#
#

Salmo tailerra:


71 (70). Salmoa # #
#
#

71 (70). Salmoa: ZAHARTU ETA AHULDUAREN OTOITZA


(1) Jauna, zuregan dot babesa:
ez dagidala inoiz usteak huts egin!

(2) Zuzena zaralako, libratu nagizu, askatu,
makurtu belarria niregana eta salbatu nagizu.

(3) Izan zakidaz harkaitz babesle;
agindua dozu noiznahi etorriko zarala ni salbatzera.
Bai, zu zara nire hatx eta gordeleku.


(4) Askatu nagizu, ene Jainko, gaiztoaren eskutik,
bidebako eta gogorkeria-zaleen ukabiletik.

(5) Jainko Jauna, zu zaitut itxaropen,
zu gaztetatik neure segurtasun.

(6) Zu izan zaitut euskarri amaren sabeletik,
zuk atara nozu amaren erraietatik.
Zuri etengabe nire gorespena!


(7) Mirari bat lez gertatu nintzen askorentzat,
zu zintudan neure babesleku seguru.

(8) Zure gorespenez eta ekintza ospetsuez
betea neban ahoa egun osoan.


(9) Ez ni baztertu zahartu nazan honetan,
ez eskutik itzi indarrak ahuldu jatazanean.

(10) Arerioak begira ditut,
niri zelatan dagozanak alkar hartu dabe.

(11) Hau dinoe: «Jainkoak bertan behera itzia dau:
segitu atzetik, harrapatu, ez dau inor izango libratzeko»
.

(12) Jainkoa, ez gelditu niregandik urrin,
ene Jainko, zatoz laster laguntzera!

(13) Galdu beitez lotsagarri nire salatzaileak!
Irainak eta desohoreak estaldu begiz
nire zoritxarraren bila dabiltzanak!


(14) Nik, barriz, itxaroten jarraituko dot,
gero eta areago zu goretsiko.

(15) Nire ezpainek egun osoan emongo dabe
zure salbamen-asmo eta egintzen barri,
nik kontatu ahal baino gehiago diran arren.

(16) Zure tenplu bikainean sartuko naz, Jainko Jauna,
leiala zu bakarrik zarala iragarriko.

(17) Ene Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,
eta zure egintza miragarriak
iragartzen ibili naz gaur arte.

(18) Orain, zahar eta ule-zuri nazanean,
ez nagizu bertan behera itzi, ene Jainko,
zure indarra alkarteari iragarri deiodan,
zure tenplura datorkeen edonori.

(19) Zure salbamen-asmoa, oi Jainko, zerurainokoa da,
gauza haundiak egin dozuzalako.
Nor zu bestekorik, oi Jainko?


(20) Hamaika larrialdi eta zoritxar pasatuazo deustazu.
Baina barriro bizieraziko nozu,
Herio Leize sakonetik altxatuko.

(21) Lehen baino izen haundiagoa emongo deustazu,
barriro kontsolatuko.


(22) Orduan, harpa-soinuz goretsiko zaitut, ene Jainko,
leiala zaralako;
zitaraz kantatuko deutsut, oi Israelgo Santu.

(23) Bai, zuri kantatuko deutsut,
poz-oihuz ospatuko zaitu nire ahoak,
zuk salbatu dozun nire izate osoak.

(24) Nire mihinak zure salbamen-asmoa
iragarriko dau egun osoan,
lotsaz eta irainez gelditu diralako
nire zoritxarraren bila ebiltzanak.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue