#
#

Salmo tailerra:


44 (43). Salmoa # #
#
#

44 (43). salmoa: HERRI ZAPALDUAREN EROSTAK


(1) Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen poema.

(2) Oi Jainko, geure belarriz entzuna dogu, gurasoak kontaturik,
zuk hareen garaian, aspaldi haretan, eginaren barri.

(3) Zeure eskuaz kanpora bota zenduzan beste nazinoak,
gure gurasoak bertan landatzeko;
beste herriak gogor jo zenduzan,
gure gurasoak bertan haziarazteko.

(4) Ez ziran euren armei esker nagusitu lurraldeaz,
ez eben euren indarrari esker lortu garaipena,
zure ahalmenari eta indarrari
eta presentzia argitsuari esker baino, maite zenduzalako.


(5) Zuk, ene Jainko eta ene Errege,
zuk eskuratzen deutsozu Israeli garaipena!

(6) Zuri esker jo ditugu arerioak,
zure bidez zapaldu erasotzaileak.

(7) Konfiantza ez geunkan uztaian jarrita,
garaipena ez euskun ezpateak emoten.

(8) Zuk egin ginduzun arerioen garaile,
zuk itzi zenduzan gorroto deuskuenak lotsagarri.

(9) Zu goresten zintugun egunero, Jainko,
zu ospatzen etenbarik.


(10) Orain, ostera, baztertu egin gaituzu eta lotsatuazo,
orain ez zara joaten gure gudarostearekin gudura.

(11) Arerioen aurrean ihes eragin deuskuzu,
eta gorroto deuskuenak narrutu egiten gaitue.

(12) Hilteko ardiak lez emon gaituzu,
beste nazionen artean sakabanatu.

(13) Zeure herria hutsean saldu dozu,
irabazi barik saldu ere.

(14) Auzoko herrien lotsagarri egin gaituzu,
ingurukoen burla eta barregarri.

(15) Nazinoen irri-lelo egin gaituzu, herrien ahogozagarri.
(16) Begi aurrean dot beti neure desohorea,
lotsaz gorri aurpegia,

(17) mespretxu eta irainak dirala eta,
mendeku bila dabilen arerioa dala eta.


(18) Guzti hori gertatu jaku, zu ahaztu ez zaitugun arren,
zure itunari huts egin ez deutsogun arren.

(19) Gure bihotza ez da zuregandik urrindu,
ez gure pausoak zuregandik okertu.

(20) Eta holan ere, txakurtegira bota gaituzu
eta herio-ilunpean murgildu.

(21) Geure Jainkoa ahaztu bagendu
eta beste jainkoengana besoak luzatu,

(22) konturatuko zan, bai, Jainkoa,
bihotz-zoko ezkutuenak ere ezagutzen dituena.

(23) Baina ez, zuregaitik egunoro hilzorian gaukeez,
hilteko ardiak lez garabilez.


(24) Izartu, Jauna! Zergaitik zagoz lo?
Ekin! Ez gu betiko zapuztu!

(25) Zergaitik ezkutatzen deuskuzu aurpegia
eta gure zoritxarra eta larrialdia ahazten?

(26) Lur jota gagoz, hautsetan narraska.

(27) Zutundu eta zatoz laguntzera!
Askatu gaizuz zeure maitasun leialarengaitik!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue