castellano euskera batua euskera bizkaiera

ISIDORO DE LOOR Dohatsua

Urriaren 6a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (1 Jn 4, 7-16)

"... Maita dezagun elkar, maitasuna Jaungoikoagandik bait dator, eta maite duen guztia Jaungoikoagandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa. Maite ez duenak ez du ezagutzen Jainkoa, Jaungoikoa maitasuna bait da... Jaungoikoak digun maitasuna hontan agertu zen: Jaungoikoak bere Seme bakarra bidali zuela lurrera, gu Haren bidez bizi gaitezen. Maitasuna badela, hontan agertzen zaigu: ez guk Jainkoa maite izan dugulako, baizik Harek gu maite izan gaituelako, eta bere Semea gure pekatuen pake-opari bidali zuelako... Jaungoikoak gu hain maite izan bagaitu, guk ere elkar maitatu behar dugu... Guk ikusi dugu eta aitortzen, Aitak bere Semea bidali zuela munduaren salbatzaile. Norbaitek aitortzen badu Jesus Jaungoikoaren Semea dela, Jaungoikoa harekin dago, eta bera Jaungoikoarekin..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- "Ikasle maiteak" eskaintzen digun harribitxi hau geroagoko gogoeta bat dugu anaiarteko maitasunari buruz ezarria; egileak lehenagotik esanda euki digu, alderdi ilunetik hartuta (3, 11-15). Hemen maitasun agindua da azpimarratzen diguna, bere alderdi onetik: maitasuna beharrezko da, "Jaungoikoagandik bait dator" (7.a) eta "Jaungoikoa maitasuna bait da" (8.a). Izan ere, Jaungoikoaren izatea maitasuna da: Berak maitatzen du, barkatzen eta den osoa eskaintzen. Egiazko giza-maitasunaren sorburua Jaungoikoa da. Maitatzen duena Jainkogandik jaio da eta "Jainkoa ezagutzen dau" (7.a).

- Jainkoaren izatea hau bada, benetako maitasunera iristeko bide bakar bat dago: maitatzea. Hala ere, ez gero agnostikoak edo Elkartearen etsaiak uste zutenez, Jaungoikoa ezagutzeko jakin nahia sentitzen zutela eta. Joanen iritziz, maitasunaren oinarria honetan datza: Jainkoak berak maitatu gaituela "lehenengo", bere onginahia hutsez. Maitasun hau Jainko Semearen Gizakundean agertu da, hau gabe gizakiak ezin izango zuen benetako maitasuna ezagutu, ez bizitzarik izan (9-10aa). Jesusek maitasun zehatz jakin bat agertu digu, besterik gabe, bere burua emanez eta gu askatuz, bizia emateraino. Beraz, gizakiak Jainkoari dion maitasuna aurreragoko Aitaren maitasunari erantzuna da.

- Jaungoikoa maitasuna dela esan ondoren, Joanek kristau Elkartea jakitun ipintzen du, baieztapen honek eguneroko bizitzan dakarzkin ondoren guztietaz. Lehenengoa, Elkar-maitasuna dela Jaungoikoa gugan izateko; baldintza hau ezin bestekoa da Jaungoikoaren maitasunaz sinisteduna bihotzez jabetzeko, bere presentziaren esperientziaren fruitu bezala, Kristok Berak bizi duen maitasunari dagokion "ontasunez" (12.). Bigarrena, Espirituaren presentzia (13.). Hirugarrena, munduaren Salbatzaile den Jesusengan sinismena: "Norbaitek Jesus Jaungoikoaren Seme dela aitortzen badu, Jaungoikoa beragan dago eta bera Jaungoikoagan" (15.a).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- "Ikasle maiteak", Jesus eta bere berri onaren esperientzi berezia izan zuen harek, gero eta sakonagora jotzen du bere sinismenean eta esperentzian. Eta mezuaren muina argi eta garbi dago: maitasuna beti dator Jaungoikoagandik eta doangoa da. Ez dago inolako konponketarik, ez kontu arrarorik. Hemen sortzen da DOHATASUNAREN espiritualtasuna. Begi-bistan dago zergatia: Jainkoak ematen du beti lehenengo pausoa, eta gure maitasuna beti da, ezagutu eta gugan indarrean sumatzen dugun maitasun horri erantzuna. Jainko-maitasun horren agerpenik gorena Jesus eta bere Gizakundea da.

- "Ikasle maiteak" behin eta berriro saiatzen da ahaleginetan, bere elkarteak kristau sinismenaren oinarrietaz jabetu daitezen: dena sortzen da Aitak Jesukristogan agertu digun doango maitasunetik; gainerako guztia horren ondorengo fruitu da; areago, Joanen esperientziaz, hortik dator "egoera berria". Bizitzako bidelagun dugun ikara-bildurra menperatzen duen maitasuna ere hemen sortzen da. Izan ere, "Kristo Jesusengan aurkitzen eta Berarekin bat egiten denak", horrelakoak izaera berezi bat du berarengan, Jesus beraren antzekoa, eta horrengan beldurrak ez dauka indarrik hartzerik, desegina da. Hamaika ikara-bildurrezko espiritualtasun hankazgora joan dira apostoluaren esperientzi honen aurrean!

- Hemendik sortzen da SINISTEDUN BERRIA: Jaungoikoaren doango maitasunaren esperientzi hori sentitu eta norberagandu ezik, ezin da egiazko sinistedun izan eta are gutxiago, bere bizitzako altxorra aurkitu duenaren pozik eta adorez jarraitu. Horra zer den sinismena bere jatorrian eta oinarrian: Jesusengan agertu zaigun Jaungoikoaren maitasunaren DOANGO ESPERIENTZIA. Gainerako guztia horren ondorena da. Seme-alaba maitatuak bezala, uste onez beterik bizi eta jokatu: hauxe da apostoluak egiten digun proposamena. Esperientzi honetara deitzen digu eten gabe eta hauxe da Espirituaren ekintza guregan. Hor dago HELDUTASUNERAKO bidea. Jesusengan sinistea Berri Ona da, baina esperientzi honetatik hartu eta bizi dudanean. Hamaika kristau anai-arreba badira horrelakorik susmatu eta dastatu ere egin ez dutenak!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Jn 15, 1-8)

"... Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da mahastilaria. Nigan fruiturik ematen ez duen aihena, moztu egiten du; eta fruitu ematen duen guztia kimatu, fruitu gehiago eman dezan... Ni gabe ezin bait duzue ezer egin... Nigan ez dagoena, aihena bezala kanpora botatzen dute eta ihartu egiten da..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Atal gutxiren barruan, "iraun" aditza txitean-pitean erabilita ikusteaz zera adierazi nahi da: bera dela pasarte osoan oinarrizko hitza. 14. kapituluan, "agurreko hitzaldiaren" hasieran, Jesusen agurra eta ikasleen urduritasuna azpimarratzen badira, hemen bere eta Berarengan sinisten dutenen arteko batasun sakona eta benetakoa agertzen dira.

- Heriotzari aurre egitera badijoa ere, Jesus beretarren bizitzaren eta santutasunaren iturri izaten jarraitzen du ("fruitu ematea": 15, 6.a). Areago, Aitarengana joatea da baldintza, beretarren artean betirako "iraun" ahal izateko. Jesusek konparaketa bat erabiltzen du, Bera egiazko mahatsondotzat jarriz: profetak sarri erabilitako irudia Israel irudikatzeko: mahatsondo agorra, beti Yave Jaunaren arreta maitekorretatik iheska (Is 5). Jesus Bera agertzen da egiazko herri aukeratu bezala, Jaungoikoaren arduratasunari zintzoro erantzuten diona. Bestalde, Jakituriaz bat egiten du, kimu, lore eta fruitua eman duen mahatsondoa bezala delako (Jk 24,17).

- Beraz, irudi horrekin hauxe azaldu nahi du: zenbaterainoko batasuna dagoen Jaunaren eta sinistedunen artean, hortik zenbateko konpromisoak sortzen diren eta zer fruitu itxaroten duen Jaungoikoak. Jesus da gizadi berriaren lehensemea, gurutzeko sakrifizioaren bidez. Bera da mahatsondo santua, aihenetara bere zumo bizigarria zabaltzen duena. Berarekin bat eginda bizi denak maitasun fruitu gozorik eman diezaioke Aitari, bere izenaren aintzarako (5.8.a). Jarraian dioskunez, eta fruitu ugari eman ahal dezan, Aita-mahastilariak hartzen ditu arretak: fruiturik ematen ez duen aihen iharrak ebakitzen ditu eta fruitu dakarrenak kimatu. Kimaketa hau Jaunaren Hitzak egiten du, bihotz onez hartzen denean (3.a): orduan Hitzak zuzendu egiten du giza bihotza eta Jaungoikoaren adiskide egiten du, salbamen ekintzan lankide, bere aintzan partedun eginez (7.a).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ederra, ederrik bada, Jesusek bere ikasleekin duen batasuna adierazten duen konparaketa! Halako bizitasuna du erabiltzen duen parabolatxoak! Bera, Jesus, da mahatsondoa eta bere jarraitzaileak, aihenak. Mahatsondotik zumoa zabaltzen da, hau da bizia, mahatsondoarekin bat eginda "irauten" badute. Bestela, ihartu egiten dira, ez dute fruiturik ematen eta hil egiten dira. Parabolaren indarra "IRAUN" hitzean datza, 15 aldiz errepikatzen da kapituluan. Gainera Aita Bera da mahastilaria, aihenak Kristorekin bat eginda irautea nahi duena. Hauxe da Aitaren pozik haundiena: "Fruitu ugari eman dezazuela" (8.a).

- Askotariko konparaketak dira mahatsondoa eta mahastiaren adierazpen bezala erabiltzen direnak (Israel herria da Jaungoikoak landatutako mahastia, hainbeste amets gozo egin ondoren, hain fruitu gutxi eman diona; badu kexatzeko arrazoirik nahiko; hor agertzen dira mahastiko langile gaiztoak, nagusiari ordaina ukatzen diotenak...). Mahatsondoaren eta aihenen konparaketak adierazten du egokien, Kristo eta bere jarraitzaileen arteko batasuna.

- Horregatik testuaren ondorenak ez dira korapilotsuak: Kristok nahi izan du bere eta gure artean batasun estu eta bizigarri hau izatea. Izan ere, mahatsondotik aihenetara "lekuz aldaketa" estu hau ondoren garrantzitsuak dakarzki Jesusen jarraitzaileen bizitzarako. Beragandiko zumo bizigarria hartu ezik, ihartu eta sutara boteak izateko arriskua dugu. Harreman hau hil-bizikoa da. Nola sentitzen naiz? Nola zaintzen eta lantzen dut batasun hau?

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue