#
#

Salmo tailerra:


22. (21.) Salmoa # #
#
#

22. (21). Salmoa: LARRIALDIKO DEIADARRA ETA ESKER ONEKO KANTUA


(1) Koru-zuzendariarentzat. «Egunsentiko basahuntza» doinuan. Daviden salmoa.

(2) Ene Jainko, ene Jainko, zergaitik itzi nozu?
Zergaitik ez dozu entzuten nire deadarra eta kexua?

(3) Egunez deika naiabiltzu, ene Jainko, eta zuk erantzunik ez;
baita gauez ere, eta bakerik ez dot.


(4) Zu, ostera, santutegian bizi zara,
Israelen gorespenak hartuz.

(5) Gure gurasoak zurekin fidatu ziran;
fidatu ziran, eta zuk libratu.

(6) Deadar egin eutsuen eta zuk askatu;
zurekin fidatu, eta ez eutsen usteak huts egin.


(7) Ni, barriz, har naz eta ez gizaki,
jendeak iraindua, herriak mesprezatua.

(8) Ikusten nabenak burla egiten deuste,
keinuka eta zeinuka.

(9) «Jaunarengana jo dau; libratu dagiala!
Salbatu dagiala, hainbeste maite badau!».


(10) Zuk atara nozu amaren sabeletik,
lasai euki haren bularrean.

(11) Zure esku nago jaiotzatik,
zu zaitut Jainko amaren sabeletik.


(12) Ez egon niregandik urrin, hurrean dodalako arriskua,
eta ez dot nork lagundurik.

(13) Etsaiak inguratzen nabe,
zezen-talde haundia bailitzan,
basapizti izugarriak bailitzan;

(14) ahoa zabalik dabe nire kontra,
lehoi harraparien gisa orroka.

(15) Badoaz nire indarrak, ur isuria irudi;
koloka ditut hezur guztiak,
urtzen jabilt bihotza, argizaria irudi.

(16) Indarbarik nago, teilea lez lehor,
ahosabaiari lotuta dot mihina,
hilobi-hautsetaraino ekarri nabe.


(17) Gaizkile-multzoak inguratu nau,
txakur-taldeak erdian hartu,
esku-oinak zulatu deusteez.

(18) Hazur eta azal gelditu naz!
Hareek adi-adi begiratzen deustee.

(19) Nire jantziak banatzen dabez,
nire soinekoa zotz egiten.

(20) Baina zu, Jauna, ez egon urrin!
Ene indar, lagundu! Ez luzatu!

(21) Libratu nagizu ezpataz hila izatetik,
atara nire bizi hau txakur horreen atzaparretatik.

(22) Salbatu nagizu lehoiaren ahotik,
bufaloen adarretatik.

Erantzun didazu!

(23) Hitz egingo deutset zutaz neure senideei,
goretsiko zaitut batzarraren erdian.

(24) «Goretsazue Jauna, begirune deutsezuenok!
Emoiozue ohore, Jakoben ondorengo guztiok!
Gurtu egizue, israeldarrok!».

(25) Jaunak ez dau mesprezatu,
ez dau gitxietsi gizajoaren zorigaitza,
ez dau harengandik aurpegia alboratu:
entzun deutso deadarra.

(26) Zeuk eraginik, goretsiko zaitut batzar haundian,
neure promesak beteko ditut
begirune deutsuenen aurrean.

(27) Asetzeraino jango dabe behartsuek,
Jauna goretsiko haren bila ahalegintzen diranak.
Ez galdu adorea sekula!


(28) Jaunagaz oroituko dira lurreko herri guztiak
eta harengana itzuliko;
haren aurrean ahuspeztuko dira herrietako familia guztiak.

(29) Jauna errege da, herri guztien nagusi!
(30) Hari ahuspeztuko jakoz lurpean lo dagozanak,
haren aurrean makurtuko hilobira jaitsiak,
Jainko garaileak bizibarritu egiten dauzelako.



(31) Nire ondorengoak Jauna gurtuko dabe,
Jaunatzaz hitz egingo deutse ondorengo gizaldiei,

(32) haren egintza salbagarria adieraziko
sortzeko dagoen herriari.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue