castellano euskera batua euskera bizkaiera

PASIOTAR FAMILIAN HILDAKO LEKAIDE-LEKAIME GUZTIEN OROIPENA

Azaroaren 5a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Erromaterrei 14, 7-9. 10c-12)

"... Guretakorik inor ez da beretzat bizi; ezta inor beretzat hiltzen ere. Bizi baldin bagara, Jaunarentzat gera bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gera hiltzen. Beraz, nahiz bizitzan, nahiz heriotzan, Jaunarenak gera. Honetarako hil eta piztu zen Kristo: bizien eta hilen Jauna izateko... Beraz, gutako bakoitzak bere buruaren kontua emango dio Jainkoari..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- "Beraz, nahiz bizitzan, nahiz heriotzan, Jaunarenak gara" (8. a.): kristauaren bizi berriak jabetasun-zentzun bat dauka (1 Kor 3, 23), Kristorekin bat eginda egotea, gure egunen eta joan-etorri guztien Jauna Bera dugulako. Isaiasen 45, 23 eta 49, 18 pasarteak argi eta garbi erakusten dute Jaungoikoaren jauntasuna, unibertso osora zabalduta: errukiz onartzen duen jauntasuna, Israel herria gogo onez bihurtzen zaion Jainkoa.

- Jaungoikoaren epaitegi aurrean" kontu eman behar horrek zera eskatzen digu: gure lurreko bizitza barru-barruko begiz ikusi eta bizitzera gonbidatzen gaitu, eragingarri batek bideratuta ("Jaunarentzat bizi", "Jaunarentzat hil", 8. a.), horrek ematen dio zentzun betea. Jaunaren aurrean osorik eta zabalik bizi denak onartzen ditu gorabeherak eta giza ahultasuna inolako kezkarik gabe. Hor sartzen da hurkoa onartzearen jarrera (Er 14, 1; 15, 7). Hurkoa anai-arreba da.

- Hemen aldaketa sakona jartzen zaigu aurrean: Kristo Jaunak gutaz duen jabetasunetik, bere heriotzaz eta piztueraz gure bizitza absurdotik atera duelako kontzientziatik, gero eta gure bizitza sakonago eta osokiago gutaz jabetzen dijoanaren kontzientziara: ezin da bizitza beragan itxi eta tolestu, bestela baizik: bakoitzaren bide berezien errespetuz, gutariko bakoitzak elkarmaitasunezko harremanetara ireki eta deitua dago; Kristo Bera da eragingarri honen iturburu.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Elkarteko bizitza barruko giroan jarraitzen dugu, elkartekideen pentsaera ezberdinen arteko tirabirak hor sortzen baitira. Hemen dator apostoluaren irakatsia: gora handirik ez daukaten gauzetan tolerantzia eta, batez ere, benetan garrantzitsu diren gauzak beti aurrean eduki: "Bizi bagara, Jaunarentzat bizi gara, hiltzen bagara, Jaunarentzat hiltzen gara; nahiz bizitzan, nahiz heriotzan Jaunarenak gara" (8. a.). Horra elkar-bizitzarako giltza egokia.

- Izan ere, Jesusen jarraitzailearen bizitzan JABETASUNAREN zentzu berri bat sortzen da: Kristoren aldetik egotea, Bera gure existentziaren Jauntzat onartuz; honek beste era batera izatera eta bizitzera garamatza, dena ikusten eta baloratzen delarik Jesus Jaunaren "erreferentziz". Orduan bai dela zail anaiaren "epaile" bihurtzea; kontuan edukitzekoa da hau, elkar-bizitzako eztabaida eta eragozpenen aurrean.

- Jesusen testigu argi honek, Paulok, berriz gonbidatzen nau zer den akzidentala eta zer substantziala aztertzera. Eta esentziala denaz bakarrik bizitza oinarritzera dei egiten dit, Kristo Jesusi emana dagoenari dagokionez, era berriko bizitza eginez: Berak nitaz duen jabetasunari eutsiz, jarrera hau egunero landuz, Berekiko harreman pertsonalean sakonduz, bere egitasmoa, bere Hitzak oinarritzat hartuz. A zer saila! Gonbidapen itzela!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Joan 6, 37-40)

"... Aitak ematen didan guztia Nigana etorriko da; eta Nigana datorrena ez dut kanpora botako. Zerutik ez bait naiz jaitsi nire nahia egiteko, bidali nauenaren nahia baizik. Eta hau da Ni bidali nauenaren nahia: eman didanetik, ez dezadala ezer galdu, baizik-eta piztu dezadala azken-egunean..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jende-taldeak ikusi eta entzun du Jesusen Hitza aurreko pasartean, baina ez du ezagutu Beragan zerutik jaitsitako Jaungoikoaren Semea, basamortuko mana bezala. Orduan salatzen du Jesusek, samintasunez, judeguen artean zabaldu den sinesgogorkeri hori (36. a.); alperrik izan da Aitak Semearen bidez eskaintzen dien salbamena eta bizitza (Jn 3,14; 4, 14. 50; 5, 21. 25. aa.).

- Haserako Eliza jakitun zegoen bere eta Sinagogaren arteko gatazkaz, eta ebanjelariaren bidez, Maisuarekiko batasunari sendo eusten dio, Jaungoikoaren proiektua sinistedun bakoitzak Jesus onartzeaz gauzatzen dela azpimarratuz. Jesus haragi egin da, ez bere gogoa egiteko, bidali duen Harena baizik: Jaungoikoaren egitasmoa salbagarria da, eta Aitak Semearen eskuetan utzi du: gizakiak Jesusengan salbatzen direla, inortxo galdu gabe.

- Areago, Aitak Semearen eskuetan utzi dituenak "azken egunean piztea" nahi du (39.a). "Azken eguna" esaldiak Joanengan esanahi berezia du: gizakiaren sorrera amaitzen den eguna da eta Jesusen heriotza bertan suertatzen da; heriotzaren gain Semearen azken garaipen eguna da. Egun horretan, Jesusek bere egitekoa amaituko du piztueraren bidez eta betiko biziaz koroitu.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hauxe da gizateriaren historia gizaldietan zehar: beti zerbaiten bila bere gosea ase nahirik. Hemen eskaintzen zaigu Bizi-Ogiari buruzko katekesia, Aitaren egitasmo maitetsuari esker, Jesusengan burutzen dena. Hemen ebanjelariak Maisua gogo beroz onartzera bultzatzen gaitu, berak ere Aitaren borondatea bihotz-bihotzez onartu duen bezala. Horixe da Jesusen bizitza osoaren sekretua, eta baita bere proposamenarena ere.

- Eta onarpen honek berarekin darama betetasuna, "betiko bizitza", Jesusek Bera onartzen dutenei ematen diena; Bera da gizakien bihotzetan dagoen gosea asetzen duena. Horregatik, gose den gizateriari Aitak bidaltzen dio bere Semea, aseko duen benetako Ogia.

- "Ikasle maiteak" erakusten digun bidea argi dago: nire bizi eta osotasun gosea ase daikenari egunero irekiten joan, uste osoz onartu eta eukaristiako ogian gauzatu; orduan bai iritsiko ditugula nahi ditugun fruituak; horrela ezagutzen du berak Jesus eta "Biziaren Ogia" dionean agertu nahi digun dena. Horregatik, hau jaunartu edo ez jaunartu baino askoz gehiago da.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue