castellano euskera batua euskera bizkaiera

Santa GEMA GALGANI

Maiatzaren 16a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Ebertarrei 12, 1-6)

"... Honenbeste testiguren hodei-erdian gauden ezkero, utzi ditzagun zama guztiak eta inguratzen gaituen pekatua; eta joan gaitezen, eraman handiz, dagokigun burrukaldira, sinismenaren iturri eta helburu den Jesus gogora erakarriz. Honek ere, izan zezakeen atseginaren ordez, gurutzea eraman zuen, lotsakizuna gutxietsirik; eta orain Jaungoikoaren aulkiaren eskuin-aldean jarririk dago..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Sinismenean irauteko deia eta aholkua ez datoz doktrina eta ideiatatik, bizi-ereduetatik baizik. Idazleak aurretikoak jartzen dizkie aurrean hartzaileei; testiguen "hodeia" (1.a) eta orain ipintzen diena eredu nagusia da, JESUS, sinismenaren iturburua eta helburua eta, aldi berean, bere betetasuna. Bera dugu aurrelari Aitaganako bideko "karreran"; norgehiagoka baten bezala, baldintza egokietan jokatu behar da.

- Aurren-aurrena, alferrikako eragozpenak alboratu (beharrezkoenari oratzeko) eta pekatuzko eragozpena, batez ere; honek trabatzen baitu kristaua, modu batera edo bestera katigatuz; horrez gainera, helmuga gogoan edukitzea ere beharrezkoa da. Jesus Bera helmuga dugunez gero (2.a), Bera da bidea eta harako bidea irekitzen diguna, bere ibilbideari adi egon beharra dugu eta bere pausoak jarraitu.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ebertarrei egindako gutunaren egileak antzinako testiguak jartzen dizkigu aurrean; orain argi eta garbi Jesus Bera jartzen digu eredutzat; Berarengan beste denak iristen dute betetasuna. Jokatzen dugun "karrera" honen helmuga Jesus Bera dela agertzea, guretzat esanguratsua da. Zalantzarik gabe, hemen estilo berezia agiri da, eta gauzak argi eduki behar dira: Jesus da helburua eta helmuga.

- Jesusek egiten digun deskribapena benetan da argia eta esanguratsua: kirolariak bezala, alferrikoetatik erantzi, eragozpen guzietatik askatu egiten da, norgehiagoka behar den bezala jokatzeko; horrelaxe Jesus Bera ere. Beharrezko ez den guztitik erantzi egiten da Aitak emandako egitekoa ahal den ongien burutzeko, nahi-zeta bertatik sortu mila irain eta neke-oinaze. Beste horrenbeste guk ere.

- Jesus Maisuagan "begiak josita" ditugula bidea egitera da guretzat formulari onena, bere urratsei jarraituz. Izan ere, espiritualtasun bide zehatz bat dugu: sakon-sakonean Kristo ingurukoa. Gure ibilbidearen sorrera eta iturburua Beragan dago, eta ez beste inorengan. Berarekin bat egiteko lagungarri zaidan guztia (ikastaroak, isiltasun-esperientziak, topaketak, gogojardunak, Hitzaren otoitz giroko hausnarketak...) beharrezko dira.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Mateo 11, 25-30)

"... Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jende xumeari erakutsi baitizkiozu. Bai, Aita, hala nahi izan duzu. Nire Aitak dena eman dit; inork ez du ezagutzen Semea, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi izan dionak baizik. Zatozte Nigana nekatuok, lanpetuok; eta Nik arinduko zaituztet. Har ezazue nire uztarria eta ikasi Nigandik: bihotz-bera naiz eta apala; eta aurkituko duzue zuen arimentzat atseden. Nire uztarria leuna baita, eta nire zama arina..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Testuinguru hau, Lukasek 10, 21-22 ataletan dakarrenaren antzekoa da, "Jesusen Magnificat". Sinoptikoak adierazten dutenez, Jesusek Jainkoseme izatearen kontzientzia argia zeukan, beste inork ez bezalakoa. Ataltxo banaka bat nahiko da, bere seme-bihotza erakusteko eta Beragan gure uste osoa jartzeko.

- Testuinguru hau Mateo eta Lukasenean zertxobait ezberdina da, idazkerak eraginda. Bietan nabarmentzen da jendarteko pentsaeraren eta Jainkoaren pentsaeraren arteko aldea (Is 55, 8...aa). Jesusek zeru-lurretako Jaungoikoa bedeinkatzen du xamurtasunez "ABBA-Aita" deituz, eta jakituria goratzen du, eta xumea bezain sakona, eta gizasaiakeraz iritsi ezin daitekeena. Ezagutza hau Jainkoaren dohaina hutsa da, apalei Jainkoa agertzea (25.a). "Txikiak" dira bakarrik gai, apaltasunez zeruko Erreinuko misterioak onartzeko, Jesusek iragarri ahala. Berak argi jartzen digu: Horixe da Aitaren nahia.

- Jesusek esaldi honekin bere barren-giroa agertzen digu, Aitaren nahiarekin etenezineko batasuna: Harengandik hartzen du dena eta Berari itzultzen dio dena, maitasunez bere esaneko izanez (26-27.aa). Obedientzia hauxe da Aitarekiko maitasunaren oinarri; hauxe adierazten du ezaguera hitzak: ez hitzezko ezaguera, Berekiko batasun bizipena baizik; horretaraxe eraman nahi gaitu guztiok Jesusek (27.a).

- Aintzinako jakituriaren hazia jasoz (Jk 8, 5; 9, 5) bizitzako nekepean zapalduei deitzen die, eta Legearena ez den beste uztarri bat eskaintzen die. Egia esan, Jesusen irakatsiak onartzea ez da lege eta arau sorta bat leporatzea, Beregandiko apaltasuna eta xumetasuna ikastea baizik; honek egiten ditu eramangarriago bizitzako nekeak eta sufrimenduak (28-30.aa). Norbere bizitzan Semearen bihotzarekin bat egiten duenak aurkitzen du atsedena eta poza (29.a): maitasunaren zama altxagarria da, ez zapalgarria.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Benetan esanguratsua da Ebanjelioko orrialde hau! Deitu ere, "Jesusen Magnificat" deitzen diote; bere esanahia, izan ere, eder eta sakona da, eder sakonik bada. Bihotz hondoan gordetzekoa da erakusten digun Aitaren arpegia: "txikiei" eta xumeei eskaintzen zaien dohaina da; horrelakoak bakarrik direla gai, harritzeko eta eskerronez hartzeko Jaungoiko Beraren dohaina. Hauek bai hartzen dituztela bete-betean Erreinuko misterioak, Jesusek irakatsi eta bere bizitzan egi bihurtzen dituenak!

- Ebanjelioko testuinguru honek Jesus Beraren barru-giroa agertzen digu, Aitaren nahira osoan moldatua, etenezineko seme-leialtasunez Aitak erabaki duenera makurtuz. Horrenbesteko "komunioa" bizi du Aitarekin! Eta honek moldatzen du bere seme-bizitza osoa.

- Tira...! Nire fede-bizitzarako a zer nolako erronka! Hau bada Jesusen jarraitzaile izatea, ea zer falta zaidan Jesusen esperientziara hurbildu ere egiteko! Honek markatuko ninduke behin betiko nire bizitzan. Aukera ederra Pazko-aldi hau eta Santa Gema Galganiren jaiegun honetan Jaunak ZATIRIK ONENERA egiten didan gonbitea jasotzeko. A zer nolako erronka niretzat!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue