#
#

Salmo tailerra:


55 (54). Salmoa # #
#
#

55. (54.) salmoa: GIZARTEKO INJUSTIZIAZ ETA LAGUNEN SALDUKERIAZ KEXUA


(1) Koru-zuzendariarentzat. Harizko musika-tresnaz. Daviden poema.

(2) Ene Jainko, makurtu belarria nire otoitzari,
ez egin entzungor nire erreguari.

(3) Kasu egidazu eta erantzun.
Urduri nago, kexu batean eta dardaraz,

(4) arerioaren oihua dala eta,
gaiztoaren begirada zorrotza dala eta.
Ezbeharrak botatzen deusteez gainera, amorruz erasotzen.


(5) Taupadaka dot bihotza bularrean, herio-larriak hartuta nago.
(6) Bildurra eta ikara jabetu jataz, dardara batean nago.

(7) Neure kautan dinot: «Ai uso-hegoak banitu!
Hegan egingo neuke, beste nonbaiten gelditzeko.

(8) Urrin bai urrin egingo neuke ihes, basamortuan ipiniko bizitzen.
(9) Bat-batean aurkituko neuke babesa ekaitzaren haize-burrunbatik».

(10) Nahastau, Jauna, horreen mihin maltzurra.
Gogorkeria eta hasarrea besterik ez dot ikusten-eta urian,

(11) gau eta egun harresietan bueltaka.
Uri barruan okerkeria eta injustizia,

(12) uri barruan makurkeriak,
zapalketa eta azpikeriaz gainezka kaleak.


(13) Ez nau arerioak iraintzen: hori jasan neike.
Ez nau gorroto deustanak mespreziatzen:
horrengandik gorde neinteke;

(14) ostera zuk, nire kidekoak, nire adiskide samur eta minak,
zuk nozu mespreziatzen.

(15) Solaskide gozo zintudan,
alkarrekin joaten ginan jendartean Jainkoaren etxera.


(16) Betorkie bat-batean heriotza,
jatsi beitez bizi-bizirik Herio Leizera,
gaiztakeriaz bete-beteak dagozelako!


(17) Nik Jainkoari egin neutson dei
eta Jaunak salbatu egin ninduen.

(18) Arrats, goiz eta eguerdi, kexu eta intzirika nengoela,
entzun eban harek nire abotsa.


(19) Onik atara eban nire bizia izan nituen erasoetatik,
arerioak hain ugari izan arren.

(20) Niri entzun eta hareek makurrarazi zituen Jainkoak,
betidanik errege danak, sekula aldatzen ez danak.
Baina hareek ez ziran Jainkoaren bildur!


(21) Adiskidearen aurka altxatu dau eskua, ituna apurtuz.
(22) Gantza baino bigunago dau agoa,
baina borroka-gose bihotza.
Olioa baino leunago ditu hitzak,
baina ezpata zorrotz dira izan.

(23) Jarri zaitez Jaunaren eskuetan;
sendo eutsiko deutsu, bai, Ongileak.
Ez deutso sekula zintzoari jausten itziko.


(24) Zuk, ene Jainko, herio-zulora botako dituzu
odolzale eta maltzurrak;
bizitzaren erdira ere ez dira helduko.
Nik, ostera, zuregan dot konfiantza.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue