castellano euskera batua euskera bizkaiera

BERNARDO MARIA SILVESTRELLI dohatsua

Abenduko 9a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Filipotarrei 3, 8-14)

"... Dena galeratzat daukat, neurrigabeko ondasun honen aldean: Jesukristo nire Jaunaren ezaguera. Harengatik dena galdu nuen, eta dena simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan... Beraz, Kristo ezagutu nahi dut, eta Haren piztueraren indarra, Haren lagun izan nahi dut nekeetan, eta Beraren antzeko heriotzan, egunen batean hilen artetik piztuko naizen itxaropenez... Lasterka noa helburura, saria iristeko; sari horretara deitzen bait du Jaungoikoak goitik, Kristo Jesusen bitartez..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Paulok eskutitz hau ESPETXETIK idazten du. Macedonian dagoen Filiposko Elkarteari zuzenduta dago. Bigarren bidaian ebanjelizatu zuen eta hango oroitzapen gozoa gordetzen du; beti izan zuen laguntzaile jatorra.

- Pasarte honetan agertzen da Jaungoikoaren berritasunez ukitua. Paulo, beste inor baino gehiago harrotu zitekeena lehenago bizi izan zuen judutartasunez, orain Kristok harrapaturik, lehen harrokeriarako izan zitzaion guztia, orain dena galeratzat dauka.

- Jaungoikoaren maitasunaren presoa aske sentitzen da (12. a.), betiko bizitzaren bila azken mugara jo ta ke iristen den korrikalari baten antza ematen du (14. a.). Eta begira zegozkion judaizanteen aurrean, Legetik datorren zuzentasunez harro zeudenen aurrean, apostoluak maisuki ematen die bere berri (4-14. aa.): lehengo farisear harroari (4-6. aa.) lehengo galdu-irabaziak hankazgora jarri zaizkiola dio (7. a.). "Kristok irabazia", "bere" Jaunarekin maitemindua (8. a.), orain hau da bere amets bakarra: ezagutu (10. a.), bereganatu (12. a.), eta hau ahaleginak ahalegin, atseden eta bultzada era batera hartuz, aurretiaz geroko saria txastatuz (8-14. aa.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Benetan zoragarria Jesusen jarraitzaile honen testigantza, eta judaismoko sustrai sakon eta guzti, "Jesusekiko topaketa" aldaketa erradikala suposatzen du berarentzat, behin eta betiko. Topaketa horren ondoren, Paulok DENA ikusten du beste era batera; benetan, begi berriz.

- "Jesukristok irabazia" berriren berri hastera denok gonbidatzen gaituen esperientzia. Paulorentzat oinarrizkoa zera da: bera norbaitek irabazi duela, Kristok harrapatua eta betiko gainera, eta hori bere hainbeste ahultasun eta guzti, geroago berak aitortzen digunez.

- Eragingarria benetan testigantza hau, ni fededun eta Jesusen jarraitzaile naizen honentzat. Nahi al dut niretzat antzeko esperientzi bat? Nire esku daudenetatik, zer bide hartu eta martxan ipintzen dut hori hala gerta dadin? Ez ahaztu gero: "Jesukristok irabazia" izan denaren esperientziarik ez badut, dena izango da neketsua eta zaila.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Mateo 7, 21-27)

"... Niri "Jauna, Jauna!" ari zaizkidanak, ez dira guztiak sartuko zeruetako Erreinuan; zeruan dagoen nire Aitaren nahia egiten dutenak baizik... Beraz, nire hitz hauek entzuten eta betetzen dituena, bere etxea harkaitz-gainean eraiki zuen gizon zentzudunaren antzekoa da..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusen Hitza zorrotza da; esatea ez du aski, Aitaren borondatea bete egin behar da, maitasunean zintzotasuna erakutsiz: "Nahiago dut maitasuna, sakrifizioak baino" (Os 6, 6). Izan ere, Maisuak ez digu aurpegira botatzen bizitzako inkoherentzia, gehienetan apaltasunerako eta bihotz-berritzerako erabiltzen dugu eta. Jesusek salatzen duena zera da: onbideko pertsona dela-eta, buruiritzia izatea, esanez: "Jauna, Jauna", Jesus bere bizitzako Jaun ez izan arren. Otoitzari osoko konpromiso batek erantzun betea eman behar dio, Aitaren borondatea betetzerakoan "zeruan bezala lurrean ere" (Mt 6, 10). Azken buruan ikusiko da "egun horretan" nola jokatu dugun.

- Bai Mateoren eta bai Lukasen ebanjelioetan, kokatzen da harkaitz-gainean eraiki den etxearen parabola (24-27. aa.), egiazko sinestedunaren jarreraren argigarri bezala, entzun duen hitza praktikatuz. Burugabeak edo zentzudunak izango gara, gure espiritu-bizitzaren oinarria zertan ipintzen dugun ikusita. Hondar-gainean eraikitzen duenaren etxea ekaitzak jota azpikoz gora botako du. Hitzaren harkaitz-gainean eraikitzen duenak bakarrik, egunero bizitzan zintzoki jokatuz, eraikiko du etxe zabal sendoa, Jaungoikoarekin eta hurkoarekin topaketa sendo gozoa egiteko modukoa.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Mendiko Hitzaldiaren azkenaldiko pasartean gaude, Maisu Berriagandik bizi-egitasmo eder bat jasoz. Ederra, baina zorrotza eta zehatza. Ezertariko zalantzarik egon ez dadin, azken gogoeta hau eskaintzen digu, hitz hutsak, ederrenak izanda ere, hutsalak direla, bizitzako lurrean errotzen ez badira, fruitua emanez. Kontua zera da: etxea oinarri sendo gainean jaso edo harearen-gainean. Gogoan hartzekoa!

- Ez, ez dira aski une bateko beroaldiak eta sentipenak. "Aitaren borondatea betetzea", hori da Jesusi axola dion bakarra (21. a.). Hau da, Aitak erakutsitako oinarri-gainean bizi-etxea jasotzea, Berak bizitza ikusten, ulertzen eta planteatzen duen arabera. Hemendik datorkio Jesusen egitekoari eta misioari betetasunaren helburua. Horrela jokatzen duenak harkaitz sendoaren gainean eraikitzen du, Jesusen erara.

- Hemen daukat bizitzarako sekulako programa bat eta helburu bat: Aitaren nahia, Jesusek egiten duen bezala. Hortik Jesusen "ispiluan" sarri begiratu beharra, nire bideak zeintzuk diren jakiteko. Horregatik Berari egunero entzun beharra, beharrezkoena zein den gogoratu dezadan, nire etxeari, bizitzari eutsiko dion oinarria (izan ere, ahazkorra naiz eta). Anai-arreba, ba al gara?

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue