castellano euskera batua euskera bizkaiera

Jesusen OTOITZALDIA BARATZEAN

(Hausterre egun aurreko asteartea)

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Heb 5, 1-9)

"... Kristok, haragizko bere bizitzaldian, heriotzatik gorde zezakeenari, deiadar handiz eta negarrez, otoitzak eta eskariak egin zizkion, eta bere begiruneagatik entzun egin zitzaion. Eta Semea izanik ere, bere neke artean ikasi zuen esaneko izaten; eta bere betera iritsirik, haren esaneko direnentzat betiko salbamen-iturri egin zen..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Irakurketarako proposatzen zaigun pasartea arreta handiz idatzia izan da. Itun Zaharreko apaiz nagusiaren bereizgarriak ematen dira lehenengo. Guk badakigu, Jainkoarekiko harremanetan gizakien alde jokatzera deitua zegoela hura (1. tx.); beretako bat izanik, haien izaera sakonetik ezagutzen du (2. tx.); eginkizun hau Jainkoagandik hartu behar du.

- Ondoren, bereizgarri hauek -azkenengotik lehenengora- Jesusi egozten dizkio idazleak, hura dela egiaz apaiz nagusi bakarra adieraziz. Jaungoikoak hautatu bezala, Semea ere bada, betiko dirauen apaizgoaren hartzaile; errukitsua da gizakiekin, eta, bekaturik izan gabe, bere burua eskaintzen du opari bezala, ez kanpoko sakrifizioak, horrela gizaki guztiei betiko salbamenaren bidea zabaltzen dielarik.

- Hebertarrei eginiko gutunaren erdigunean aurkitzen gara: gurutzeko heriotzaraino gizakiaren sufrimenduan esku hartu nahia Aitari eskaintzen dion unean ikusarazten digu Kristo. Honek, "deiadar handiz eta negarrez, otoitzak eta eskariak" eginez (7a tx.), aurkeztu zion bere eskaintza, eta atsegin izan zuen Aitak Jainkoaren nahiarekiko erakutsi zuen begirunezko menpetasunagatik. Horrela lortu zuen "perfekzioa" (9. tx.) eta bere hitza onartzen duten guztientzat salbamena iritsi ahal izan zuen.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hebertarrei eginiko gutunaren idazleak gure begi-bihotzak Jesusengan jartzera gonbidatzen gaitu: Hura da Apaiz nagusia, egiaz gugatik errukia senti dezakeena, gurekiko solidaritatea "deiadar handiz eta negarrez" ordaindu baitzuen eta "neke artean ikasi zuen esaneko izaten". Orain Aitaren aurrean dirau oroigarri santu eta atsegingarri bezala. Horrela, ireki zaigu, azkenik, Aitaren bihotzera sartzeko bidea, eta ziur gaude gure gurari guztien gainetik izango garela entzunak.

- Baina hori ez da guztia; Jainkoaren aurrean gure ordezkari izateaz gain, Jainkoaren presentzia bizia ere bada gizakion artean, gutako bakoitza pozezko eta jai giroko otorduan sentiarazten duen Senarra da, barau egiterik ez dugula, orain betiko gurekin dagoelako, munduaren azken egunera arte.

- Sakonki ukitzen gaituen hitz zoragarri baten aurrean gaude, beraz, eta egiazko EBANJELIOA osatzen du, itxaroten genuen Berri Ona. Gure ezjakintasunak, gure oker eta galbideak aurkitu dute azkenean bere izenez deitu eta aldatzeko gai den norbait, geurea dugun ezer baliogabetzat jotzen ez duena. Jainkoak maite gaitu, Jainkoak maite nau: hau da Jesusen agerpen handia; bere hitzak eta egintzak, bere egoteko eta begiratzeko erak, bere… denak errealitate berri honetaz dihardu. Senideen alde ari den APAIZA da. Ez gutxiagorik!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Lk 22, 39-46)

"... Aita, nahi baduzu, ken Nigandik kaliza hau; baina ez bedi nire nahia egin, zurea baizik… Larria sartu zitzaion Jesusi, eta areago otoitz egiten zuen..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Amaitu da otordua, bukatu bozkariozko bertsoen kantua. Azken salmoan (118.ean) esaldi hauek ere esan dituzte: "alde guztitik inguratu ninduten… erleek bezala... gogor bultzatu ninduten lurrera botatzeko... etxegileek baztertutako harria...". Jarraian datorren otoitza eta bere giroa guztiz ezberdina da.

- Maiz etorri ohi zen Jesus leku honetara (39. tx.); Jesusek ez du bere burua ezkutatzen atzematea saihesteko. Bere ikasleak ere beren mesias egitasmoari, beren ideiei ("tentaldia", 40 tx.) uko egitera bultzatzen ditu, eta Jainkoari otoitz egitera, bere salbamen asmoak ulertzen lagun diezaien. Jesusek bere bizitzako une erabakigarrietan egiten duen otoitza azpimarratu egiten du Lukasek: 3, 21; 5, 16; 6, 12; 9, 18.

- Jesusek Aitaren asmoa beste asmo guztien gainetik ipintzen duen bezala (42. tx.), horrela onartu behar lukete ikasleek ere Gizonaren Semearen etorkizuna, beren buruan itsatsia zuten Mesiasen ideiari uko eginez. Afarian Eukaristiarako erabili zuen koparekin lotua dago "kaliza" (Lk 22, 17.aa). Hau da Aitak eskaintzen zion kopa eta Hamabiek elkarren artean banatu behar zutena. Baina beretarrak "lotan daude" (45 tx.), bakarrik utzi dute; ihesa, bidean da.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Heldu da une erabakigarria eta Jesusek ez du saihesten "bere ordua"; Aitaren egitasmoari eta haren salbamen asmoak burutzeko guztiz neketsuak gerta dakizkiokeen bideak leialtasunez hartzeko behin-betiko sasoia da. Izan ere, une honetan Jesusek, Aitaren "eskakizunaz" gain, bakardade ikaragarria sentitzen du: beretarrak "lo daude" eta bakarrik utzi dute; hain zuen, beren ideia mesianikoa ez dator bat Jainkoaren planekin. Jesusek, bai, onartzen ditu; ikasleek, ez.

- Unearen larria gordintasun osoz ematen du ebanjelariak, "odol tanten antzeko izerdia" aipatzen du, Jesusek une erabakigarri honetan bizi duen estualdi eta barruko borroka gogorraren adierazgarri. Izan ere, Aitaren "isiltasuna" eta beretarren alde egin beharra sentitu arren, Jesus Jainkoaren asmo eta planetara irekitzen da. Hori da...!

- Jesusen jarraitzailearentzat ESKOLA bikaina, Jesus ez baitabil hemen "ezkutuka", baizik eta leialtasunaren eta bizia ematearen bidea hartzen baitu. Hebertarrei eginiko gutunean gogoratu zaigunez, "neke artean ikasi zuen esaneko izaten": hau da bidea eta ez da bat ere erraza; zailtasun hori, Jesusekin berarekin hainbeste gauza bizi izan dituztenengan aurkitzen dugu: bere taldean, bere ikasleengan. "Tentaldia" beti ondoan dago: neketsua gertatzen zaigu Jainkoaren asmoak onartzea eta geure planei uko egitea. ESKOLA da!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue