castellano euskera batua euskera bizkaiera

JESU KRISTO GURE JAUNAREN PASINOAREN OROITZAPENA

(Hausterre eguna baino lehenagoko barikua)

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Isaias 53, 1-12

"... Asko ikaratuta gelditu baziran be, giza itxura galdu ebalako, eta gizona zanik be ez ebalako emoten... Itxura atsegin barik ikusi genduan, barregarri eta gizonetan azkenengo, oinaze-gizon egina, nekeen barri dakiana..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Irakurketa zati honen hasieran eta amaieran dagozan Jaunaren orakuluak Zerbitzari oinazetuez berba egiten dabe (52, 13-15; 53, 11s): apaltasunez jasateak dakarren aintzazko arrakastea azaltzen dabe, jendearentzat salbamen iturri dana. Hari buruz jardun dau profeteak ("guk", 4. tx.), Zerbitzariaren mina zelan ulertezintasun osoan amatatu zan autortuta: zelan ulertezintasuna ardurabakokeriatik despreziora igaro zan, eta epaiketatik abusu legitimora (3-4.8a). Baina ha isilik.

-Ez dau erakarten, hain zuzen, bere aurpegiaren dirdiraz (jainko bedeinkapenaren seinalea), ezta bere doktrina argitsuaz be: "Ohituta dago sufrimenduetara", baina ez da hau irakasgaia. Zapalketan, heriotzako zigorrean isilik (7 tx.), hilobi iraingarria hartu arte (9 tx.)... Pekatuen ordain bere burua opari eskeintzen dauanean bakarrik ulertzen dau harek garbitutako alkarteak Jaunaren asmo pentsatuezina.

- Zigorrak, sufrimendu garbitzaileak bezela, errua behar dau aurretik; baina hemen, lehenengoz, beste zeozer azaltzen da argi eta garbi: ordezko sufrimendu misteriotsua. Pekatua gurea da -errez ikusten dogu geure burua testuaren "guk" horretan-, baina ha ordaintzeko sufritzen dauana ez gara gu, Zerbitzari errubakoa baino. Hau da Zerbitzariarengan beteten dan Jaunaren nahia. "Errukia" jainko justizia da. Ilunpe eta apalkuntza osteko argiaren eta gorespenaren agintzaria da, Itun Zaharrean oinaztargiak bezela argi egiten dauana.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Historian zehar apurka-apurka ulertzen joan dira Jaunaren "bideak" eta haren bizi eta salbamen egitasmoa. "Jaunaren Zerbitzariaren" irudia bide horretako urrats esanguratsuetako bat da. Isaias profetea (eta horren eskolea) Zerbitzariaren irudiaren ulermen gero eta argitsuagoaren bozeroale bihurtu da, "nekeen barri dakiana"; hori bai, Zerbitzari errubakoa da, "ordezko" balioa daukana.

- Profetearen orrialde honek estasia giroko kontenplazinora konbidatzen gaitu deskribatzen deuskuna sakontasun osoan ulertzeko eta, kontenplazino horretan, Jaunaren salbamen asmo harrigarria ezagutzeko eta biziteko, hau da, azkenera arte bere burua emoten dauanaren maitasunaren indarra. Zerbitzariak erredentzinoaren bide misteriotsua bete eta bere osotasunera eraaten daualako.

- Horregaitik, ederto dator Nekaldiaren Oroitzapenaren egun berezi honetan barriro be Isaiasen testu hau gure begien aurrean jartea, gizadiarenganako Jaunak daukan "errukia" gozatzen laguntzeko. Pasiotar Familiak eta Nekaldiaren iturrian "edan" gura dogun guztiok, eskeintzen jakun kontenplazino horretan, onena eskuratzeko aukera hobezina daukagu: Jaunaren maitasun egitasmoa barru-barruraino sakontzea.

# # #
#
# # #

2.IRAKURGAIA : 1 Korintoarrei 1, 18-25

“... Kristok ez ninduan bateatzera bialdu, barri ona zabaltzera baino; eta hori be ez jakituriazko berbaz, Kristoren kurutzeak indarrik galdu ez daian... Jaungoikoak ez ete dau zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria? Begiratu, Jaunak bere jakituria agertu dauanean, gizakiak ez dira gauza izan euren jakituriaz Jaungoikoa ezagutzeko; horregaitik, Jaunak guk iragarten dogun zorakeriaren bidez salbatu nahi izan ditu fededunak...”

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Paulo ez da bateatzera bialdua izan, ebanjelizatzera baino (17 tx.). Hau esatean, ez dau bateoa zapuztu gura; bere bokazinoa, Jaunaren asmoetan identitatea emoten deutsana, Ebanjelioa predikatzea dala azpimarratu gura dau. Ez dauka zentzurik Jesusen barri emon barik inor bateatzeak.

- Beste alde batetik, bai kronologia eta bai grazia mailan, predikazinoak sinismenari aurrea hartzen deutso, baita bateoari be (Erm 10, 14+). Baina, zelan predikatu Jesus? Paulok ez dau berbaldi ederrez eta sakonez egiten. Beharbada, hau idazterakoan, Atenasko Areopagon izan barri dauan predikazinoaren “porrota” dauka gogoan. Esperientziak indartu egin dau bere ustea: predikatzeak Kristo kurutzeratua iragartea esan gura dau, hau dalako salbatzen dauan bakarra. Jaunaren Berbea, batez be "Kurutzeko Berbea", berez da bizia eta eraginkorra (Heb 4, 12), ez dau giza euskarriaren beharrizanik; askoz gehiago oraindik, giza jakituriak ha ilundu eta haren indar zorrotza moteltzeko arriskua dauka.

- Paulok, Itun Zaharra aitatuz eta bere erretorikaz baliatuta, bere ustez garrantzi erabakigarria dauana azpimarratzen dau. Kristo kurutzeratua "oztopoa" da juduentzat, habetik eskegitakoari legearen madarikapena etorkolako (Dt 21, 23), eta "zorakeria" jentilentzat, honeei higuingarria gertatzen jakelako bere burua kurutzean josten itziko eukean jainkoa. Baina Jaungoikoak, hain zuzen, kurutzean erakusten dau bere indarra. Kristauak, nahiz Israel herritik nahiz Jentil herritik etorri, Jaungoikoak sinismenera "deituak" diranez, Jaunaren logikeagaz jokatu behar dabe eta kurutzeko jakituria kontuan hartuta bizi, eta ez giza mailakoa kontuan hartuta.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- San Paulo apostoluaren testigutzak lagunduko deusku hau ulertzen. Apostoluak judaismoan bizi zala uste ebanez, Legea beteteak emoten eban justifikazinoa eta salbamena; baina orain dana beste era batera ikusten dau: argitasun barriak urten deutso "Kurutzeko jakituriatik", bizitza besteen alde emotearen zorakeriatik.

- Esperientzia hau besteengana zabaltzea gura leuke apostolu handiak, eta, holan, gizaldietan zehar hazurmamitzen doan eta Kristo Jaunaren kurutzeko eskeintzan osotasunera heldu zan Jainko maitasunaren misterioa ezagutzen laguntzea. Hortik dator salbamenaren dohaia. Hau bihotz guztiz irrikatzea eta dohai moduan onartzea da sinistedunak jagon behar dauan jarrerea.

Jesus kurutzeratuaren jarraitzaileak gara eta Bera dogu gure bizitza osoaren ardatz eta eragile. Izan be, Kurutzeko san Paulok dinoanez, "jainko maitasunaren ekintza bikainena da" eta guk maitasunaren ezaugarri nagusi horren "oroitzapena egiteko" ardurea hartu dogu. Horregaitik, Kristo kurutzeratua gogoratu eta beronen lekuko eta zabaltzaile izatea eskatzen deusku karismari leial izateak. Badaukagu zeregina!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Joan 19, 17-30

"... Hartu eben Jesus, eta, kurutzea sorbaldan eroiala, “Burazur” (hebreeraz, barriz, Golgota) izeneko lekura eroan eben. Han josi eben kurutzean... Bazan han ozpinez betetako pitxar bat. Eta ozpinetan bustitako belaki bat kanabera puntan lotuta, ezpainetara emon eutsien. Ozpina hartuta, honantxe esan eban Jesusek: "Bete da guztia". Eta, burua makurtuta, azken arnasea emon eban..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesus ez dago bakarrik kurutzean: haregaz beste bi kurutzeratu ebezan (beste ebanjelarientzat "bide lapurrak"). "Haregaz" esamoldeak Tomasen beste hau gogoratzen deusku: "goazen gu be haregaz hiltera" (Jn 11, 16). Tormentu lagunak Jesusi azkenera arte jarraitzen deutsien eta euren bizitza gizakien alde emoten daben ikasleak ordezkatzen dabez; Jesus dagoan lekuan dagozanak dira (Jn 14, 3; 17, 24).

- Jesusen oinordetza lau gudari jentilek hartzen dabe. Zatiaren hasieran eta amaieran aitatzen dira gudariak. Itun Zaharrean, "mantua" (23. tx.) Erreinuaren sinboloa da (1 Erg 11, 30-31; 1 Sm 15, 27); gudariak "lau zati" egiten dabe mantua/juduen errege dan Jesusen erreinua, eta eurenganatu; juduei hareen erregea kenduta, euren errege egiten dabe gudariak. Lau zati, lau puntu kardinalei jagokezanak: Erreinuaren orokortasuna. Jostura bako tunikea (24. tx.): haren barruko batasun zatitu ezina. Mantuaren beste sinbolismo bat: profeta espíritua (1 Erg 13, 20: Elias eta Eliseo; 2 Erg 2, 1-15). Erreinua Jesusen Espirituaren isurtzeaz beteko da. Kuruteratu baten oinorde moduan igarriko deutsiee kristau taldeei mundu osoan, hau da, gizon-emakumeenganako maitasunez bere bizitza emon ebanaren misinoa haren Espiritu bardinaz jarraitzeagaitik (13, 35).

- Emakumeen presentziak leialtasuna adierazoten dau. Emakume bakoitzak alkargo bateko alkartea irudikatzen dau: amak, itun zaharrekoa, Israelen hondarra, Jaunaren emazte leiala. Maria Magdalenak, alkargo barriko alkartea. Amaren egitekoa, antzinako alkartea, kurutzean amaitzen da; Maria Magdalenarena, beronengan hasten da. Horregaitik, "ikasle maitearen" presentzia kurutzearen ondorioa da, Mesiasen alkartea da, bizi eta sentidu dauanaren testigutza egingo dau.

- "Bete da" (30 tx.): Aitaren ekintzari amaierea emon deutso (4, 34). Bere maitasun irabazi ezinaz berberagan bete dau betetasuna, Gizakia Jaunaren pareko; "Ene Jauna eta ene Jaungoikoa" (Jn 20, 28).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Kontaketa hunkigarria, Joanek, "ikasle maiteak", esanahiz beteten dauana, lehenengo begiradan agertzen dana baino askoz be harago. Horregaitik, kontenplazinorako konbitea sinistedun begiradaz Mesiasen alkartearen ikuspuntutik, hau, hain zuzen, kurutzean jaio dalako. Berbera da gertaera dardaragarri honen fruitua.

- Beste horrenbeste eskeintzen deuskue emakumeak gertaera honetan: leialtasuna antzinako alkargotik (Maria), edo leialtasuna alkargo barritik (Maria Magdalena). Holantxe batzen da iraganeko egunetan bizi izan dan onena, eta ikuspegi osoa errealitate barriari zabaltzen jako. Une honetatik gauzatua eta betea gelditzen da Jaungoiko Aitaren egitasmoa.

- Hementxe gagoz gaur, alkargo barrian esku hartuz, ikasle maiteagaz alkartean esku-hartuz, "ikasle maite izanez"; Jesusen eskeintzatik jaio dan Bera da hau, eta onartzen dau "ikusi eta entzun" dauana eta testigutza emoten. Hau da errealitate barria sortzen dauan esperientzia. Hemen oinarritu behar da guztia. Hau da gure kontenplazinoaren eta bizitzaren helburua.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue