#
#

Salmo tailerra:


69 (68). Salmoa # #
#
#

69 (68). Salmoa: JAINKOZALE ATSEKABETU ETA ERASOTUAREN OTOITZ LARRIA


(1) Koru-zuzendariarentzat. «Liliak» doinuan. Davidena.

(2) Salbatu nagizu, ene Jainko: leporaino ditut urak.
(3) Lupetza sakonean murgiltzen nabil
eta oinak non ipini ez dakit.
Ur haundietan nago sartuta, eta korronteak naroa.

(4) Etenda nago deadarka, errea daukat eztarria,
lausoturik begiak, ene Jainkoaren zain eta zain.


(5) Buruko ileak baino gehiago dira
arrazoi barik gorroto deustenak,
nire buruko uleak baino ugariago nire erasotzaileak,
nire arerio guzurtiak.
Lapurtu ez dodana bihurtu behar ete dot?

(6) Ene Jainko, ezagutzen dozu nire ez-jakina,
ez dagoz zuretzat ezkutuan nire hutsegiteak.


(7) Jauna, Jaun ahalguztiduna,
ez begioe nire erruz usteak huts egin
zuregan konfiantza dabenei;
ez nadila lotsabide gertatu zuregana joten dabenentzat,
oi Israelen Jainkoa!

(8) Zuregaitik jasan ditut irainak,
zuregaitik estali deust lotsak aurpegia.

(9) Arrotz gertatua naz neure senideentzat,
ezezagun neure amaren seme-alabentzat.


(10) Zure tenpluaren maiteminak erretzen nau,
zure kontrako irainak jatortaz gainera.

(11) Barau eginez samintzen banaz,
iraina besterik ez dot jasoten;

(12) dolu-jantzia hartzen badot, barrezka dodaz aurrean.
(13) Plazan eserita, marmarka jabilkidaz,
mozkorrak koplak ataratzen deusteez.


(14) Jauna, zuri dagitsut otoitz: Jauna, egidazu orain mesede!
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun haundiaz,
zeure egiazko salbamenaz.

(15) Atara nagizu lupetzatik, ez nadila murgildu;
libratu nagizu gorroto deustenengandik eta ur haundietatik!

(16) Ez nagiala ur-korronteak eroan,
ez nagiala zurrunbiloak irentsi,
ez nadila putzuan itxita gelditu!


(17) Erantzun, Jauna, zeure maitasun zoragarriaz,
bihurtu niregana begiak zeure erruki haundiaz.

(18) Ez ezkutatu aurpegia zeure morroi honi,
erantzun laster, larri naz eta.

(19) Hurreratu zakidaz, zaindu nagizu,
askatu arerioen eskutik.


(20) Badakizu zelan iraintzen naben,
zelan desohoratu eta lotsarazten;
ondo ezagunak dituzu nire arerioak.

(21) Irainak bihotza urratu deustee, guztiz adore barik nago.
Ezbeharrean laguntza itxaro neban, baina alperrik;
kontsolatzaileak, baina ez ditut aurkitu.

(22) Janaritan pozoia ipini deustee,
egarriarentzat ozpina edaten emon.


(23) Gertatu bekie euren otordua tranpa,
euren segurtasuna sare.

(24) Lausotu beitez hareen begiak eta itsutu,
ahuldu bekie gerria betiko!

(25) Hustu zeure sumina hareen gainera,
jo begiez zure haserre-suak!

(26) Bihurtu bedi hareen kanpalekua basamortu,
gelditu beitez inor barik hareen bizilekuak!

(27) Zuk jo dozunari eraso egiten deutselako,
zuk zaurituaren oinazeaz hitz eta berba.


(28) Ordainarazi euren erruak banan-banan,
ez begie sekula zure parkamenik ikusi!

(29) Ezabatu egizuz biziaren liburutik,
ez sailkatu zintzoen zerrendan!


(30) Ni, barriz, gizagaixo atsekabetu hau,
indarbarri nagiala, oi Jainko, zure salbazinoak.

(31) Orduan, Jainkoaren izena kantuz goretsiko dot,
esker onez haundietsiko.

(32) Atseginago izango jako Jaunari zezena baino,
adardun eta azkazaldun zekorra baino.


(33) Ikusi egizue, apalok, eta poztu;
izan bihotz, Jainkoarengana jotzen dozuenok!

(34) Entzuten deutselako Jaunak bere behartsuei,
ez ditu baztertzen berari lotuak dagozanak.


(35) Goratu begie zeru-lur eta itsasoak
eta bertan bizi diran guztiak.

(36) Bai, Jainkoak salbatuko dau Sion,
barriro eraikiko Judako uriak.
Han biziko dira eta hareen jabe izango.

(37) Jainkoaren zerbitzarien ondorengoak izango dira oinordeko,
ha maite dabenak biziko bertan.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue