#
#

Salmo tailerra:


77 (76). Salmoa # #
#
#

77 (76). Salmoa: IRAGANEKO MIRARIEKAZ OROITUZ, ORAINGO EGOERAZ NEGAR-KANTA


(1) Koru-zuzendariarentzat. «Jedutun-en» doinuaz. Asafen salmoa.

(2) Goraki dagiot Jainkoari deadar,
goraki deadar, entzun dagidan.

(3) Neure larrialdian, Jaunarengana jotzen dot,
gauez aspertu barik besoak luzatzen,
pozbide guztiei uko eginez.


(4) Jainkoaz oroiturik, intziri dagit,
haretaz pentsatzean, adorea galtzen dot.

(5) Ez deustazu izten, Jauna, begirik batzen,
nahasturik nago, ez dakit zer esan.

(6) Aspaldiko denporakaz gogoratzen naz,
antzinako urteekaz oroitzen;

(7) gauez kantu-leloa datorkit gogora,
barrutik hausnarrean eta neurekautan itaunka nabilela:

(8) «Jaunak betiko baztertuko ote gaitu?
Ez ete deusku sekula barriz mesede egingo?

(9) Amaitu ote erabat haren maitasuna?
Bukatu ote betiko haren agintzaria?

(10) Jainkoa bere errukiaz ahaztu ete da?
Haserrez bihotza itxia ete dau?».

(11) Eta neurekautan dinot: «Hauxe nire gatxa:
Goi-goikoaren jokabidea aldatu egin dala».


(12) Gogoan ditut, Jauna, zure egintza haundiak,
gogoan, bai, zure aspaldiko mirariak.

(13) Zuk egindako guztiak buruan darabiltzat,
zure egintza haundiak hausnartzen ditut.

(14) Santua da, oi Jainko, zure jarduera!
Zein jainko zu bezain haundi?

(15) Zu zara mirariak egin dituen Jainko bakarra,
zuk erakutsi deutsezu herriei zeure indarra.

(16) Zeure indarraz askatu zenduen herria,
Jakoben eta Joseren ondorengoak.


(17) Itsasoak zu ikusi orduko, oi Jainko,
itsasoak zu ikusi orduko, dardara egin eban,
itsas leizeak ikara.

(18) Hodeiek euri-jasak bota ebezen,
lainoek trumoia jo, zure geziak han-hemen bristadaka.

(19) Zure trumoi-burrunbak zeruan jotzean,
oineztarriek mundua argitu eben,
lur-barruak ikara eta dardara egin.

(20) Itsasoan zehar igaro zinen, ur haundien artetik oinez,
baina inork zure aztarnarik aurkitu ezin.

(21) Artaldea bezala eroan zenduen zeure herria,
Moises eta Aaronen eskutik.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue