#
#

Salmo tailerra:


68 (67). Salmoa # #
#
#

68. (67.) salmoa: JAINKOAREN GARAIPENAK OSPATUZ GORAZARREA


(1) Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa. Kanta.

(2) Jainkoa jagi eta haren arerioak sakabanatu!
Gorroto deutsoenak ihesi doaz haren aurretik.

(3) Kea desegiten dan antzera desegiten dira;
zelan urtzen dan argizaria sutan,
holantxe galtzen gaiztoak Jainkoaren aurrean.

(4) Zintzoak, barriz, pozik dira,
Jainkoaren aurrean dantzan, poz-biziz gainezka.


(5) Kanta Jainkoari, jo soinua haren omenez,
prestatu bidea «hodei gainean zaldiz doanari».
Gozatu Jaunarekin, haren aurrean poz-oihuka.

(6) Umezurtzen aita, alargunen defendatzaile da Jainkoa
bere bizileku santutik.

(7) Baztertuei etxea emoten deutse Jainkoak,
preso egozanak kanta artean askatzen;
errebeldeak bakarrik basamortuan gelditzen.


(8) Oi Jainko, zeure herriaren gidari urten zinanean,
basamortuan zehar zinoazala,

(9) dardara egin eban lurrak,
urtu egin zan Jainkoaren aurrean zerua,
Sinaiko Jainkoaren, Israelen Jainkoaren aurrean.

(10) Euria ugari bota zenduan, oi Jainko,
zeure lurralde eta jabegoa indarbarritu.

(11) Hantxe kokatu zan zure herria;
behartsuen ardura dozu, oi Jainko, zeure ontasunean.


(12) Jaunak iragarpena egin dau,
ugaria da mezularien taldea:

(13) «Ihesi doaz, ihesi, erregeak eta gudarosteak!»
Lurraldeko larreak harrapakin gisa banatuak dira,

(14) zuek artegian atsedenean zagozelarik.
Usoaren hegoak zidarrez jantzi dira,
lumak urre gorriz.

(15) Ahaltsuak erregeak sakabanatzean,
Mendi-ospelean elurra zan.


(16) Basango mendi, mendi gorena,
gailur garaidun Basango mendia,

(17) zergatik zagoze, gailur garaiok, inbidiaz begira
Jainkoak bizitzeko desiratu dauan mendiari,
Jaunak betiko bizileku egin dauanari?


(18) Jainkoaren guda-gurdiak milaka eta milaka,
ezin kontatu ahalakoa haren gudarostea:
horreen artean aintzaz beterik dago Jauna santutegian.

(19) Gorenera igo zinen, katibuak harturik;
zerga ordaindu eutsuen gizakiek, baita errebeldeak ere,
Jainko Jaun horrek bizilekua izan zengian.


(20) Bedeinkatua egunero Jauna:
bere gain hartu gaitu geure Jainko salbatzaileak.

(21) Jainko salbatzaile dogu Jainkoa,
Jainko Jaunari esker libratu gara heriotzatik.

(22) Izan ere, Jaunak txikitzen ditu arerioen buruak,
errudunen burezurrak.

(23) Jaunak esan dau: «Basandik ekarriko ditut,
itsas hondotik aterako,

(24) arerioak odoletan zapaldu daizuzan;
zure txakurren mihiak ere izango dabe partea».


(25) Hor ageri da, ene Jainko, zure laguntaldea,
ene Jainko eta erregearen laguntaldea santutegirantz:

(26) kantariak aurrean, musikariak atzean,
neskatxak tartean, panderoa joz.

(27) Bedeinkatu egizue Jainkoa batzarrean,
bedeinkatu Jauna Israelgo alkartean.

(28) Horra hor guztien aurretik Benjaminen, gazteenaren, leinua,
eta ondoren Judaren buruzagiak,
Zabulon eta Neftaliren buruzagiak.


(29) Azaldu, ene Jainko, zeure indarra,
egiaztatu, ene Jainko, gure alde egin dozuna.

(30) Opariak dakartsuez erregeak
Jerusalemgo zeure tenplura;

(31) bertatik, egiozu mehatxu Egiptori, kainaberadiko piztiari,
haren zezen- eta zekor-tropelari,
zidarraren irrikaz herriak menperatzen dabezan horreei!
Sakabanatu egizuz herri gudazaleok!

(32) Betoz opari bikainak Egiptotik,
dakartsozala arin Etiopiak esku-erakutsiak Jainkoari.

(33) Munduko erreinuok, kanta Jainkoari, jo soinua Jaunari.
(34) Hara, zeruetan, antzinako zeruetan, zaldiz doanak
oihu egin dau bere ahotsaz, bere ahots indartsuaz.


(35) Emon aintza Jainkoari!
Haren ospea Israelen gain dago,
haren ahalmena hodeiez gora.

(36) Ikaragarria Jainkoa santutegian: bera da Israelen Jainkoa,
bere herriari indar eta kemen emoten deutsona!
Bedeinkatua Jainkoa!

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue