#
#

Salmo tailerra:


74 (73). Salmoa # #
#
#

74 (73). Salmoa: TENPLUKO HONDAKINEN GAIN NEGARRA


(1) Asafen poema.

Oi Jainko, zergaItik baztertu gaituzu betiko?
Zergaitik zagoz haserre-sutan zeure larreko ardien kontra?

(2) Oroitu zaitez betidanik zeuretzat hartu zenduen artaldeaz,
zeure artzain-makilaz askatu zenduen ondareaz,
zeure bizileku egin zenduen Sion mendiaz.


(3) Jaso zeure herria azkenik bako hondakin honeetatik:
arerioak dan-dana erraustu dau santutegian.

(4) Zure arerioak zure alkartearen erdian orroak egin ebezan,
euren banderak ehunka ezarri.

(5) Baso itsuan azkoran dabilen egurgina zirudien:
(6) azkoraz eta mailuz bota ebezan irudi landu guztiak.
(7) Gero, zure santutegiari su emon eutsoen,
zure egoitza santua bota eta profanatu.

(8) Hau eben helburu: erabat erraustea arraza
eta herrialdeko batzar santu guztiak.


(9) Ez dogu ikusten jadanik zure presentziaren ezaugarririk,
ez dago profetarik, eta inork ez dakigu noiz arte.

(10) Noiz arte jarraitu behar dau, oi Jainko, arerioak irainka?
Eten barik jardungo ete deutso zure arerioak?

(11) Zergaitik ezkutatzen dozu zeure indarra?
Zergaitik zagoz besoak kurutzaturik?


(12) Zu zara, oi Jainko, zu betidanik nire errege.
Zuk lortu zenduen lurrean garaipena:

(13) zuk erdibitu zenduen zeure indarraz itsasoa,
zuk apurtu itsas herensugeen buruak,

(14) zuk zapaldu zeuntsozan itsas monstroari buruak
eta itsas piztiei jaten emon.

(15) Zuk sortuazo dituzu iturri eta errekak,
zuk agortuazo inoiz lehortu bako ibaiak.

(16) Zureak dira gau-egunak, zuk eratuak eguzki-ilargiak;
(17) zuk ezarri dituzu munduaren mugak, zuk moldatu uda-neguak.

(18) Gogoan hartu, Jauna: arerioak irain egiten deutsu,
herri burubakoak zure izenari mespretxu.

(19) Ez emon piztiei zeure usokumea,
ez ahaztu betiko zeure behartsuen bizia!

(20) Gogoratu egizu zeure ituna,
beteak dagozelako herrialdeko bazterrak gogorkeriaz.

(21) Ez bedi zapaldua lotsatuta gelditu,
goratu begie zure izena samindu eta behartsuak.

(22) Jagi zaitez, Jainko hori, zaindu zeure auzia!
Hartu gogoan burubakoon etenbako irainak.

(23) Ez ahaztu zeure arerioen eupadak,
zure kontra altxatuen zaratotsa gero eta haundiagoak.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue