#
#

Salmo tailerra:


50 (49). Salmoa # #
#
#

50. (49) salmoa: JAINKOAK GOGOKO DAUAN SAKRIFIZIOA


(1) Asafen Salmoa.

Jaunak, jainkoen Jainkoak egiten dau berba,
mundu osoari batzarrera dei egiten deutso
eguzkiaren sorlekutik sarlekura.

(2) Siondik, edertasun beteko menditik,
Jainkoa distiraz agiri da.

(3) Badator gure Jainkoa, eta ez isilean:
su kiskaltzailea aurretik, ekaitz zakarra inguruan.

(4) Goitik dei egin deutse zeru-lurrei
bere herriarekin dauan auzian lekuko izatera:

(5) «Batu egizuez nire adiskideak,
opariak eskeiniz nirekin ituna egin dabenak».

(6) Iragarri begi zeruak Jainkoaren zuzentasuna.
Jainkoa bera da epaile!


(7) «Entzun, Israel, ene herri,
zure kontra egingo dodan autorpena.
Neu naz Jainkoa, zure Jainkoa!

(8) Ez zaitut salatzen zeure sakrifizio eta erre-opariengaitik:
aurrean ditut beti.

(9) Baina ez deutsut eskatzen zeure kortako zekorrik,
ez zeure eskortako akerrik,

(10) neureak dodazalako basoetako piztiak
eta mendi garaietako abereak.

(11) Mendiko hegazti guztiak ezagutzen ditut,
landan bizi dan guztia neurea dot.

(12) Gose banintz, ez neuskizu zuri eskatuko,
neurea dodalako mundua eta bertako guztia.

(13) Zekorren okela jaten dodala uste ete dozu,
edota akerren odola edaten?

(14) Eskaini gorespena sakrifiziotzat Jainkoari,
bete zeure promesak Goi-goikoari.

(15) Dei egidazu larrialdian:
libratu egingo zaitut eta goratu egingo nozu».


(16) Gaiztoari, barriz, hau dinotso Jainkoak:
«Zelan aipatu daikezuz nire arauak,
zelan ahotan hartu nigaz dozun ituna,

(17) nire irakaspena baztertzen badozu
eta nire hitzei bizkarra emoten?

(18) Lapurra ikustean, harekin bat egiten dozu,
adulteriogileekin alkartzen zara.

(19) Gaiztakeriarako arin dozu ahoa,
engainua asmatzeko bizkor mihina.

(20) Zeure senideaz txarto esaka dihardozu,
zeure amaren semeari izena kentzen.

(21) Zuk honeek egin, eta ni isildu?
Zu lakoa nazala uste ete dozu?
Ez, salatu egingo zaitut, dana aurpegira botako.


(22) Entzun, beraz, ondo, Jainkoaz ahaztuok!
Bestela, harrapatu egingo zaituet
eta ezin izango zaitue inork ere libratu.

(23) Sakrifiziotzat gorespena eskeintzen deustanak,
horrek emoten deust ohorea.
Nire bidean tinko irauten dauanari
neure salbamena erakutsiko deutsot».

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue