castellano euskera batua euskera bizkaiera

GURUTZEKO SAN PAULO

Urriak 19

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Isaias 61, 1-3a

"... Jaunaren Espiritua nigan dago, Jaunak gantzutu bainau. Behartsuei berri ona ematera bidali nau, bihotz urratuak sendatzera; gatibuei barkamena iragartzera eta giltzapetuei askatasuna; Jaunaren grazia urtea eta gure Jainkoaren mendeku eguna iragartzera; atsekabetuak kontsolatzera bidali nau Jaunak..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Bere bokazioaz ari dela pentsarazteraino, profetak lehen pertsonan ematen duen orakulu honen lehen txatalak (1-2) bere buruaz esanak bezala hartuko ditu Jesusek.

- Espirituak "hartua" aurkezten du profetak bere burua. Espirituaren presentzia hori azaltzeko bi aditz erabiltzen ditu: "gantzutu nau" eta "bidali nau" (1). Lehen lekuan profetari berari dagokion sagaratzea dago: hau da, profeta Jainkoarena da eta haren zerbitzuan bizi da (aurrerago "Mesias", Jainkoaren sagaratua, adierazteko erabiliko den aditz bera daukagu hemen ere). Jainkoarena denez, besteena ere bada; zehatz-mehatz definitutako eginkizunaz herrira bidalia da profeta.

- "Bidali nau" esaldiak zazpi helburu ditu berekin (gaurko irakurgaiak bakar batzuk bakarrik dakartza), eta lehenengoa horien laburpena da: "Behartsuei berri ona ematera bidali nau", bihotz urratuei, gatibuei, giltzapetuei... Jainkoa ez dela haietaz ahaztu iragarri behar du profetak, haietaz arduratzen dela baizik. "Jaunaren grazia urtea" iragartzea da kontua, Jainkoak orain eta hemen haietaz arduratzean hartzen duen poza iragartzea, hain zuzen.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ekarpen aberatsa eta guztiz interesgarria, Jainkoaren beraren bihotzetik, profetak "irakurketa" horretan eskaintzen diguna: hark aurrera aterako duen egitasmo tinkoa zein den aditzera ematen digu berriro ere: ez dauzka ez ahazturik, askapen osoa iragarri eta hezur mamitzera dator. Jainkoaren Espirituak berak "hartua" daukan eta bidaltzen duen Zerbitzariaren bitartez burutuko du.

- Izan ere, Berri Ona "berri txarrak" bakarrik hartzen dituztela dirudien haientzat da. Behartsuak, baztertuak, txikituak... hauek izango dira Jainkoagandiko bizi plan horien hartzaileak. Izan ere, "Jaunaren grazia urtea" da iragartzen den berri harrigarria, eta gauza guztiak berri egiten dira, baita gizakien planetan "lekurik ez dutenentzat" ere.

- Zerbitzariaren MISIOA neurea egitea da gaur eta hemen aurrean jartzen zaidan proposamena eta egiten zaidan deia. Jesusek ere bere egin zuen. San Paulo Gurutzekoaren Karisma elkarrekin bizi dugunok ere, geure egin behar dugu Gurutziltzatua harriduraz kontenplatzea eta gauzatzen ari den Jainkoaren salbamen egitasmoa munduari -bertako ahaztuenei batez ere- hitzez eta bizitzaz iragartzea. Hau da GONBIDAPENA. Nola sentitzen zara, senidea?

# # #
#
# # #

2.IRAKURGAIA : 1 Korintoarrei 1, 18-25

"... Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berri ona zabaltzera baizik; eta hori ere ez jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak indarrik gal ez dezan... Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria? Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak guk iragartzen dugun zorakeriaren bidez salbatu nahi izan ditu fededunak..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Paulo ez da bataiatzera bidalia izan, ebanjelizatzera baizik (17. tx.). Hau esatean, ez du bataioa gutxietsi nahi; bere bokazioa, Jainkoaren asmoetan identitatea ematen diona, Ebanjelioa predikatzea dela azpimarratu nahi du. Ez du zentzurik Jesusen berri eman gabe inor bataiatzeak.

- Bestalde, bai kronologia eta bai grazia mailan, predikazioak sinesmenari aurrea hartzen dio, baita bataioari ere (Erm 10, 14+). Baina, nola predikatu Jesus? Paulok ez du hitzaldi ederrez eta sakonez egiten. Beharbada, hau idazterakoan, Atenasko Aeropagon izan berri duen predikazioaren "porrota" dauka gogoan. Esperientziak indartu egin du bere ustea: predikatzeak Kristo gurutziltzatua iragartzea esan nahi du, hau delako salbatzen duen bakarra. Jainkoaren Hitza, batez ere "Gurutzeko Hitza", berez da bizia eta eraginkorra (Heb 4, 12), ez du giza euskarri beharrik; areago oraindik, giza jakinduriak hura iluntzeko eta haren indar zorrotza moteltzeko arriskua du.

- Paulok, Itun Zaharra aipatuz eta bere erretorikaz baliatuz, bere ustez garrantzi erabakigarria duena nabarmentzen du. Kristo gurutziltzatua "behaztopa" da juduentzat, habetik zintzilikatuari legearen madarikazioa baitzetorkion (Dt 21, 23), eta "zorakeria" jentilentzat, hauei higuingarria gertatzen baitzitzaien bere burua gurutzean josten utziko zukeen jainkoa. Baina Jainkoak, hain justu, gurutzean erakusten du bere indarra. Kristauek, nahiz Israel herritik nahiz Jentil herritik etorri, Jainkoak sinesmenera "deituak" direnez, Jainkoaren logikarekin jokatu behar dute, eta gurutzeko jakinduriaren arabera bizi, eta ez giza mailakoaren arabera.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- San Paulo apostoluaren testigutzak lagunduko digu hau dena ulertzen. Apostoluak, judaismoan bizi zela uste zuenez, Legea betetzeak ematen zuen justifikazioa eta salbamena; baina orain dena beste era batera ikusten du: argitasun berria atera zaio "Gurutzeko jakinduriatik", bizitza besteen alde ematearen zorakeriatik.

- Esperientzia hau besteengana zabaltzea nahi luke apostolu handiak, eta, horrela, gizaldietan zehar hezur mamitzen ari den eta Kristo Jaunaren gurutzeko eskaintzan osotasunera heldu zen Jainko maitasunaren misterioa ezagutzen laguntzea. Hortik dator salbamenaren dohaina. Hau bihotz guztiaz irrikatzea eta doako dohain bezala onartzea da sinestunak zaindu behar duen jarrera.

Jesus gurutziltzatuaren jarraitzaile gara, eta hura dugu gure bizitza osoaren ardatz eta eragile. Izan ere, Gurutzeko san Paulok dioenez, "jainko maitasunaren ekintza bikainena da" eta guk maitasunaren ezaugarri nagusi honen "oroitzapena egiteko" ardura hartu dugu. Beraz, Kristo gurutziltzatua gogoratu eta beronen lekuko eta zabaltzaile bilakatzea eskatzen digu karismari leial izateak.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Markos 6, 7-13

"... Jesus, Hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen ziela. Biderako ezer ez hartzeko agindu zien, makila bat besterik ez... Joan ziren, bada, haiek eta berri ona iragartzen zuten bihotz berri zitezen. Deabru asko botatzen zuten eta gaixo asko sendatzen, olioz igurtziz..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek "berarekin egon zitezen" (3, 14) hautatu zituen Hamabiak, baina baita predikatzera bidaltzeko ere. Misiorako ordua heldu dela adierazten digu orain Markosek. Horretarako argibide zehatzak hartzen dituzte Jesusengandik: elkarrekin joan behar dute, deitu dituen maitasunaren testigu bezala, eta eman zaien indarraz espiritu gaiztoak garaituz.

- "Agindu zien...": Jesusek argi eta garbi zerbait eginarazten dien lehenengo aldia da, pobretasunarekin lotuta dago. Bidaltzen dituenaren aurpegia erakutsiz ebanjelizatu behar dute, hura "aberats izanik gugatik behartsu egin baitzen" (2 Kor 8, 9), eta Aitak egintza harrigarriak burutzeko beti txikia eta indargabea aukeratzen duela erakusten du. Horregatik, ez dute ezer eraman behar berekin eta bidali dituenarengan bakarrik jarri behar dute konfiantza. Harrera ona bezala, onartu egingo dute gutxiespena ere.

- Ikasleek, beraz, Jainkoaren Erreinua heldu dela iragarriko dute, eta ordua dela bihotz berritzeko; antzinako arerioaren aurkako garaipenak lagunduko dio beren iragarpenari eta on eginez igaro zen Jesusen ekintza jarraituko duten sendaketek. Apaltasunez eta predikuaz zabalik gelditzen da ama dugun goiko Jerusalemerako sarrera.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesus bere taldea lantzen ahalegindu da, berarekin izan ditu, berari entzuten eta beragandik ikasten. Orain berberak duen aginpideaz bidaltzen ditu, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen die, Jainko Erreinua heldu den ezaugarri nagusi bezala. Beraz, talde hark Jesusen MISIO bera du; hori izango du eginkizuna. Baina Aitak maite eta hautatu dituen baliabideak erabiliz egingo dute beren lana: baliabide eskasenez, gutxietsiak izatearen aukera ere onartuz. Hau da hau hotzikara, ene Jainkoa!

- "Berarekin ibiltzea" da kontua; ESKOLA horretan ikas daiteke sakon eta osorik Misioaren edukia eta mamia. Hor konturatzen da bat, "fardel txikiaz" abiatzea dela ibiltzeko modurik onena eta bidalien ibilera bereizi behar duena. Jesusek erromes nahi ditu bereak eta ez lurralde bati lotuak.

- Misioaren Eskolan gaude: eskola honetako jardunean parte hartu beharra daukat. Hor bakarrik, Jesus berberaren presentzia paregabean, nabarituko dut Aitarengan konfiantza jartzeak duen indarra. Horrela bakarrik ikasiko dut bidalia izateko eragozpen ditudan hainbat alferrikako fardeletatik neure burua biluzten eta azkenera arte haren antzera ibiltzen.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue