrean zintzo izan naz,
ez dot batere pekaturik egin.

(25) Neure zuzentasunaren ordaina emon deust Jaunak,
bere begien aurrean garbi jokatu dot eta.


(26) Leialarentzat leial zara, zintzoarentzat zintzo,
(27) asmo garbikoarentzat garbi, asmo txarrekoarentzat zorrotz.
(28) Zuk dozu herri zapaldua salbatzen
eta harroputzen haundikeria makurtuazoten.

(29) Zuk egiten deustazu argi, zuk, Jauna, ene argi-zuzi horrek;
ene Jainko, zuk argitzen dozu nire ilunpea.

(30) Zure laguntzaz ihes egiten deutsot gudari-taldeari,
zurekin, ene Jainko, harresiak igarotzen gainetik.


(31) Jainkoaren bidea on-ona, Jaunaren hitza sinisgarria.
Bera da harengana joten dabenen babesa.

(32) Nor da Jainko, Jauna izan ezik?
Nor harkaitz babesle, gure Jainkoa izan ezik?

(33) Jainkoak indarrez janzten nau, bide zuzenetik ibilarazten.
(34) Oreinarenak lako oinak emon deustaz,
eta neure tontorretan sendo nau ipini.

(35) Gertatzen deustaz eskuak gudurako,
eta besoak brontzezko uztaia estutzeko.

(36) Babeskiak lez gorde nozu eta salbatu,
zure eskuak eutsi deust; erantzun deustazu eta indartsu egin.

(37) Bidea zabalagotu deustazu eta nire oinak ez dira estropezatu.

(38) Arerioen atzetik joan eta harrapatu,
eta ez nintzan itzuli danak hondatu arte.

(39) Desegin nituen, ezin izan ziran barriro jagi,
nire oinazpira jausi ziran.

(40) Indarrez jantzi ninduzun gudurako,
menpean ipini zeunstazan arerioak.

(41) Nire arerioak ihesean ipini zenduzan,
gorroto ninduenak hondatu nituen.

(42) Deadar egin eben, baina inork salbatu ez;
Jaunarengana jo, baina harek entzun ez.

(43) Haizeak daroan hautsa lez azpiratu nituen,
kaleko lokatza lez oinpean zapaldu.


(44) Ene herriaren nahasteetatik atara ninduzun,
atzerritarren buruzagi izendatu.
Herri ezezaguna ipini jatan zerbitzari,

(45) entzuten eusteen eta esana betetzen,
arrotzek leun-leun hartzen ninduen.

(46) Atzerritarrak kikildu egin ziran,
eta euren gordelekuetatik dardaraka urten.


(47) Gora Jauna, bedeinkatua ene harkaitza!
Goratua ene Jainko salbatzailea!

(48) Ene Jainko, onbidea erakutsi deustazu,
herriak menpean ipini deustazuz.

(49) Arerioengandik libratu nozu,
eraso-egileen gainetik ipini,
gizon bihotz-gogorrakandik askatu.

(50) Horregaitik, Jauna, atzerritarren artean goresten zaitut,
zure omenez kantatzen dot.

(51) Garaipen haundiak emon deutsoz bere erregeari,
maitasunez jokatu dau bere igurtzituarekin
Davidekin eta bere ondorengoekin betiko.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue