castellano euskera batua euskera bizkaiera

NAHIGABEETAKO AMA BIRJINA

Irailak 15

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Judit 13, 17-20)

"... Jende guztia zeharo txunditua gelditu zen eta, makurturik, Jainkoa gurtu zuten… Bedeinka zaitzala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak lurreko emakume guztien gainetik; goretsia zeru-lurrak egin zituen Jainko Jauna, berak gidatu baitzaitu gure etsaien nagusiaren burua moztera. Jainkoaren indarraz oroituko den herriari ez zaio inoiz ere ahaztuko zuk Jainkoarengan izandako itxaropena..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Emakume batek Israelen alde eginiko balentria handi baten testuinguruan aurkitzen gara. Etsai beldurgarriaren aurkako Juditen garaipenak Dabidek Goliaten aurka eginiko ekintza gomutagarria dakarkigu gogora, txikiak handia garaitu zuenekoa, Bibliako literatura eta espiritualtasunean hainbeste aldiz erabiltzen den logikaren harian.

- Narrazioak liturgia giroko formak erabiltzen ditu eta ekintza bera baino nabarmenago azaltzen da kantua. Judit harresira heltzen da eta atea jotzen du kultu-egintza bailitzan: "Zabaldu niri garaileen ateak, Jauna gorestera sar nadin" (Sal 118, 19). Gertatuaren kontaketa soila egin beharrean, gorespen gorazarrean biltzen du Juditek, gonbidapen klasikoa eginez: "Goretsazue".

- "Gau honetantxe" esamoldea sartzen da, Pazko ospakizunean ohikoa dena. "Bedeinkatua zu emakumeen artean..." gorespenarekin bukatzen da dena. Kristau tradizioak Oziasen hitz hauek Andre Mariari atxiki dizkio.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Salbamen historiak aurrera jarraitzen du eta Jainkoa bere presentzia eta babesa agindu dizkion herriaren alde ari da. Egoera berri honetan, emakume batez baliatzen da (klixe sozialei jaramonik egin gabe), eta hau (itxura guztien gainetik) gai da (alde guztietatik ahaltsuago den) etsaiaz nagusitzeko. Baina hor agintzariaren Jainkoaren babesa agertzen da.

- Oraingoan ere Jainkoaren "logika" betetzen da, hura "txikiaz" baliatzen baita, (itxuraz) ahula denaz, bere maitasun eta bizi historia ederra burutzeko ahaleginean babes eta salbamen ekintza egiteko. Israelek herri bezala egiten duen bide osora luzatzen da ikasgai hau, eta ederki asko erakusten digu zein den Jainkoaren jokaera!

- Eguneroko historian Jainko hori "irakurtzen" ikastea, hura bere bizi eta salbamen egitasmoa eramaten aurkitzea, gaur eta hemen ere bai, ikasi behar dudan ikasgai bikaina da. Itxuraz "ahul eta hauskor dena" baloratu, eta Jainkoak horrela jokatzen duela aurkitu… Ez da batere erraza hori onartzea, gure inguruan denak beste zerbait "dioenean"! Jainkoaren bideak dira! Onar itzazu, senide!

# # #
#
# # #

2.IRAKURGAIA : (Kolosarrei 1, 17-24)

"... Diren guztiak baino lehenago da Bera, eta guztiek Berarengan diraute. Gorputzaren buru ere Bera da, Elizaren buru, alegia. Bera da hasiera, hilen arteko lehen-semea, diren guztietan Bera izan dadin lehenengoa. Jainkoaren gogoko izan baita betearen betea Arengan egotea, eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea; Haren gurutzeko odolaz bakeak eginik, zeru-lurretan diren guztiekin… Poza dut orain, zuen onerako eramaten ditudan nahigabeengatik; honela betetzen ditut nire haragian Kristoren nekeak..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Dirudienez, Epafrasen zeharkako predikuak ez du lortu Kolosako kristauei Pauloren "Ebanjelioaren" handitasuna aurkeztea. Horregatik, honek ahalegin guztiak egiten ditu Kristo Salbatzailearen koadroa -heldu eta gogoetatsua- kosmos inguru osoko marko hunkigarrian eta kreazioaren historia osoan zehar aurkezten. Paulo, bere predikuan, Kristoren Piztueraren gertaeratik hasten da kronologikoki. Hemen ere ez du baztertzen abiapuntu hau: Kristo "hasiera, hildakoen artetiko lehen semea" da. Aurreko gutunen esamolde bera da (1 Kor 15, 20-23; Erm 1, 14); Kristo "hasiera, piztuerako lehen fruitua" da eta, beraz, berriztatu den ordena berri guztiarena. Kristorekin hasi da dagoeneko etapa berria, ordu eskatologikoan behin-betiko osotasuna iritsiko duena.

- Baina, gertaera salbagarri hau ez da Jainkoak historiaren joanean bat-batean erabaki duen zerbait. Guztiz bestelakoa da: hasierako kreazio egitasmoari dagokio. Paulok Genesiseko narrazioa gogoratzen du eta berriro ere inplizituki Kristo Adanekin parekatzen (1 Kor 15, 45-48; Erm 5). Genesisen arabera (Gn 1, 26-27), Jainkoak gizakia "bere antz eta irudira" sortzen duenean, antzekotasun hau bere osotasunera eramango duen Kristoren -egiazko Adanen- bizitzan pentsatzen ari da. "Jainko biziarekin" egiazko antzekotasun bakarra heriotza behin-betiko garaitu duen gizon batek bakarrik eskain dezake. Horregatik, Kristo "sorkari guztien lehen semea" da, Jainkoaren kreazio egitasmoan lehen eta lehenengo azaltzen dena eta hau osorik baldintzatzen duena. Proiektu honetan Kristo ez da gizaki bakarti eta isolatua, berarengan -bere piztueraren keinu salbagarrian- egiazko betetasuna aurkitzen duen kosmos inguru osoan barru-barrutik inplikatua baizik. Hura "pleroma" da, zeharo betea, guztia "erabat betetzen duena". Gizakiak eta izakiek, Kristoren bitartez, hasieratik haientzat pentsatua izan den betea lortuko dute.

- Hala ere, Kristoren "keinu salbagarri" hau ez da gauzatu aingeru jarrera hutsaren plataforma garbitik, baizik eta Salbatzailea misteriotsuki gizakion eta munduko miseria berarekin konprometitu da, hartan bete-betean parte hartuz eta haren ondorio guztien zamapean eroriz. Pauloren gai obsesiboa da, "haragitzearen bidezko berrerospenari" dagokiona, hain ulergaitza gertatzen zena, batez ere helenista jatorriko kristauentzat. Ez ziren ohartzen "tragedian murgiltze" hau ez zela besteen miserian solidaritatez parte hartzeko keinu erromantiko hutsa, egiazko keinu salbagarria baizik. Pizteko hil zen Kristo. Kristoren heriotza pizgarriarekin bat egiteko bataiatzen dira kristauak (Erm 6).

- Gorazarre kristologikoan Kristok salbamenaren ordena orokorrean duen gailentasun absolutua obsesiboki azpimarratu ondoren, horizontala deitu dezakegun mailara jaisten da orain Paulo. Kristoren gailentasuna hain absolutua izanik, esan daiteke batzuk besteen aurka altxatzeko aukera guztiak agortuak gelditzen direla. Horrela adierazi daiteke lehen "besteak" zirenak, kanpokoak, iniziatu gabeak, orain "parekoak" bilakatu direla, eskubide berak dituztenak eta huts egiteko ere besteen aukera berdinak dituztenak. Hau esan nahi du Paulok "errekontziliazioaz" ("apokatallássein"). Hitz greko honen sustraiak "besteak egin" esan nahi du. Kristoren bitartez, Jainkoak munduari eskaintzen dion bakeak ez du mundua dagoen bezala uzten, hau da, izaki "ezberdinetan" zatiturik, baizik eta egoera hau garaitzen saiatzen da eta beste bat guztiz berria eratzen.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Paulo apostoluak ez du alferrik galtzen "betetasun" osoaren topaleku den Kristori buruzko pentsamendu eta bizikizunaren laburpen eta sintesia errepikatzeko aukera. Izan ere hau baita Jainkoaren hasierako plana: Bere salbamen proiektuak Kristoren presentzian lortzen du betetasuna gure historiaren erdian. Hau da albiste handia.

- Jesus ondorio guztiekin haragitu da: hona apostoluaren konklusioa. Horrela lortzen du gizakien arteko errekontziliazio osoa, guztiak parekoak eginez, bakea bideratuz eta errealitate guztiz BERRIA inauguratuz. Ia ezer ez! Jainkoaren bizi proiektua gizadiarengana iristen da, eta Jesusengan errealitate eta betetasun bilakatzen.

- Eta guk bete-betean esku hartzen dugu egoera eta errealitate berri horretan. Kristoren bizitza barru-barruraino sartu zaigu eta argiz beteriko eta zentzu sakoneko bizimodua eskuratzen digu; orain badakigu norantz goazen eta Jesusen ikuspuntutik egiten dugu hori. Nola erantzuten diot nik egiazko pribilegioa dudan egoera berri honi? Jakingo al dut erantzuten eta nire senideei eskaintzen Kristok gonbidatzen nauenez?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Joan 19, 25-27)

"... Aldi artan, Jesusen gurutzearen oinean zeuden: bere ama, amaren ahizpa -Kleofasen Maria-, eta Maria Magdalena. Jesusek bere ama ikustean eta, han bertan, Berak hain maite zuen ikaslea, honela esan zion amari: Andrea, horra hor zure semea! Eta gero ikasleari: Horra hor zure ama! Eta orduez gero, ikasleak bere etxean eduki zuen Maria..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Joanek nahiko trebeki aurkezten du gurutzean Jesus erdigune duen koadroa. Inguruan lau soldadu daude, lau emakume -seguruenik soldaduen aldean ebanjelariak apropos ipini dituenak, emakumeak sinestunak dira, soldaduak, sinesgabeak- eta Jesusek maite zuen ikaslea.

- "Andrea, horra hor zure semea": Testu honetan Jesusen Ama bigarren aldiz azaltzen da ebanjelio honetan. Lehenengo aldiz Galileako Kanan izan zen. Beraz, Jesusen agiriko bizitzaren hasieran eta amaieran. Lehen testuko hitzak harrigarriak gertatzen dira eta, funtsean, bereizketa zentzuan ulertu behar dira. Jesusek eskatzen dio ez dadila sar bere bizitzan hasten ari den aldi berrian, hau da, guk agiriko bizitza izenaz ezagutzen dugun horretan. Jesusek askatasun osoz jokatu behar du, bere Aitaren nahiak bakarrik mugatuko du, ez beste inork, ezta bere Amak ere. Horrela egiten du Amak eta ez da gehiago azaltzen (kontuan hartu Sinoptikoetan ere oso gutxitan agertzen dela). Baina bereizita bizitze hura orain bukatzen da, Jesusen ordua heldu den honetan. Jesusen orduarekin Mariarena ere iristen da. Horregatik, dago gurutze ondoan zutik.

- Bi testuetan Jesusek "andrea" deitzen dio, ez ama, seme bezala zegokionez. Zergatik hori? Arrazoi konbentzigarri bakarra hauxe litzateke: berrerospenaren egintza burutzeko Salbatzailearekin estuki elkartuta dagoen andrea bezala aurkeztu nahi duela. Genesisen (Gn 3, 15) eta Apokalipsian ( Ap 12) aipatzen den andrea da.

- Jesusek bere amari zuzentzen dizkion hitzak ez dira ulertu behar honi -bakarrik gelditzen den unean- giza laguntza eskaintzeko duen arduraren aldetik. Jesusek hori bakarrik nahi izan balu, aski izango zukeen ikasleari zuzentzen dizkion hitzak esatea: "Horra hor zure ama": amarenganako ardura besterik ez bazen, aski izango ziratekeen hitz hauek. Ez zatekeen beharrezko izango amari beste hitz batzuk zuzentzea. Hitzek berek zuzenean ematen duten esanahia baino zerbait sakonagoa dugu hemen zalantzarik gabe. Elizaren ondorengo sakontzeak ekarriko du zentzu misteriotsu hori argitara. Jesusen ordua heltzen denean -eta ordu hori gurutzeko unean iristen da- ama eta semearen arteko harreman txit estu berezia agirian jarriko da, sortzetiko harreman fisiko hutsetik datorrena baino askoz sendoagoa dena. Iraganeko erlazioa, erlazio fisikoa, etorkizunerako beste erlazio berri batekin handiagotu eta aberastua izango da. Ama maitasun eta erlazioa Semeak bere bizia emateraino maitatzen dituen haiengana zuzenduko du. Mariaren amatasun espirituala.

- Eta "andre" haren alderdi edo dimentsio berri hau Jesusek maite zuen ikasleagandik argituko da. Oraingo hau, behintzat, irudi sinbolikoa da, nortasun korporatiboaz jantzia, Jesusen jarraitzaile guztiak ordezkatu eta pertsonalizatzen dituena. Pauloren teologia garbienaren korronte barruan aurkitzen gara (eta egiazko edozein teologiarenean), harentzat sinestunak Kristoren "senide" baitira, honen semetasunean parte hartzen dutenak. Eta, beraz, Mariarenean.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Berriro ere "ikasle maiteak" lehenengo begiradan ikusten dena baino sakonagora begiratzeko aukera eskaintzen digu; koadro hau ere sinbologiaz betea dago: Maria ebanjelioaren hasieran eta bukaeran bakarrik agertzen da, ikasle maitearen presentzia, Mariak hartzen duen eginkizuna… hori dena sinbolismoz betea dago. Orain arte Jesusen denbora eta ordua izan da; orain Mariari berea heltzen zaio, hasten duen eta burutu beharko duen amatasun berrian.

- Horrela, Maria salbamen historiaren dinamikan sartzen da bete-betean: Jesusekin izan duen aurreko lotura fisiko-sortzetikoa izan da; orain, harekin bat eginda, historia hori betetasunera eramateko misioa onartuko du. Misioak gurutzean izango du gailurra eta edozein denboratako Jesusen jarraitzaile guztiak ordezkatzen dituen "ikasle maitearengan" luzatuko da.

- Mariaren presentzia gure bizitza bidean Jaun Gurutziltzatuak, Jesusek berak nahita egiten da esanguratsu. Izan ere, gurutzean eta Jesusen eskaintzan inauguratu den familia BERRIAK salbamen ekintzan laguntzaile estu bilakatu den Andre Mariaren ama-babesa izango du. "Horra hor zure ama": gonbidapen ederra.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue