#
#

Salmo tailerra:


78 (77). Salmoa # #
#
#

78 (77). Salmoa: HISTORIAREN IKASBIDEAK


(1) Asafen poema.

Entzun, ene herri, nire irakaspena,
makurtu belarria nire esanetara.

(2) Esaera zaharrekin berba egingo dot
lehengo garaien ikasbideak azalduz.

(3) Guk entzun eta jakindakoak, gurasoek kontatu euskuena,
(4) Jaunaren egintza goresgarriak,
haren garaipena eta egin dituen mirariak
ez deutseguz ezkutatuko geure haurrei,
datorren belaunaldiari kontatuko baino.


(5) Aginduak ipini eutsozan Jakoben herriari,
legea emon Israeli:
honeek euren haurrei irakasteko agindu eutsen gure gurasoei,

(6) hurrengo gizaldiek, geroko haurrek, jakin egien;
eta honeek, euren aldetik, euren ondorengoei kontatuko eutsen.

(7) Horrela, Jainkoarengan ipiniko eben konfiantza;
haren egintza haundiak ahaztu barik,
haren aginduak beteko ebezan.

(8) Ez ziran izango euren gurasoen antzeko:
jende ez-esaneko eta errebeldea,
gizaldi bihotz-arina, Jainkoagazko barru desleialekoa.


(9) Efraimen leinuko gezilariak, ondo armaturik egon arren,
bizkarra erakutsi eben guda-egunean;

(10) izan ere, Jainkoaren ituna ez eben gorde,
ez eutsoen haren legeari jarraitu nahi izan;

(11) ahaztu egin ebezan haren egintza haundiak,
harek erakutsi eutseezan mirariak.


(12) Mirariak eginak zituen hareen gurasoen begi aurrean
Egipton, Tanisko lurraldean.

(13) Itsasoa erdibi egin eban hareek pasatzeko,
horma bat bezala urei sendo eutsiz.

(14) Lainoaz gidatu zituen egunez, su-argiz gauez.
(15) Basamortuan harkatxa zulatu eban,
lurpeko uretatik edanarazteko.

(16) Harkatxetik ur-lasterrak atera zituen,
ura ibaika eratsi eban.


(17) Baina hareek Jainkoaren kontra pekatuan jarraitu eben,
basamortuan Goi-goikoaren aurka altxatu ziran.

(18) Jainkoa probatu nahi izan eben,
gogoak emoten eutsen jatekoa eskatuz.

(19) Jainkoaren aurka hitz egin eben:
«Gauza ete da Jainkoa guri basamortuan otordua emoteko?

(20) Egia, harkatxa jo eta ibaika isuri dau ura;
baina gauza ete da ogia emoteko,
bere herriari okela eskeintzeko?»
.


(21) Hori entzutean, Jauna gogor hasarretu zan:
sumina biztu jakon Jakoben herriaren aurka,
Israelen aurka;

(22) ez ebelako sinesten euren Jainkoarengan,
ez ziran fiatzen haren salbamen-asmoaz.

(23) Orduan, goi-lainoei agindua emon
eta zeruko ateak zabaldu zituen;

(24) mana isuri eutsen janari, zeruko garia emon:
(25) aingeruen ogia jan eben gizakiek,
Jainkoak janariz ase zituen.

(26) Gero, eguzki-haizea aterarazi eban zerutik
eta hego-haizea bialdu bere gotorlekutik.

(27) Okelea isuri eutsen hautsa lako ugari,
hegaztiak itsas hondarra beste oparo,

(28) kanpalekura bertara jausi arazo zituen,
oihal-etxolen ingurura.

(29) Asebetean jan eben; emon eutsen Jainkoak gura ebena.
(30) Baina euren guraria ase orduko,
artean janaria hagin artean ebela,

(31) Jainkoaren hasarreak eraso eutsen,
hareetako indartsuenak hil zituen, Israelgo hoberenak eratsi.


(32) Hala eta guztiz ere, pekatuan jarraitu eben;
mirariak eta guzti, ez eben Jainkoarengan sinistu.

(33) Beraz, lurruna lez amatau eban hareen bizia,
amets-irudipena lako arin.

(34) Baina Jainkoak hareek hiltzea erabakitzen eban orduko,
harengana joten eben,
damutu eta bera bilatzen ahalegintzen ziran,

(35) Jainkoa ebela euren harkatxa oroituz,
goi-goiko Jainkoa ebela euren askatzailea;

(36) baina ahoan zurikeria besterik ez eben,
mihinaz engainatu egiten eben;

(37) ez egozan bihotzez hari lotuak,
ez eutsoen haren itunari federik emoten.


(38) Jainkoak, hala ere, hareei errukia izanez,
errua parkatzen eutsen, eta hondatzen ez.
Sarri eutsi eutson hasarreari,
bere sumin guztia biztu barik.

(39) Oroitzen zalako gizaki huts zirala,
airean galtzen dan arnasa baino ez.


(40) Zenbat aldiz altxatu jakozan kontra basamortuan,
zenbat aldiz atsekabetu eben bakartadean!

(41) Behin eta barriro eben Jainkoa probatzen,
Israelen Santua zirikatzen.

(42) Ez eben gogoratzen haren eskuak egina,
arerioarengandik askatu zituenekoa:

(43) zelako mirariak egin zituen Egipton,
zelako egintza harrigarriak Tanisko lurraldean;

(44) hango ibai-errekak odol bihurtu zituen,
eta egiptoarrek bertatik edan ezin;

(45) ezpateuliak bialdu zituen hareek irensteko,
ugazioak dana hondatzeko;

(46) hareen uztak matxinsaltoei emon eutsezan,
lanaren frutuak saltamatxinoei;

(47) hareen mahastiak txingorraz desegin zituen, pikondoak izotzaz;
(48) hareen abereak harriaz galdu zituen, artaldeak tximistaz;
(49) gainera hustu eutsen bere hasarre-sua,
bere sumin, amorru eta hasarrea: zoritxar-mandatari taldea,

(50) bere hasarreari bidea libre izteko.
Ez zituen heriotzatik gorde,
hareen bizia izurripean itzi eban.

(51) Egiptoko lehen-seme guztiak jo zituen,
Egiptoarren gizontasunaren lehen frutuak.


(52) Orduan, artzainak ardiak bezala atara azo eban bere herria,
artaldea bailitzan eroan basamortuan zehar.

(53) Seguru gidatu zituen, bildur barik;
hareen arerioak, barriz, itsasoak estaldu zituen.

(54) Euren lurralde santura eroan zituen,
berak eskuratutako mendiraino.

(55) Beste herriak bota egin zituen hareek heltzean,
eta lurraldea Israelgo leinuei banatu eutsen ondaretzat,
bertan bizi eitezan.


(56) Hareek, ostera, goi-goiko Jainkoa probatu eben,
haren kontra altxatuz;
haren aginduak ez ebezan gorde.

(57) Alde batera itzi eben eta traizino egin, gurasoek bezala;
uztai txarrak lez huts egin.

(58) Muinoetako sasi-kultuekin sumindu egin eben,
euren sasijainkoekin jeloskor ipini.

(59) Horregaitik, Jainkoa hasarretu egin zan
eta Israel erabat zapuztu;

(60) bertan behera itzi eban Xiloko egoitza,
gizartean bizitzeko eraiki eban etxola.

(61) Arerioen esku itzi eban kutxa santua
Israelek bere indar eta ospe ebana.

(62) Ezpataren menpe itzi eban bere herria,
bere ondaretzat aukeratua ebanarekin hasarre.

(63) Mutilak suak irentsi zituen, neskatxentzat eztai-kantarik ez.
(64) Abadeak ezpataz jausi ziran, eta alargunak hiletarik jo ez.

(65) Halako batean, esnatu zan Jauna lotatik lez,
ardoaren eraginpean egondako gudariaren antzera.

(66) Arerioak atzetik harrapatu eta jo egin zituen
eta behin betiko zapuztu.

(67) Joseren familia baztertu egin eban,
Efraimen leinua alde batera itzi;

(68) Judaren leinua aukeratu eban,
Sion mendia, bere maitea.

(69) Zeru garaiaren antzeko eraiki eban bere santutegia
eta lurra bezala sendo oinarritu betiko.


(70) David aukeratu eban zerbitzari, arditegitik harturik;
(71) ardien artzain zana, bere herri Jakoben,
bere ondare Israelen artzain egin eban.

(72) Bihotz zintzoz zaindu zituen, esku trebez eroan.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue