castellano euskera batua euskera bizkaiera

DOMINGO BARBERI Dohatsua

Abuztuaren 26a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: 1 Korintoarrei 1, 10-13. 17-18

"... Jesukristo gure Jaunaren izenagatik eskatzen dizuet; izan zaitezte iritzi bereko, eta ez ibili banatuta; bat egizue elkarrekin, iritzi bereko eta gogo bereko izanez… Zatitua al dago Kristo? Paulo gurutziltzatu ote zuten, bada, zuengatik? Edo-ta Pauloren izenean bataiatuak izan ote zarete?... Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, Berri Ona zabaltzera baizik; eta hori ere, ez jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak indarrik gal ez dezan...".

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Paulok arriskuan ikusten duen batasunaren alde erregutzen die (10.a). Ondoren, egoera argitzera jotzen du, Cloe-ren familian zerbitzen daudenen bidez jakin duenez: elkartean bertan hainbat erlijio-alderdi sortu dira, batasuna motelduz (11.a). Eta jarraian orduan indarrean zegoen teologi dotrina eskaintzen die: Kristo da benetan biltzen duena, Berak bakarrik eman duelako bizia gizonen alde (13.a). Pauloren hizkera mingarria da ("eskatzen dizuet": 10.a), elkartea lau taldez zaurituta benetan galdu-gordean aurkitzen baitu: Pauloren, Pedroren, Apoloren eta Kristoren taldeak (12.a). Egia esan, pertsona hauek ez dira ibili zatiketa sortzen; Korintoko kristauak beraiek, lau hauen izenak erabiliz, izan dira horren errudun. Paulok zuzenean Kristorengana jotzen du: Berarengandik dator osoki errealitate berria. Berarengan bateratzen dira gizaki guztiak, bere heriotza bide dela, bananduta zeudenak Berak bildu ditu eta.

- Horrela delarik, nola eman Jesusen berri? Paulo ez dabil harrigarrizko eta jakituriazko hizkerak erabiliz. Baliteke hemen agertzen den Paulo hau Atenas-ko areopagoan izandako porrotak eraginda sentitzea. Hango esperientziak bere iritzian sendotu egin du: iragartzea gurutzeratua izan den Kristoren berri ematea da, Berarengandik dator hutsean eta bakarrik salbamena. Jaungoikoaren Hitza batez ere "gurutzaren hitza", bera da berez bizia eta eraginkorra (Ebr 4, 12.a), ez dauka giza-laguntzaren beharrik; areago, giza-jakituriak bere argia ilundu baino ez du egiten, bere indar eragingarria moteldu.

- Paulok, Testamentu Zaharrean oinarrituz, bere ustez, erabakikorra den garrantzia azpimarratzen du. Kristo gurutzeratua judeguentzat "behaztopo" da: urkamendian esekita hil den bat Legearen aurrean madarikagarri delako (Dt 21, 23.a), eta "erokeria" da jentilentzat; izan ere, urkamendian hiltzeraino apaldu den jainkorik ezin da aintzat hartu. Bestalde, eta hain zuzen ere, gurutz-bidez agertu du Jaungoikoak bere indarra. Bai judu herritik eta bai jentil herritik izan dira Jaungoikoak sinismenera "deituak"; horregatik piztuak Jaungoikoaren logikaz bat egin behar dute eta gurutzeko jakituriaren arabera bizi eta jokatu, eta ez giza-logika huts eta hotzean.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Paulo Apostolua Jesus eta bere ebanjelioz maiteminduta dago, eta elkartearen batasuna horrela arriskuan ikusi beharra... Horren aurrean, su ta gar jartzen da aurka. Izan ere, berarentzat dena Kristorengan bilduta dago; batasunaren ardatz bakarra Jesus Jauna da. Horregatik, behin eta berriro, "erregutzen" eta "eskatzen" dio elkarteari, beti eta beste denen gainetik, batasun hori bila dezala. Beharrezko da gogo bizi hori zaindu eta bere alde jokatzea.

- Baina ez da, gero, nolanahiko Jesus bat eskaintzen diguna, aurpegi eta ezaugarri zehatz batzuk dituena baizik: JESUS GURUTZERATUA. Paulok dioskunez, hortxe agertzen da inon baino hobeki Jaungoikoaren maitasuna eta bere egitasmoa. Hori dela eta, "jakituria" kontu hori, nahita hori bera izan bere herriak ezetsia, edo eta jentilak "erokeritzat" hartua, gisa horretako Jaungoikoa sinistu ezinik.

- Ikusten denez, apostolu handi hau aldi guztietako sinistedunentzat da erakusle argia, eta baita Nekaldiko espiritualtasun-iturritik "xurrupatzen" dugunontzat ere. Hauxe da Gurutzeratuaren proposamen-gonbite bakarra: norbere bizitza ematerainoko Jaungoikoaren "logikaz" beti bat egitea. Beste behin gehiagotan, eta batasun eta bakearen apostoluaren jaiegun honetan, Kristo Gurutzeratuaren indar salbagarriaz jabetu gaitezela.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Joan 17, 18-26

"... Ez dizut hauengatik bakarrik eskatzen, baita hauen hitzari esker Nigan sinistuko dutenengatik ere; guztiak bat izan daitezela, Zu, Aita, Nigan zauden eta Ni Zugan nagoen bezala; hauek ere Gugan bat izan daitezela, munduak sinis dezan Zuk bidali nauzula… Aita, hau da nire nahia: Zuk eman dizkidazunak, Ni nagokeen tokian, Nirekin egotea, nire aintza ikus dezaten, Zuk Niri emandako aintza, mundua izan baino lehenagotik maite izan nauzulako...".

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek bere "Apaiz-otoitz"-aren hirugarren zatian ikuspegia zabaldu egiten du. Lehen Aitari bere alde eta ikasleen elkartearen alde eskatzen dio. Orain bere otoitza ondorengo sinistedun guztien alde zabaltzen da (20-26.aa). Eskari orokor baten ondoren (20.a), atal bi ezberdinek jarraitzen dute: batasunaren aldeko otoitza (21-23.aa) eta salbamenaren aldekoa (24-26.aa).

- Noren alde otoi egiten dion agertu ondoren, Jesusek sinistedun guztien arteko sinismenean eta maitasunean oinarritutako batasun dohaina eskatzen dio Aitari. Batasun honek Aitaren eta Semearen arteko kopresentzian du oinarri, haien arteko batasun sakonean, sinistedun elkartearen oinarri eta eredua. Bizi-giro honetan, Jesus onartzen eta bere hitza sinisten duten neurrian "bat" egiten dira. Gorengo ideal hau, Jainko Pertsonen arteko batasunean oinarritua dagoelarik, kristau elkartearentzat sinismenera dei bizia da eta Jesus Beraren misioaren ezaugarri argia.

Horren ondoren, Jesusek bere azken gurariak agertzen dizkigu: bere inguruko ikasleak gizaldietan Berarengan sinistuko duten fededunekin bat eginez, eta ikasleei egindako agintzarien betetasuna guztiengana luzatuz (24.a). Azken eskarian, bere misioa berreskuratzen du, hau da, Aita ezagutzera ematea (25.a), eta guztiak bere misterio barruan onartzea eskatuz, Aitaren eta Semearen betidaniko maitasunezko bizi-komunioan parte hartuz. Hala ere, fededunaren Aitarekiko batasun honek, maitasun-iturburu denez, Jesusen Espirituaren barrengo presentzian du oinarri.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesusen Apaiz-Otoitza gaur gu guztiongana iristen da, gizaldi eta muga guztien gainetik zabaltzen baita. Izan ere, bere misioa ez da juduen muga estuen barruan zarratzen, ezta bere ingurumaritxoan ere. Kanpo herrietara jotzen du, bazter guzietara luze-zabalean jotzen du. Sekretua honetan datza: jarraitzaile guztiak Jesus Berarekin duten BATASUNEAN: "Zuk eman zenizkidanak, Ni egon naiten tokian egon daitezela" (24.a). Horrela bakarrik ulertuko dugu Jesus Berarengan dagoen Aitaren aintza.

- Berriren berri ari da Jesus: "Zu nor zaren jakinarazi diet..." (26.a): hauxe da bere bizitza osoa azpimarratzen duena, horretara zuzentzen ditu bere gogo eta ahalegin guztiak. Aitaren eta Jesusen arteko batasunaren sekretua ikasleak ulertzen duten neurrian, gai izango dira munduari Jaungoikoak egin dion maitasun dohaina iragartzeko. Horixe da bere egitekoa.

- Eta gure EGITEKOA ere bai, guk ere bere misioan parte dugu eta. Batasuna landu eta eregi, horra Jesusek gure alde Aitari zuzentzen dion guraria eta eskaria. Eta hauxe da egiten digun gomendioa... "munduak sinis dezan". Alor zabala gelditzen zaiguna! Eginahalak ere gutxi izango dira, nahiz-eta guztiak beharrezko izan.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue