castellano euskera batua euskera bizkaiera

KARLOS HOUBEN Deuna

Urtarrilaren 5a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Is 58, 6-11)

"... Hau da nik maite dudan baraua: eten bidegabeko kateak, askatu uztarrien lokerak; utzi libre menpekoak, puskatu uztarri guztiak; eman zure ogitik, gose denari; etxean hartu, aterperik gabeko behartsuak; jantzi biluzik dagoena, eta ez bazterrera utzi zeure hurkoa... Orduan zure argia egunsentia bezala zabalduko da, eta zure osasuna berehala erneko; aurretik joango zaizu zuzentasuna, eta ondotik Jaunaren aintza. Orduan zuk hots egin, eta Jaunak erantzungo dizu; zuk deiadar egin, eta Hark honela erantzungo: "Hemen naukazu"..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Isaiasen prediku hau, seguruenik, erbeste ondorengo lehen urteetan kokatu behar da. Hona hemen testuak garatzen dituen ideiak: egiazko barauaren aldarrikapena (6-7 tx.); justizia praktikatuz egiten denean, barauak ematen dituen ondorio positiboak (8-11 tx.).

- Herria, aberrira itzuli ondoren, gogo biziz eta itxaropenez beterik dago, baina egoera etsigarria da. Zailtasunek aurreikuspen guztiak gainditzen dituzte. Yahvek gor eta axolagabe dirudi bere herriaren eskari eta gurtzaren aurrean. Profetak, egiaz, gezurrezko baraua gaitzesten du, egoera sozial larriak ezkutatzen dituena. Jainkoaren aurrean antzua da behartsuekiko solidaritaterik eta justiziarik ez duen ageriko gurtza. Bihotz berritzearen ageriko egiazko agerpena bihotzaren aldaketa dakarten behartsuekiko karitatean eta zapalduekiko errukian erakusten da.

- Horregatik, baraua eta egiazko gurtza karitatearen egintzetan daudela baieztatzeak ez du esan nahi barauaren praktika ukatzen denik; gogoratu nahi dena zera da: barauak eta gurtzak karitatea dutela beren helburu. Hau da, barauak ukapena ekarri behar du eta Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea. Indibidualismorik eta faltsukeriarik gabeko Jainkoarekiko harremana da egiazko gurtza.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Argi dago Israelek Jainkoaren gurtzarekin bere miseriak ezkutatzeko tentaldia bizi izan zuela, horrela Jainkoarekin bakean zela uste izanik. Baina profeta, Jainkoaren gizona, ez da erraz iruzurtzen denetakoa. Horregatik, bere salaketa zuzena da. Hemen ez du lekurik inolako engainuk. Solidaritatera eramaten ez duen baraua gezurrezkoa da.

- Baina gero, Eliza bera eta gu geu leku berean erori gara, harri bera erorbide izan dugularik: geure inkoherentzien eta miserien estalgarri erabili dugu gure gurtza, geure isiltasun eta pasotismoaren babesa izan duten injustizien estalgarri.

- Aipagarria da, lehen lana gurtzara emana bizitzea izan zuen gizon xume baten jaian, Karlos Houben-en egunean hain zuen, aurkezten digula liturgiak profetaren testu hau. Izan ere, badira gizon-emakumeak, gurtza bera ere behartsu eta baztertuei solidaritatea erakusteko era egokitzat ulertu eta bizi izan dutenak. Irakasbide bikaina dugu fedeko eredu eta testigu handiotan beren bizitza bideak kontenplatzen ditugunok!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Lk 6, 27-38)

"... Maita itzazue zuen etsaiak; egin on, gorroto dizuetenei; bedeinka, madarikatzen zaituztetenak; egin otoitz, gaizki esaka ari zaizkizuenentzat... Zuek, ordea, maita itzazue zuen etsaiak; egin on eta aurreratu, ordainaren zain egon gabe... Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala... Ez epaitu, eta ez zaituztete epaituko; ez gaitzetsi, eta ez zaituztete gaitzetsiko; barka ezazue, eta barkatuko zaizue; eman, eta emango zaizue: neurri zabala botako zaizue altzora, eta betea, eragina, gainezkakoa. Zuek erabiltzen duzuen neurriz izango zarete neurtuak..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Ebanjelioetako zoriontasunen oihartzun bezala aurkezten da zati hau; areago oraindik, edozein kristau zoriontasunen lehen eta azken funtsa aurkitzeko laguntza dugu.

- "Maita itzazue zuen etsaiak" (27. 35. tx.): ezin argiagoa izan mezua. Honela, bere garaiko errabino guztien aurrean, Jesus maisu eta gidari bezala nabarmentzen da: ez da maitasuna eta gorrotoa aurrez aurre jartze hutsa, askoz gehiago eskatzen du: bere ikasleen maitasunak gorroto dituztenengana heldu behar du, hain zuzen ere. Ez da airean dagoen maitasuna, keinu txiki ugaritan erakusten den maitasuna baizik.

- Aurrerago, Lukasek Jesusen ezpainetan jartzen duen espresioan Mateoren "perfekzioa" hitzaren ordez "errukia" hitza erabiltzen du: "Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala" (36. tx.). Ebanjelioko espiritualtasunean perfekzioa lagun hurkoarenganako maitasunean erakusten dugu, maitasun honek Jainko seme-alabon identitatea agertzen baitu, ontasunean eta errukian Jainko horren antzeko egiten garelarik.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Argi dago Lukas ebanjelariak eskaintzen digun irakaspen hau Jesusen irakaskuntza osoaren bihotzera hurbiltzen dela. Jesusen hitz bakoitzak, parabola bakoitzak, keinu bakoitzak ez du besterik erakusten: handia eta errukitsua, eraman handiko eta barkabera, baldintzarik gabekoa den Jainkoaren maitasun horren egia.

- Eta Lukasek, gainera, pedagogo on batek bezala, Jainkoarengan perfekzioa eta errukia elkartzen ditu. Ikaslearen perfekzioak Maisuaren helmuga berera jo behar du: norbere burua emateraino maitatzera, ezer gorde eta bilatu gabe, norberaren indarrek ahal duteneraino, damu eta errebantxarik gabe; denak eta beti maitatzera, inor baztertu gabe.

- Ona da, gure sinesmeneko eta gure Familiako testigu onenen jaiak gogora diezagun, ebanjelioko espiritualtasunaren muin sakon eta bizi hori. Hau beti ondo etortzen zaigu, gure ibilbideko edozein momentutan. Ezin dugu, bada, "albora utzi", behin eta berriro entzuniko irakatsiak badira ere. Izan ere... muinekoak baitira, oinarrizkoak. Horra hor proposamena!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue