castellano euskera batua euskera bizkaiera

GRIMOALDO SANTAMARIA dohatsua

Azaroaren 18a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Filipotarrei 4, 4-9

"... Zaudete beti pozik Jaunagan, berriro diozuet, zaudete pozik. Ezaguna izan bedi gizon guztientzat zuen bihotz zabala. Hurbil da Jauna. Ez euki ezeren kezkarik, baizik-eta beti ta beti zuen esker onezko otoitz eta eskarietan agertu zuen eskabideak Jaungoikoari... Aintzakotzat har ezazue egiazko, jator, zuzen, garbi, maitagarri, izen oneko den guztia; hartu aintzakotzat onbidetsu edo goragarri den guztia... Eta bakearen Jaungoikoa zuekin izango da..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Alaitasunez eta beldur gabe bizitzeko gonbidapenak (Ez euki ezeren kezkarik": 6.a.) San Paulorengan halako oinarri sendoa dauka: "Hurbilean da Jauna". "Jauna" hemen ez da bakarrik Jaungoikoa, baita Jesus ere, Beragan Jaungoikoa gizakiongana hurbiltzen da-eta. Filipotarrei egindako epistolan argi gelditzen da honako hau: gauza bat dela kristau itxaropena eta beste gauza bat aldez edo moldez baikor izan nahi duenaren itxaropena. Hau ez da oinarritzen bakoitzaren gurarizko sentimenduan, baikortasunak eraginda; bestela baizik, Jesus Jaunagan, etorkizuna bere eskuetan baitago. Hiru hitzetan laburbiltzen ditu pertsonaren eta elkartearen itxaropen-alderdiak: poza, konfiantza, bakea.

- Paulok, Filipotarrei egindako Idazkiaren bukaeran, aholku batzuk eskaintzen dizkie. Lehenengo eta behin, ez eman lekurik "larritasunari". Ez makurtu bizitzak eransten dizkizuen mila eta bost arazoen aurrean, alde guztietatik arretaz betetzen zaituztenak, bakea eta bizipoza kentzeraino. Horra Pauloren aholkua: "Ez euki ezeren kezkarik" (6.a.). Fededunak badu ebanjeliotik datorren bide jakin bat bizitzako zoritxarrak menperatzeko: esker onezko otoitz eta eskariak uste osoz Jaungoikorenagana jasotzea. Horra era askotako aukerak Jaunari otoitz eskariak egiteko, Bibliatik darion giro oparotik hartuta. Salmoak ditugu gogoan.

- Jaungoikoarengan uste on duenak, Berarekin fidatzen denak eskaria beroak eginez, Berarekin elkarrizketa gozoan jardunez, bakearen opari ederra eskuratuko du (7.a.). "Uste guztien gainetiko bakea"; hau da, giza-mailako pentsamendu, proiektu eta aukeramen guztien gainetikoa. Izan ere, benetako bakearen iturburua Jaungoikoarengan dago: mundura bidali digun bere Seme Jesukristo, "gure bakea".

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Paulo hau aberats agertzen zaigu, bai teologiako gai sakonak proposatzean, bai aholkuak eskaintzean, baina beti bihotz-hondotik eta bizitzari sendo eraginez. Bizitzari itxaropen "espirituz" aurre egitea, hau da Filipotarrei egindako idazkian gomendatzen diena. Horregatik diotse: "Zaudete beti pozik Jaunagan" (4.a.); hori da bere gogorik sakonena, fededun batek bizi ahal duen eta behar duen "giroa". Ez da txantxetakoa! "Ez izan ezeren kezkarik" (6.a.): erraz esaten da, baina... zein da hau iristeko sekretua?

- Guzti honen sustraian JESUS BERA dago, Bera bihurtu da pozaren eta bakearen eusgarri, baita gerora begira ere. Fededunak, Jesusen antzera, Jaungoikoa egiten du bere bizitzaren erreferentea; baita bere otoitzarena ere (zein hala zein hola egin); eta Jaungoiko horrekin eta bere proposamenekin fidatzen dena BAKEAREN opari zoragarria jasoko du. Apostolua bera jartzen zaigu bide horren jarraibidetzat, eta fededunen eredutzat, berak -Jesusen zerbitzariak- irakatsi eta eskaini dien eredua.

- Behin eta berriro, apostoluak gogoeta adierazgarriak eskaintzen dizkigu, eta berak Jesusen jarraipenean ikasi duenez, bere kristau elkarteari ere horrela jokatzera eragiten dio, izan ere, bizitzarako eusgarri sendoak dira-ta. Niretzat (guretzat) ere erabateko balioa daukate. Jakina, azpimarratzekoa hauxe da: BAKEA Kristorengan aurkitzen dela, Jaungoiko Beragandik datorrena eta Kristo Jesusengan eman diguna. Gogoan izango ote dut?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Mateo 13, 44-46

"... Zeruetako Erreinua soroan ezkutatutako gordailuaren antzekoa da. Aurkitzen du gizon batek eta gorde egiten du. Pozez beterik joaten da, saltzen ditu dauzkan gauza guztiak, eta soroa erosten du... Zeruetako Erreinu harri-bitxi ederren bila dabilen merkatariaren antzekoa da. Bat oso bikaina aurkitzen duenean, joaten da, saltzen ditu dauzkan gauza guztiak, eta harri-bitxia erosten du..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Bikiak diruditen parabola hauek, -altxorrarenak eta harri-bitxiarenak-, Jesusek iragarritako Jaungoikoaren Erreinuaren balio absolutua azpimarratzen dute; izan ere, beste guztia saltzeak merezi du bere ordez. Lehenengoan nekazari bat agertzen zaigu, soroan altxor bat aurkitu eta bereganatu nahirik, soro hori pozik erosi egiten du, daukan guztia bera eskuratzearren eman behar izanda ere. Ongi daki, jakin ere, juduen legearen arabera, lurra erosten duena jabe orokor bihurtzen da, bai soroarena eta bai haren azpian dagoen guztiarena. Bigarren parabolak harri-bitxi bila dabilen merkatari bat du protagonista, horretariko bat aurkitu du -ederra eta arraroa benetan- eta daukan guztia saldu eta erosi egiten du, harri-bitxi hori baino ederragorik ezertxo ere ez dagoela ongi baitaki.

- Jesusen irakatsia argitsua eta oinarrizkoa da: Jaungoikoaren Erreinuak, eta berak ondoren dakarrenak, bere alde dena jokatzera behartzen gaitu. Erreinu hau, hain zuzen, ez da zeozer, norbait baizik; Jesus Bera aurkitzea da. Horregatik bere alde jokatu behar da azkar eta pozik, Jaungoikoaren Erreinuaren balioa aurkitu duenaren antzera. Eta poztasun hori hain da sakona eta eragingarria, bestelako ondasunak saltzeko kapaz egiten gaitu, ondasun gustagarri hori eskuratzearren, hau da, altxorraren eta harri-bitxiaren jabe eginez; izan ere, beste edozer gauzarik ederrenak ere balio guztia galtzen du eta ahalegin handirik gabe egiten dira trukeak.

- Badu goragoko beste asmo bat ere: parabolatan Jaungoikoaren Erreinuaren aldeko aukerak sortzen duen erradikalismoa ere agertzen da. Bestetariko edozein konpromesu ukatu beharra dago, Berarekiko maitasunezko ezteira gonbidatzen gaituen Jaungoikoaren maitasuna dohain bezala hartu nahi badugu. Gure aldetik hauxe da jarri behar duguna. Jaungoiko Aitaren proposamenaren aurrean erantzukizuna eta prestasuna.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Erreinuaren dohainekin topo egiten duenak, zein altxorra zein balio handiko harri-bitxia izan, erraz eta pozik ukatzen du gainerako guztia, aurkitu duenarekin jabetzeko. Hor dago sekretua: altxorrarekin topo egitea, hori bai dela DOHAIA. Den bestean aurkikuntza hori adierazteko eta bere alde jokatzeko adorea sentitzeko jakituria, horra bizitzako sekretua. Horixe da ebanjelioko kontaketa hauen proposamena.

- JESUS Bera da hemengo oinarria: Bera da beste dena eta gehiago ere merezi duen altxorra; Berak proposatzen eta "eskaintzen" digun guztia, bizia bera jokatzea merezi duen altxorra. Argi dago: ebanjelioko pasarte honek Berarekin topo egitera eragiten digu, buru eta bihotz argiz ta biziz betetzen digun topaketa zoragarria.

- Proposamena argia eta zehatza da: TOPAKETAREN alde jokatu eta orduan dena izango da beste gauza bat zure bizitzan (Pedro, Mateo, edo Paulo eta beste asko dituzu honen testigu argiak). Eta hemen aurkitzen naiz neu ere, non eta zeren "bila" nabilen asko jakin gabe; JESUS da bakarrik, eta ez besterik, asetuko gaituen erantzuna. Zein ahulak garan hau hain erraz ahaztutzeko…!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue