#
#

Salmo tailerra:


37 (36). Salmoa # #
#
#

37 (36). Salmoa: ZINTZOEN ETA GAIZTOEN ZORIARI BURUZ IRAKASPENA


(1) Davidena.

Ez zaitez gaiztoengaitik hasarratu,
ezta gaizkileen inbidiatan egon ere,

(2) bedarra lez laster igartuko dira
eta bat-batean zimeltzen.


(3) Izan konfiantza Jaunarengan eta egin on dana,
zeure herrialdean bizi
eta bertako aberastasunaz gozatzeko.

(4) Izan bedi Jauna zure atsegina,
eta berak emongo deutsu bihotzak eskatzen deutsuna.


(5) Itzi Jaunaren esku zeure zoria, izan konfiantza harengan:
berak jardungo dau zure alde;

(6) goizeko argia lakoa disdiratsu egingo dau zure zuzentasuna,
eguerdiko eguzkia lakoa argitsu zure zuzenbidea.


(7) Egon lasai Jaunarengan, itxaron berarengan;
ez zaitez sutu arrakasta dauanaren aurka,
maltzurkeriaz dabilenaren kontra.


(8) Itzi hasarrea, baztertu sumina,
ez zaitez sutu, kalterako izango dozu eta;

(9) izan ere, kanporatu egingo dabez gaizkileak;
herrialdeaz jabetuko dira, ostera, Jaunagan ustea dabenak.


(10) Itxaron pixka bat, eta kito gaiztoa,
bilatu arren, ez dozu gehiago aurkituko.

(11) Apalak izango dira herrialdearen jabe,
bake osoaz gozatuko dira.


(12) Zintzoaren kontra gaiztoa azpijokoan,
beraren aurka erakusten ditu hortzak.

(13) Baina Jaunak barre egiten dau halakoaz,
badakielako ordua datorkiola.


(14) Ezpatea atara eta uztaia gertu dabe gaiztoek
dohakabea eta behartsua garbitzeko,
zuzen dabizanak hilteko.


(15) Baina ezpatea beren bihotzean sartuko jake
eta uztaiak apurtuko.


(16) Gehiago balio dau zuzenaren apurrak
aberats gaiztoaren ugaritasunak baino,

(17) ahuldu egingo dira-ta gaiztoen besoak;
zintzoei, ostera, Jaunak eutsiko.


(18) Jauna arduratzen da zintzoen bizitzaz
eta euren ondarearen jabe izango dira betiko.

(19) Zoritxar-egunetan ez dabe porrot egingo,
gose-egunetan asebeteak izango dira.

(20) Galdu egingo dira gaiztoak;
Jaunaren etsaiak, zelaietako bedar ondua lez,
su hartu eta ketan joango dira.


(21) Gaiztoak besteenetik hartu eta ez dau itzultzen,
zintzoak errukitu eta emon egiten dau.

(22) Jaunak bedeinkatuak izango dira herrialdearen jabe;
harek madarikatuak, barriz, betiko hondatuak.


(23) Jaunak segurtatzen ditu gizakiaren pausoak
eta atsegin dauan bidetik eroaten.

(24) Estropezu egiten badau ere, ez da jausten,
eskutik heltzen deutsolako Jaunak.


(25) Gazte izan nintzan, orain zaharturik nago:
ez dot sekula ikusi zintzoa bertan behera itzia,
ezta haren ondorengorik ere ogi eskean.

(26) Zintzoa beti da errukitsu eta eskuzabal,
bedeinkatuak dira haren seme-alabak.


(27) Alde gaitzetik, egin on dana,
eta beti izango dozu non bizi,

(28) zuzenbidea maite dau-ta Jaunak
eta ez ditu bere fededunak bertan behera izten.
Beti izango dabe babesa;
gaiztoaren ondorengotza, barriz, ezereztua izango da.

(29) Herrialdearen jabe izango dira zintzoak,
eta beti bertan biziko.


(30) Zuzenak jakinduriaz hitz egiten dau,
bidezko dana esaten.

(31) Bere Jainkoaren hitza dau bihotzean,
haren oinak ez dabe huts egingo.


(32) Gaiztoa adi-adi dago zintzoari begira,
zelan hilko asmatzen.

(33) Baina Jaunak ez dau hareen eskuetan itziko,
epaitzen badabe ere, ez dau kondenatzen itziko.


(34) Itxaron Jaunarengan eta jarraitu haren bideari;
berak altxatuko zaitu herrialdearen jabe izateraino
eta zeuk ikusiko dozu gaiztoaren hondamendia.


(35) Ikusi dot gaiztoa bere indarraz harropuztuta,
zuhaitz mardula lez zabaldua.

(36) Baina desagertu da, ez da jadanik,
bila ibili eta ezin izan dot aurkitu.


(37) Begiratu gizaki jatorra, zaindu zuzena:
badau etorkizunik bakezaleak.

(38) Bihurriak danak batera hondatuko dabez,
gaiztoen geroa apurtuta dago.


(39) Zintzoen salbamena Jaunarengandik dator:
bera dabe gotorleku arrisku-garaian.

(40) Jaunak laguntzen deutse eta onik ateratzen,
onik ateratzen gaiztoengandik eta salbatzen,
berarengan diralako babestu.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue