castellano euskera batua euskera bizkaiera

AMA BIRJINA NAHIGABETUAREN San GABRIEL

Otsailaren 27a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Filipoarrei 3, 8-14)

"... Dena galeratzat daukat, neurrigabeko ondasun honen aldean: Jesukristo nire Jaunaren ezaguera. Harengatik dena galdu nuen, eta dena simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan eta harengan bizitzekotan... Kristo ezagutu nahi dut, eta haren piztueraren indarra; haren lagun izan nahi dut nekeetan, eta beraren antzeko heriotzan, egunen batean hilen artetik piztuko naizen itxaropenez... Oraindik saria iritsi ez banu bezala hartzen dut nik neure burua. Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dena ahazturik, eta aurrean dagoena bilatuz, lasterka noa helburura, saria iristeko; sari horretara deitzen baitu Jaungoikoak goitik, Kristo Jesusen bitartez..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Kartzelan idazten du Paulok gutun hau. Filipoko (Mazedoniako hiria) Elkarteari zuzendua doa. Bigarren bidaian ebanjelizatu ondoren, Paulok oroitzapen guztiz maitekorra du haientzat, elkar lan estuan aritu baitziren, Apostoluari uneoro laguntzen ziotelarik.

- Jainkoak argi berriz ukitu duen gizon baten testigutza eskaintzen digu goiko idazki zatiak. Paulok, judaismoaren altzoan izaniko iragan aintzatsuaz, agian, beste inor baino harroago egon zitekeenak, Kristok harrapatua izan ondoren, simaurtzat hartzen du ordura arte ospe bide zuen guztia.

- Jainko maitasunaren preso askea da Paulo (12. tx.), betiko bizitzarako lasterketan (14. tx.) helmugako azken txanpara heltzen den atleta bezala aurkezten du bere burua. Eta, Legetiko zuzentasunaz harro, judutartzea eskatzen zuten "ikusleen" aurrean, maisuki marrazten du apostoluak bere biografia (4-14. tx.): aspaldiko fariseu harroputzak (4-6. tx.) paradoxikoki alderantzikatua ikusi du irabaziak eta galerak ulertzeko modua (7+ tx.). "Jesu Kristok harrapatua", "bere" Jaunarekiko intimitatean hazten doalarik (8. tx), orain irabaztea (8. tx.), ezagutzea (10. tx.), bereganatzea (12. tx.) da irrikatzen duen gauza bakarra, sari ordainezina aurretik gozatzean, uneoro atseden eta eragin berritua aurkitzen dituenaren intentsitate esanezinaz (8-14. tx.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Iradokitzailea benetan Jesusen jarraitzaile honen testigutza! Bere bizitzaren sustrai sakonak judaismorik gogorrenean erroturik izan arren, "Jesusekin topo egiteak" bere ibilbide osoari, bere bizitza osoari oinarri-oinarriko aldaketa ematen dio. Horrela, bere bizitzak GILTZA berria dauka.

- "Jesu Kristok menperatua": oinarrizkoa den zerbaitetan finkaturik bizitzera gonbidatzen gaituen esperientzia betea. Eta Paulok oinarritzat duena, Kristok menperatu, harrapatu egin duela sentitzea da, eta betiko, eta hori, hainbeste sufriarazi zioten ahuldade guztien gainetik, bere idazkietan aitortzen duen bezala.

- Iradokitzailea, beraz, gaur, testigutza hori Jesusen jarraitzaile naizen honen fede bizitzarako. Antzeko esperientziarik nahi al dut niretzat? Nire esku ditudan baliabideetatik, zein jartzen ditut lanean hori lortzeko? "Elkartze" horretan bakarrik hartuko du nire bizitzak zentzu sakona, eta errealitate pertsonal osoa argitua izango da. Izan bihotz!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Markos 10, 17-21)

"... Jesus bidera ateratzean, norbaitek, lasterka etorrita, aurrean belaunikaturik, honela galdetu zion: "Maisu on, zer egin behar dut, betiko bizia iristeko?". Badakizkizu aginduak: Ez inor hil, ezkontza-nahasterik ez egin, ez lapurtu, ez egin gezurrezko testigutzarik, ez kendu azpikeriaz, aintzat eduki aita eta ama... "Maisu, horiek guztiak gaztetandik bete ditut nik"... Gauza bat falta zaizu: zoaz, saldu dituzun guztiak, eta eman behartsuei; eta izango duzu gordailu bat zeruan. Eta gero zatoz eta jarrai niri..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Ebanjelio zati honek bi atal ditu: aberastasunekiko loturagatik huts egiten duen bokazioa (17-22. tx) eta ondasunen arriskugarritasunari buruz ematen diren zenbait iritzi (23-27. tx.). Gaurko jai honetako liturgiaren testua, aipatu ebanjelio zatiaren lehenengo atalera mugatzen da.

- Betiko bizitzara daraman bide bila dabilen gizon batek ematen du abiapuntua. Eta Jesusengana jotzen badu garbi adierazten du Nazareteko Maisuak ematen zuen konfiantza. Asko ziren galdera hau jakinduriaz erantzun zezaketen maisuak. Gizon hark, agian, zerbait ezberdina, zerbait berria nahi zuen. Jesusek Jainkoari begira jartzen du eta Dekalogoko zenbait aginduei begira, lagun hurkoarekiko betebeharrekin zerikusia dutenei begira batez ere. Jainkoaren nahiaren adierazpena den Dekalogoak, izan ere, funtsezko erreferentzia kodea izanez jarraitzen du eta gai da betiko bizitzarantz bideratzeko. Horrela Itun Zaharraren balioa berretsia gelditzen da.

- Baina gizon hark beste zerbaiten egarria du. Txikitatik zintzo bete izan duen Dekalogoa ez du nahiko. Eragin berria behar du: "Zatoz eta jarrai" (21. tx.) da mezuaren nobedadea. Jesusen pertsona da, hari jarraitzea, ezberdin egiten duena. Jesus da bilatzen den "zerbait gehiago" hori. Legea betetzea pertsona batekin bat egiteak ordezkatzen du. Pertsona honek "uste du", hain justu, bera dela Jainkoaganako sarbide berria.

- Hala ere, Jesusi jarraitzeko beharrezkoa da lasta eta gainerako eragozpenak uztea. Jarraipenak barruko askatasuna eskatzen du eta hau ezinezkoa da gure baitan dirua nagusi den bitartean. Baina dirua nagusi baino gehiago ere bada; tiranoa da eta harengandik aske ez den gizona gogor lotzen du. Goibel eta nahigabetua doa. Nahiago izan ditu bere segurtasunak Jesusen proposamen bihotz goratzailea baino. Dituen aberastasunek bere bizitzarako duen abagune bakarra galarazi diote, pobretu egin dute.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Pasarte ezaguna, zalantzarik gabe, gure lagunarteetan, hainbat gogoeta pertsonal egitera eraman gaituena, eta hainbat ondorio ateratzera. Hain zuzen, "zerbait gehiago" bilatzen duen norbaiten aurrean gaude, baina, aldi berean, bizimoduak, bizitzeko dituen irizpideek zeharo blokeaturik daukate. Maleziarik ez da kasu honetan, ez tranparik ere (ebanjelariak hainbat nabarmentzen dituen idazkari eta fariseuengan bezala); egoera honetan blokeoak dena geldi arazten du eta proposamen bat onartzea eragozten.

- Gizon honek bilatzen duen "zerbait gehiago" hori bezala eskaintzen zaio Jesus; baina ezin dio erantzun; Jesusek ematen dion maitasunezko begiradak berak ere (21. tx.) ezin du egoera hura desblokeatu. Egia da, ez zaio ezer falta: lege betetzailea eta ona ere bada. Zer gehiago eskatu daiteke!... Jesus bakarrik ausartzen da harantzago doan proposamena eskaintzera, gehiago eskatzen duena, hari jarraitzea alegia, oztopo den guztia baztertuz. "Ekipaje arinaz" bideratzea proposatzen dio.

- Dramatismorik gabe, baina galderak hor gelditzen dira guretzat ere itaunez beteriko pasadizo honetan, Jesusen proposamenak eskainirik jarraitzen baitu, baita niretzat ere. Arazoa zerk blokeatzen nauen konturatzea izango da eta zer dudan hari jarraitzeko eragozpen. Aberastasunak? Menpean naukan bizimodu lasaia? Zer da?

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue