#
#

Salmo tailerra:


89 (88). salmoa # #
#
#

89 (88). Salmoa: JAUN AHALTSUARI GORATZARREA. DAVIDI EGINIKO AGINTZARIAREN OROITZAPENA


(1) Etan ezratarraren poema.

(2) Jauna, beti kantatuko ditut zure maitasun-egintzak,
gizaldiz gizaldi iragarriko leial zarala.

(3) Bai, ziur nago: zure maitasunak eratu eban zerua,
zerua bezain tinko ezarria da zure leialtasuna.


(Jaunak)
(4) «Neure aukeratuarekin ituna egin neban,
David neure zerbitzariari zin eginez:

(5) “Tinko ezarriko dot betiko zure errege-jatorria,
sendo sekulako zure tronua”».


(Jainko paregabeari goratzarrea)
(6) Zeruetan zure agintzari miragarria goresten dabe, Jauna,
aingeruen batzarrean zure leialtasuna.

(7) Nor han goian Jaunaren pareko?
Nor jainkoen artean Jauna bezelako?


(8) Bildurgarri da Jainkoa aingeruen kontseiluan,
haundi eta ikaragarri inguruko guztientzat.

(9) Jauna, Jainko ahalguztiduna, nor zu bezelakorik?
Ahaltsu da Jauna, leialtasunez jantzia!

(10) Zuk menperatzen dozu itsasoaren harrokeria,
zuk baretzen olatu harrotuak.

(11) Zuk zulatu zenduen eta sarraskitu itsas munstroa,
zuk sakabanatu beso bizkorrez arerioak.

(12) Zeurea duzu zerua, zeurea lurra,
zuk ezarri zenduen sendo mundua eta bertako guztia.

(13) Zuk egin zenduzan Iparra eta Hegoa;
Tabor eta Hermon mendiak poz-oihu dihardue zure aurrean.

(14) Indartsua da zure ezkerra, garailea zure eskuma.
(15) Justizia eta zuzenbidea zure erregetzaren oinarri,
maitasuna eta leialtasuna doaz zure aurretik.


(16) Zoriontsua zu pozik goresten dakian herria!
Zure argitan ibiliko da, Jauna:

(17) zure aurrean alaitzen da egunero,
zure zuzentasunaz harrotzen da.

(18) Bai, zu zaitugu ospe eta indar,
zure onginahiak egiten gaitu garaile.

(19) Bai, Jauna da gure babeski, Israelgo santua gure errege!

(Jaunak Davidi agintzaria)
(20) Behinola, ikuskari bidez berba eginez,
zeure fededunei esan zeuntsen:
«Gudariaren ordez mutikoa jarri dot errege,
gudarostearen gainetik gaztea jaso.

(21) David neure zerbitzaria aurkitu dot
eta neure olio santuaz sagaratu.

(22) Nire eskuak sendo eutsiko deutso, nire besoak indartsu egingo».

(23) «Arerioak ez dau engainatuko, ez gaiztoak makurtuko.
(24) Bere aurrean zapalduko deutsadaz arerioak
eta gorroto deutsenak joko.

(25) Nire leialtasuna eta maitasuna berekin izango ditu,
nire laguntzak garaile egingo dau.

(26) Itsasoraino zabalduko dot haren aginpidea,
Eufrates ibairaino haren poderea.


(27) Harek esango deust: «Zu nire aita,
nire Jainko, nire harkaitz salbatzailea!».

(28) Eta nik neure lehen-seme egingo dot,
munduko erregerik haundien.

(29) Leial izango najako betiko,
harekin dodan itunari sendo eutsiko.

(30) Betiko ezarriko dot haren errege-jatorria,
zerua lako iraunkor egingo haren tronua.


(31) «Haren semeak nire irakaspena bazterrera izten badabe
eta nire zuzenbideari jarraitzen ez,

(32) nire arauak hausten badabez
eta nire aginduak gordetzen ez,

(33) makilaz zigortuko dot hareen errebeldia,
esku zorrotzez hareen erruak.

(34) Baina ez deutsot kenduko Davidi neure maitasuna,
ezta ukatuko ere neure leialtasuna.

(35) Ez dot urratuko neure ituna,
ezta jango ere emon neban hitza.

(36) Behin betiko egin dot zin neure buruarengaitik,
eta ez najako sekula Davidi desleial izango.

(37) Haren errege-jatorriak betiko iraungo dau,
haren tronuak nire aurrean eguzkiak beste,

(38) zeruan lekuko hutsezin lez ezarririk
betiko dirauen ilargiak beste».


(Erregearen hondamenagaitik deitorea)
(39) Orain, ostera, zeure sagaratuarekin hasarreturik,
baztertu egin dozu eta mespretxatu.

(40) Zeure zerbitzariarekin zenduen ituna ukatu egin dozu,
haren koroa hankapean zapaldu,

(41) haren harresi guztiak zulatu, gotorlekuak hondakin bihurtu.
(42) Handik igarotzen diranek lapurreta egiten dabe,
auzoko guztiak burlaka.

(43) Haren arerioei indarra bizkortu deutsezu eta garaipena emon.
(44) Hari, barriz, ezpata-ahoa ere moztu, eta borrokan eutsi ez;
(45) errege-makila distiratsua kendu deutsozu eta tronua lurrera irauli.
(46) Haren gaztaroko urteak laburtu eta lotsa gorriz bete dozu.

(47) Noiz arte, Jauna? Betiko ete zagoz ezkutuan?
Betiko ete dago zure hasarrea su eta gar?

(48) Oroi zaitez nire ezbeharraz, nire bizitzako egun laburrez!
Zein huts egin dituzun gizakiak!

(49) Nor biziko da heriotzarik ikusi barik?
Nork ihes egin Herio Leizearen atzamarretatik?


(50) Non dira, Jauna, antzinako zure maitasun-egintzak,
Davidi zin eginez agindu zeuntson leialtasuna?

(51) Gogoan hartu, Jauna, zeure zerbitzari iraindua,
herriengandik jasan behar ditudan hainbat eztenkada!

(52) Zure arerioak irainka dabiz, Jauna,
zuk errege sagaratuari nonahi irainka.


(53) Bedeinkatua Jauna beti! Amen. Amen.

# # #





bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue