castellano euskera batua euskera bizkaiera

GURUTZE SANTUAREN GORALPENA

Irailak 14

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Zenbakiak 21, 4b-9

"... Bidez aspertuta, Jainkoaren eta Moisesen aurka marmarrean hasi ziren: Zertarako atera gaituzu Egiptotik, basamortuan hiltzeko? Ez da, ez ogirik, ez urik; eta asperturik gaude janari txar honekin... Orduan Jaunak pozoi-miztodun sugeak bidali zizkion herriari; hauek hozka egiten zieten, eta israeldar asko hil ziren. Herria Moisesengana joan zen, eta esan zion: Bekatu egin dugu, Jaunaren eta zure kontra marmar eginez. Eska iezaiozu Jaunari ken ditzala sugeak gugandik... Egin zuen Moisesek tupikizko suge bat eta hagaren muturrean ipini zuen. Sugeren batek inori hozka egiten zionean, tupikizko sugeari begiratzen zion eta sendatu egiten zen..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Hebertarrek, agindutako lurrean sartu baino lehen, basamortuan izan zituzten azken gorabeherak kontatzen dizkigu Zenbakiak liburuaren idazleak 20-21 kapituluetan. Herriak ez du nahi duenik eta marmar egiten du ("asperturik gaude janari txar honekin"); asaldatu egiten da, gose eta egarri (5. tx.), jasangaitza egiten zaio bideko nekea (2. tx.).

- Eragozpen horiek itsuturik, ezin du Jainkoaren indarra ezagutarazi, ez du jadanik Jaunarengan federik; areago oraindik, bizitza pozoitzen duen norbaitzat hartzen dute. Jainkoak, suge pozoitsuak bidaliz, erakusten du herriarekiko bere epai zigorra (6. tx). Heriotzaren esperientziaren aurrean, berriz, juduek Jainkoarengandik urrunduz egin duten bekatua aitortzen dute eta barkamena eskatzen. Eta sugearen hozkada hilgarria gertatzen zen bezala, orain hagaren muturrean jarritako haren tupikizko irudia gorputzeko salbamen iturri bilakatzen da hozkatu guztientzat.

- Gertaera honen testuinguruan ez balego, ziurki idolatria keinua izango litzateke. Ezekias erregeak geroago suntsituko duen kultu gai hau (2 Erg 18, 4) Yahveren pedagogia zuhurrarekin lotzen du tradizio yahvistak. Moises bitarteko, sugeak era berezian gurtzen zituzten ondoko nazio paganoen kultuei amore ematea saihesteko aukera eskaini zion bere herriari.

- Moisesek basamortuan jasotako tupikizko sugean gizonaren Seme gurutziltzatua altxatzearen aurre irudikatze profetikoa ikusten du Joanen ebanjelioak.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Oraingoan ere, Israelen historia "liburu irekia" da guretzat, sinestun bezala bidean aurrera goazenontzat. Israel nekatua dago eta Jainkoaren eta honen ekintza errukitsu eta babeslearen aurka jaikitzen da; eta herri honen alde bitarteko lanetan nekatzeke jardun duen Moisesen aurka. Asaldatze eta bekatu historia da; sinbolo bikaina geure bizitzarako.

- Eta, berriro ere, Jainkoaren BIHOTZA aurkitu eta hausnartzen dugu, erraietan daramana aztertzen. Zentzatu eta "zigortzen" duen Jainkoa, baina, batez ere, bizitza maitatzen, bilatzen eta bere herriaren aukeran jartzen duen Jainkoa. Erraz desbideratzen den herria (idolatria adierazpenak, honako narrazio honetan bezala), baina Jainkoak eskutik uzten ez duena eta bere babes maitekorra ukatzen ez diona.

- Narrazio hau eta orrialde hauek Jesusen mezu eta salbamen ekintzaren sakontasun eta indarra bete-betean bizitzeko prestatzen gaituzte: "lurretik jasoa nautenean, denak niregana erakarriko ditut" (Jn 12, 32). Jainkoaren salbamena hezurmamitzeko "gunea" da Jesus; honengan, dena lor dezakegu "goietara" begiratzen dugunok. Hau da gaur kontenplatzen dugun misterio eder eta harrigarria.

# # #
#
# # #

2.IRAKURGAIA : Filipotarrei 2, 6-11

"... Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik, ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari; bestela baizik, bereaz hustu egin zen, morroi-izaera hartuz, eta beste edozein bezala azalduz. Eta gizon bezala agerturik, apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino, gurutzeko heriotzaraino. Horregatik Jainkoak goratu egin zuen, eta izen guztien gaineko izena eman zion, Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen, zeruan, lurrean eta lurpean, eta mingain guztiek aitor dezaten: Jesukristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Itun Berri guztiko orrialderik bizi eta ederrenetarikoa aurkezten digu gaur liturgiak. Seguruenik, funtsezko garrantzia duen gorazarre kristologiko hau Paulo baino lehenagoko tradizioak sortua da eta Paulo haren testigua.

- Gorazarrearen atarian apostoluak egiten digun erreguak "Kristo Jesusi loturik daudenei dagozkien sentipenak" (5. tx.) izatera gonbidatzen gaitu. Ez da gomendatze hutsa, Kristoren eredua jarraitzeko oharpen autorizatua baizik, hau da, hura bizi izan zen bezala bizitzeko eskatzen digu. Ondoren gorazarre kristologikoa dator, liturgiak sarritan nabarmentzen duena. Kristoren jokaera eredugarria "bere misterio" honetan oinarritzen da, eta honek, berriz, kristau bakoitzaren bizitza argitzen du.

- Gorazarreak bi zati ditu. 6-8 txatalek katabasi delakoa deskribatzen dute, hau da, Jesusen beheratzea, Jainkoa gizon egitea, "morroi-izaera hartu zuen" eta "heriotzaraino, eta gurutzeko heriotzaraino" apaldu zen. 9-11 txatalek, berriz, anabasi delakoa deskribatzen dute, hau da, Jesusen goratzea Jainko Aitaren egitez, piztu egin zuen eta "izen guztien gaineko izena eman zion", gurgarria zeruan eta lurrean, mundu osoari aldarrikatu behar zaion izena: "Jesu Kristo Jauna da" (11a tx.). Kristoren misterioa laburbildurik dago era lineal batean eta osorik: kristau bakoitzaren fedeak hemen aurkitzen du bere zentroa eta sintesia Pauloren bitartekotasunari esker, hau ez baitzen ebanjelizatzaile huts, misterio honen ikasle eta testigu ere bai baizik -eta lehenago, noski-.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Beste batzutan bezala, oraingoan ere bere pentsamendu eta bizipenaren sintesia eskaintzen digu apostolu handiak, eta hemen Kristo Jesus da guztiaren ZENTROA; baina era guztietako agintetatik husturik. Hemen datza Bitartekoaren indarra, Jainko Aitagandik hartzen duena, "Izen guztien gaineko Izen" izatearen egoera berrian.

- Kontraesankorra da: guztien morroi eta zerbitzari eginik da JAUNA. Hor berreskuratzen du guretzat errealitate berria, Adan zaharraren "ezetzak" galdu ziguna. Hortik dena berri bihurtzen da Jesus beren bizitzen Jaun bezala onartzen dutenentzat. Hau da Biziaren Jainkoak atsegin duen logika.

- Taula bikaina guretzat, hainbestetan "logika" hain ezberdinaz gabiltzanontzat! Honela da Jainkoa eta atsegin du bere bihotzak bizitza era honetan ulertu eta bizitzea. Gelditzen zaigu ibiltzeko biderik! Gaurkoa bezalako jaiek logika horretara hurbildu eta Jainkoaren maitasun-asmoen misterio eder hori "ulertzeko" aukera ematen digute. Beharrezkoa da "urrats" horietatik joan eta atsegin hartzea. Nola sentitzen zara, senide, hain berezia den proposamen honen aurrean?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Joan 3, 13-17

"... Aldi hartan, Jesusek honela esan zion Nikodemori: Inor ez da zerura igo, zerutik jaitsi zena besterik: Gizonaren Semea. Moises-ek basamortuan sugea altxa zuen bezala, hala altxa beharra da Gizonaren Semea; sinesten dion guztiak betiko bizia izan dezan. Hain maite izan baitu Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra eman dio; hari sinesten dionik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. Jaungoikoak ez baitu bere Semea, mundua galtzera bidali; baizik haren bitartez mundua salba dadin..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Nikodemori emaniko erantzunaren jarraipena den irakurgai honetan, Jesusek bere identitatea agertzen dio eta jasan beharko duen zoria, Aitagandik hartutako eginkizuna eta gizakien artean izango duen azkena. Zerutik jaitsitako gizonaren Semearen irudi aintzatsuarekin bere burua identifikatu ondoren (13. tx.), herri bekataria heriotza segurutik libratzeko basamortuan Moisesek altxa zuen tupikizko sugearekin (Zen 21, 8-9) alderatzen da.

- Pasarte hau ulertzeko, laugarren ebanjelioak hain berea duen sinboloen munduan sartu beharra dago. Sugeak heriotza gogoratzen du, baina baita haren antidotoa ere. Egia esan, Israelen inguruko zibilizazioarentzat sugea emankortasunaren irudia zen. Madarikatu bezala Jesus gurutzean goratua izateak, desohorearen gailurra izanik ere, bere aintzaren betea ematen du. Kristoren gorespena eta hura gurutzean goratua izatea aldi berean ematen dituen Joanen teologiaren lehen adierazpena agertzen zaigu hemen, gurutzean agertzen baita, hain zuzen, Jainkoren maitasun salbatzailea bere distira osoan.

- Hau dena ondorengo txataletan azaltzen da: maitasunak eragiten dio Aitari, gizakia bekatutik betiko bizitzara igaro dadin, Seme bakarra ematera (16. tx.).Baina dohain honek fedearen harrera eskatzen du: basamortuan tupikizko sugeari begiratu beharra zegoen, orain Jesusengan sinetsi beharra dago. Aitak Semea bidaltzea salbamen misiorako da (17. tx.), eta bakoitzak, onartuz edo gutxietsiz, epaia berekin dakarren aukera egiten du.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ebanjelariaren gogoeta honekin, kristau fedearen eta agerkundearen muinera heltzen gara: iniziatiba Jainko berberarena da eta salbamen ekintza. Jainkoa, "ikasle maitearen" ustez, beti onerako ari da eta inoiz ere ez kondenatzeko. Eta, egia esan, hau da Jesusen berri handia: bizia ematen duten egintzak burutu eta horrela Jainkoaren egitasmoa hezurmamitu: Jesusek onartzen, barkatzen, bilatzen duenean… Jainkoa bera ari da harengan. Ederra, oso ederra eskaintzen zaigun mezua!

- Baina Jainkoaren egitasmo hau onartua edo baztertua izan daiteke: horra hor edozein gizakik aurrean duen dilema. Ebanjelariaren iritziz, onartzea Jesusen pertsona onartzea da; hau da, haren argiari argitzen uztea, eta honek ondorio oso argiak ditu bizitzan, argia onartzen duen horrek Jesusen antzera jokatuko baitu. Baztertzen duenak, iluntasunaren aukera egiten du; bere bizitzaren ibilbidea ilunpean izango du.

- Gogoratu beharra daukagu berriro ere hau dena ez dela ideia eta printzipio kontua, zerbait askoz biziagoa baizik: ni neu naiz Jainkoak maitatu duena eta maitatzen jarraitzen duena; neuri eskaintzen zaizkit Jesus Jaunaren bizia emate eta piztueraren fruituak. Nire fedea neure egitea, biziagoa egitea, nire eguneroko bizimoduari zuzenean heltzen diona bihurtzea da kontenplazio honen azken helburua, Gurutzearen Goralpenaren jai honetan.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue