#
#

Salmo tailerra:


35 (34). Salmoa # #
#
#

35 (34) Salmoa: ERASOTZAILEEN KONTRA, JUSTIZIA ESKE


(1) Davidena.

Salatu, Jauna, salatzen nabenak;
borrokatu, borrokatzen nabenak.

(2) Eskuko eta soineko armak hartu,
eta zatoz ni laguntzera.

(3) Erabili lantza eta aizkora,
aurrean narabilenei aurre egiteko,
eta esaidazu: «Neu nozu salbatzaile!».

(4) Huts egiezu eta lotsatuazo ni hilteko dabizanak.
Atzera egin begie, lotsa gorritan,
ni nondik hondatuko dabizanak.

(5) Izan beitez haizeak daroan lastoaren antzeko,
zure aingeruak kanpora jaurtitzean!

(6) Izan bedi ilun eta laban hareen bidea,
zure aingeruak atzetik joatean!


(7) Arrazoi barik, tranpa jarri deustee;
motibo barik, zuloa zabaldu.

(8) Betorkie ganera ustebako hondamendia!
Harrapatu daizala jarri daben tranpak
eta jausi daitezala eurak egindako zuloan!


(9) Orduan, Jaunarekin poztuko naz,
salbatu naualako poz-pozik izango.

(10) Bihotz-bihotzetik esango dot: «Nor zu lakorik, Jauna?
Makala askatzen dozu indartsuagoaren eskutik,
errukarri eta behartsua, zapaltzaileagandik».


(11) Lekuko bihozbakoak altxatzen jataz,
eta jakin ere ez dakidazanak leporatzen.

(12) Onaren ordain txarra emoten deustee,
eta lur jorik izten.

(13) Ni, ostera, hareek gaixo egozanean,
zakuz jantzita ibilten nintzan,
neure gorputza barauaz zigortzen neban
eta neure barruan otoitz eta otoitz egiten.

(14) Adiskide eta senideak lez nituen,
eta aurpegi-ilun eta burumakur ibilten nintzan,
amaren hiletak banituen lez.

(15) Baina nik laban egitean, pozik batu dira,
nire kontra batu dira joka,
zergaitik ez dakidala larrutzen nabe,
etenbarik irainduz.

(16) Irri eta barre egiten eben nire lepotik
eta aginak erakusten.


(17) Jauna, noiz arte egon behar dozu begira?
Askatu nire bizia hareen tranpetatik!
Askatu nagizu lehoi horreengandik!

(18) Eskerrak emongo deutsudaz batzar nagusian,
jendetzaren aurrean zaitut goratuko.


(19) Ez dagiela nire lepotik barrerik egin
nire arerio maltzurrak!
Ez dagiela begi-keinuka jardun
arrazoi barik gorroto deusteenak!

(20) Ez dabe inoiz bakezko hitzik;
lurraldeko jende baketsuaren aurk
makurkeriak asmatzen dabez.

(21) Nire aurka ahozabal, honela dinoe:
«Hara, guk geuk ikusi dogu!».


(22) Ikusi dozu, Jauna! Ez isildu!
Jauna, ez egon niregandik urrin!

(23) Esnatu eta zatoz nire eskubidearen alde,
jokatu auzian nire alde, nire Jaun eta Jainko!

(24) Egidazu zuzentasuna zeure zuzentasunari dagokionez,
nire Jainko Jauna!
Ez dagiela nire lepotik barre egin!

(25) Ez dagiela pentsatu: «A zer gozamena!».
Ez dagiela esan: «Iruntsi egin dogu!».

(26) Lotsa gorritan gelditu beitez, danak batera,
nire zoritxarraz pozten diranak!
Lotsaz eta noraezean geratu beitez
nire aurka harro ebiltzanak!


(27) Alaitu beitez eta poz-oihuka ekin
nire eskubideen alde dagozanak!
Behin eta barriro esan begie: «Haundia da Jauna!
Bere morroiari zoriona opa izan deutso».

(28) Eta nire mihinak zure zuzentasuna iragarriko dau,
egunero zu goratuko!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue