castellano euskera batua euskera bizkaiera

JESU KRISTO GURE JAUNAREN PASIOAREN OROITZAPENA

(Hausterre eguna baino lehenagoko ostirala)

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Isaias 53, 1-12

"... Asko hartaz ikaraturik gelditu baziren ere, hartaraino baitzuen giza itxura galdu, eta gizona zenik ere ez baitzuen iduri... Itxura atseginik gabe ikusi genuen, barregarri eta gizonetan azkeneko, oinaze-gizon egina, nekeen berri dakiena..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Irakur zati honen hasieran eta amaieran dauden Jaunaren orakuluak Zerbitzari oinazetuaz mintzo dira ( 52, 13-15; 53, 11s): apaltasunez jasateak dakarren aintzazko arrakasta azaltzen dute, jendaldeentzat salbamen iturri bilakatzen dena. Hari buruz ari da profeta bozeramale duen elkartea ("guk", 4. tx.), Zerbitzariaren mina nola ulertezintasun osoan itzali zen aitortuz: nola ulertezintasuna axolagabekeriatik mespretxura igaro zen, eta epaiketatik abusu legitimora (3-4.8a). Baina hura isilik.

- Hain zuzen, ez du erakartzen bere aurpegiaren dirdiraz (jainko bedeinkapenaren seinalea), ez eta bere dotrina argitsuaz ere: "Ohitua dago sufrimenduetara", baina ez da hau irakasgaia. Laidoetan, zapalketan, heriotzako zigorrean isilik (7 tx.), hilobi iraingarria hartu arte (9 tx.)... Bekatuen ordain bere burua opari eskaintzen duenean bakarrik ulertzen du hark garbituriko elkarteak Jainkoaren asmo pentsaezina.

- Zigorrak, sufrimendu garbitzaileak bezala, errua behar du aurretik; baina hemen, lehenengoz, beste zerbait azaltzen da argi eta garbi: ordezko sufrimendu misteriotsua. Bekatua gurea da -erraz ikusten dugu geure burua testuaren "guk" horretan-, baina hura ordaintzeko sufritzen duena ez gara gu, Zerbitzari errugabea baizik. Hau da Zerbitzariarengan betetzen den Jainkoaren nahia. "Errukia" deritzan jainko justizia da. Ilunpe eta apalkuntza ondorengo argiaren eta gorespenaren agintzaria da, Itun Zaharrean tximistargiak bezala argi egiten duena.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Historian zehar poliki-poliki ulertzen joan dira Jaunaren "bideak" eta haren bizi eta salbamen egitasmoa. "Jaunaren Zerbitzariaren" irudia bide horretako urrats esanguratsuetako bat da. Isaias profeta (eta honen eskola) Zerbitzariaren irudiaren ulermen gero eta argitsuagoaren bozeramale bilakatzen da, "nekeen berri dakiena"; hori bai, Zerbitzari errugabea da, "ordezko" balioa duena.

- Profetaren orrialde honek estasia giroko kontenplaziora gonbidatzen gaitu deskribatzen diguna sakontasun osoan ulertu ahal izateko eta, kontenplazio honetan, Jainkoaren salbamen asmo harrigarria ezagutu eta bizitzeko, hau da, azkeneraino bere burua ematen duenaren maitasunaren indarra. Zerbitzariak berrerospenaren bide misteriotsua gauzatu eta bere osotasunera eramaten baitu.

- Horregatik, ederki dator Nekaldiaren Oroitzapenaren egun berezi honetan berriro ere Isaiasen testu hau gure begien aurrean jartzea, gizadiarenganako Jainkoak duen "errukia" gozatzen laguntzeko. Pasiotar Familiak eta Nekaldiaren iturrian "edan" nahi dugun guztiok, eskaintzen zaigun kontenplazio honetan, onena eskuratzeko aukera hobezina dugu: Jainkoaren maitasun egitasmoa barru-barruraino sakontzea.

# # #
#
# # #

2.IRAKURGAIA : 1 Korintoarrei 1, 18-25

“... Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berri ona zabaltzera baizik; eta hori ere ez jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak indarrik gal ez dezan... Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria? Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak guk iragartzen dugun zorakeriaren bidez salbatu nahi izan ditu fededunak. ..”

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Paulo ez da bataiatzera bidalia izan, ebanjelizatzera baizik (17 tx.). Hau esatean, ez du bataioa gutxietsi nahi; bere bokazioa, Jainkoaren asmoetan identitatea ematen diona, Ebanjelioa predikatzea dela azpimarratu nahi du. Ez du zentzurik Jesusen berri eman gabe inor bataiatzeak.

- Bestalde, bai kronologia eta bai grazia mailan, predikazioak sinesmenari aurrea hartzen dio, baita bataioari ere (Erm 10, 14+). Baina, nola predikatu Jesus? Paulok ez du hitzaldi eder eta sakonez egiten. Behar bada, hau idazterakoan, Atenasko Areopagon izan berri duen predikazioaren “porrota” dauka gogoan. Esperientziak indartu egin du bere ustea: predikatzeak Kristo gurutziltzatua iragartzea esan nahi du, hau delako salbatzen duen bakarra. Jainkoaren Hitza, batez ere "Gurutzeko Hitza", berez da bizia eta eraginkorra (Heb 4, 12), ez du giza euskarri beharrik; areago oraindik, giza jakinduriak hura ilundu eta haren indar zorrotza moteltzeko arriskua du.

- Paulok, Itun Zaharra aipatuz eta bere erretorikaz baliatuz, bere ustez garrantzi erabakigarria duena nabarmentzen du. Kristo gurutziltzatua "behaztopa" da juduentzat, habetik zintzilikatuari legearen madarikapena baitzetorkion (Dt 21, 23), eta "zorakeria" jentilentzat, hauei higuingarria gertatzen baitzitzaien bere burua gurutzean josten utziko zukeen jainkoa. Baina Jainkoak, hain justu, gurutzean erakusten du bere indarra. Kristauek, nahiz Israel herritik nahiz Jentil herritik etorri, Jainkoak sinesmenera "deituak" direnez, Jainkoaren logikarekin jokatu behar dute eta gurutzeko jakinduriaren arabera bizi, eta ez giza mailakoaren arabera.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- San Paulo apostoluaren testigutzak lagunduko digu hau dena ulertzen. Apostoluak judaismoan bizi zela uste zuenez, Legea betetzeak ematen zuen justifikazioa eta salbamena; baina orain dena beste era batera ikusten du: argitasun berria atera zaio "Gurutzeko jakinduriatik", bizitza besteen alde ematearen zorakeriatik.

- Esperientzia hau besteengana zabaltzea nahi luke apostolu handiak, eta, horrela, gizaldietan zehar hezurmamitzen ari den eta Kristo Jaunaren gurutzeko eskaintzan osotasunera heldu zen Jainko maitasunaren misterioa ezagutzen laguntzea. Hortik dator uholdeka salbamenaren dohaina. Hau bihotz guztiz irrikatzea eta doako dohain bezala onartzea da sinestunak zaindu behar duen jarrera.

Jesus gurutziltzatuaren jarraitzaile gara eta hura dugu gure bizitza osoaren ardatz eta eragile. Izan ere, Gurutzeko san Paulok dioenez, "jainko maitasunaren ekintza bikainena da" eta guk maitasunaren ezaugarri nagusi honen "oroitzapena egiteko" ardura hartu dugu. Beraz, Kristo gurutziltzatua gogoratu eta beronen lekuko eta zabaltzaile bilakatzea eskatzen digu karismari leial izateak. Badugu zeregina!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Joan 19, 17-30

"... Hartu zuten Jesus, eta hura, gurutzea sorbaldan zeramala, “Burezur” (hebreeraz, berriz, Golgota) izeneko lekura atera zen. Han josi zuten gurutzean... Bazen han ozpinez betetako pitxar bat. Eta ozpinetan bustitako belaki bat kanabera-muturrean loturik, ezpainetara eman zioten. Ozpina hartu ondoren, honela esan zuen Jesusek: "Bete da dena". Eta, burua makurturik, azken-arnasa eman zuen..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesus ez dago bakarrik gurutzean: harekin beste bi gurutziltzatu zituzten (beste ebanjelarientzat "bidelapurrak"). "Harekin" esamoldeak Tomasen beste hau gogoratzen digu: "goazen gu ere harekin hiltzera" (Jn 11, 16). Tormentu lagunek Jesusi azkeneraino jarraitzen dioten eta beren bizitza gizakien alde ematen duten ikasleak ordezkatzen dituzte; Jesus dagoen lekuan daudenak dira (Jn 14, 3; 17, 24).

- Jesusen oinordetza lau gudari jentilek hartzen dute. Zatiaren hasieran eta amaieran aipatzen dira gudariak. Itun Zaharrean, "mantua" (23. tx.) Erreinuaren sinboloa da (1 Erg 11, 30-31; 1 Sm 15, 27); gudariek "lau zati" egiten dute mantua/juduen errege den Jesusen erreinua, eta berenganatu; juduei haien erregea kendurik, beren errege egiten dute jentilek. Lau zati, lau puntu kardinalei dagozkienak: Erreinuaren orokortasuna. Josturarik gabeko tunika (24. tx.): haren barruko batasun zatiezina. Mantuaren beste sinbolismo bat: profeta espíritua (1 Erg 13, 20: Elias eta Eliseo; 2 Erg 2, 1-15). Erreinua Jesusen Espirituaren isurtzeaz gauzatuko da. Gurutziltzatu baten oinorde bezala antzemango diete kristau taldeei mundu osoan, hau da, gizakienganako maitasunez bere bizitza eman zuenaren misioa haren Espiritu beraz jarraitzeagatik (13, 35).

- Emakumeen presentziak leialtasuna adierazten du. Emakume bakoitzak elkargo bateko elkartea irudikatzen du: amak, itun zaharrekoa, Israelen hondarra, Jainkoaren emazte leiala. Maria Magdalenak, elkargo berriko elkartea. Amaren egitekoa, antzinako elkartea, gurutzean bukatzen da; Maria Magdalenarena, beronengan hasten da. Horregatik, "ikasle maitearen" presentzia gurutzearen ondorioa da, Mesiasen elkartea da, bizi eta sentitu duenaren testigutza egingo du.

- "Bete da" (30 tx.): Aitaren ekintzari amaiera eman dio (4, 34). Bere maitasun garaiezinaz berberagan gauzatu du betetasuna, Gizakia Jainkoaren pareko; "Ene Jauna eta ene Jainkoa" (Jn 20, 28).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Kontaketa hunkigarria, Joanek, "ikasle maiteak", esanahiz betetzen duena, lehen begiradan agertzen dena baino askoz ere harago. Horregatik, kontenplaziorako gonbita sinestun begiradaz Mesiasen elkartearen ikuspuntutik, hau, hain zuzen, gurutzean jaio baita. Berbera da gertaera dardaragarri honen fruitua.

- Beste horrenbeste eskaintzen digute emakumeek gertaera honetan: leialtasuna antzinako elkargotik (Maria), edo leialtasuna elkargo berritik (Maria Magdalena). Horrela biltzen da iraganeko egunetan bizi izan den onena, eta ikuspegi osoa errealitate berriari zabaltzen zaio. Une honetatik gauzatua eta betea gelditzen da Jainko Aitaren egitasmoa.

- Hementxe gaude gaur, elkargo berrian esku hartuz, ikasle maitearekin elkartean esku hartuz, "ikasle maite izanez"; Jesusen eskaintzatik jaio den hura da hau, eta onartzen du "ikusi eta entzun" duena eta testigutza ematen. Hau da errealitate berria sortzen duen esperientzia. Hemen oinarritu behar da dena. Hau da gure kontenplazioaren eta bizitzaren helburua.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue