castellano euskera batua euskera bizkaiera

Andre Maria, ITXAROPEN Santuaren AMA

Uztailaren 9a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Si 24, 9-12. 19-22)

"... Denporea hasi aurretik sortu ninduan Jainkoak eta izateari ez deutsot inoiz itziko... Herri ospetsuan bota ditut sustraiak, Jaunaren sailean dago nire ondarea. Ni naz maitasun garbiaren, bildur santuaren, ezagutzaren eta itxaropen santuaren ama. Nigan dago bidearen eta egiaren grazia, nigan bizitzaren eta onbidearen itxaropen betea. Etorri nigana irrikatzen nozuenok, eta ase nire emaitzez..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Ben Sirak liburuko bigarren zatian gagoz. Bertan dakarrenetik, berau da liburu osoaren erdigunea eta gailurra eta jakiturizko teologiarako ezinbesteko atala. Testamentu Zaharreko irudiak eta formulak erabiliz, egileak teologi-sintesi ederra moldatzen dau, aldiak aldi geroago, kristologia baterako sinbolo egokiak prestatzen eta eskeintzen ditualarik. Bidean goaz.

- Jakituria aldien gainetik dago. Bera da lehen izakia, Esaera Zaharrak liburuak dinoskunez (Es 8, 22 eta Sirak 1, 14.a). Jaungoikoaren hurrengo lekuan agertzen jaku (Is 43, 10.a) eta sorrera eta historia osoa beragan batzen ditu. Jerusalen da jakituriaren presentziaren erdigunea, hemen liturgia kutsuz eta giroz agertzen dalarik. Jaungoikoagan dan eta Beragana bihurtzen dan bere Berbea da.

- Jakituriak zer pentsau emoten deutse gizaki entzuleei (Es 8 eta 9). Bere frutuak asetu eta gosetu egiten dabe era batera, paradoxaz jokatuz; beti gehiagoren egarri dan gizakiaren irudi. "Entzun eta bete" (22.a) esanez, legeari begira dino, hau da, Jaungoikoaren bide eta asmoak ezagutzea, bere nahia betez.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Israelgo jakintsuen gogoetak honetara doaz: dan guztia, historia eta jazoera guztiak "lehenengo begi-kolpean" dirudian baino haruntzago doazela. Hauxe da egile sakratuak jakituriari ezarten deutson oinarrizko betebeharra. Inoren ezaguera eta datuak baino askoz haruntzago doa, bizitzako zentzun sakonena aurkitu nahirik.

- Izan ere, giza bihotzak bilatzen dauan azken helburua gaurko kultur giroak erakusten deuskun baino askoz sakonago dago, postmodernidade eta guzti. Hauxe da gogoeta honen egile sakratuak aurrean ipini gura deuskuna. "Jaungoikoaren bideak ezagutu", hori da benetako jakituria, giza-egarria ase daiken bakarra, baina beti ere bilaketa barri batera bultzatuz.

- Sekulako gogoeta esaguratsua guretzat, non, ze-barri gabiltzan gizon-emakumeontzat, egunetik egunera ezaguera sakonagoaren bila jokatuz! Egile sakratuaren asmoa agirian dago: balore nagusi eta oinarrizkoei begira jarri, gu bete ahal gaituen bakarrak eurak dira ta; eta "horrek" bere jatorria Jainkoagan dau, Berak emoten deutso betetasuna. Baita gaur guretzat ere! Behin baino gehiagotan ahaztuten dogu, egunetik egunera gehiago eskatzen deuskun ingurugiroak estututa! Jainkoagana bihurtu, Haren bizi-dohaia berreskuratuz: hori da jakituriaren konbidapena, jakin ere honetaz asko daki eta.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Jn 2, 1-11)

"... Aldi haretan, ezteguak ziran Galileako Kanan, eta Jesusen Ama han zan. Jesus ere deitua izan zan, bere ikasleakaz. Ardaoa amaitu zan, eta esan eutson Jesusi bere amak: Ez dauke ardaorik. Eta Jesusek erantzun: Eta guri zer ardura deusku, emakume? Nire ordua ez da oraindino etorri. Orduan, amak morroiei: Egizue Berak esaten deutsuena..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Ardaurik eza Itun Zaharraren irudi da, orain eta hemen Itun Barriaz ordezkatua, Espirituaren ardau eta guzti. Hau da, Jesusek sortuko dau gizakiak Jainkoagaz izango dauan hartuemon barria, bitarteko ezetariko lege barik (Jn 1, 17.a); Jainko Beragaz bat egitea dakar, biziz eta maitasunez beterik hartuemona, gizakia Jainkoaren seme eta antzeko eginez. Jesus da erdiko ardatz, giza alkarte barriaren senar barria, eta hemen agiri da aldaketa, "bere ordua" datorrenean bere betera helduko dana.

- Jesusek ez dauka Itun Zaharragaz zerikusirik, konbidadu lez parte hartzen dau ezteguan. Amak bai badaka zerikusirik, baina Mesias autortzen dau eta Beragan dau uste osoa; Jesusi agertzen deutso egoeraren barri (2-3.aa). Jesusek zaharragaz osoan apurtu beharra dagoala dinotso (4.a); bere egitekoaren oinarria ez dago lehengo erakundeetan, erradikaltasun barrian oinarritzen da. Agintzariak noiz beteko zain dagoan herriaren irudi eta ordezkari da Maria. Berak argi dauka: Jesusegana bialtzen ditu Itun Barriko zerbitzuan zintzo jokatzeko eskatuz: "Bete esaten deutsuena" (5.a).

- Ontziak harrizkoak dira (6.a); erdian dagozalarik, Legearen irudi dira (Testamentu Zaharrean Legearen "harlosak" ziran). Ontziak hutsik egozan, Jesusen aginduz bete ebezan eta. "Sei" erdizkako zenbakia da eta behin-behinekoa. Ontziak urez betetzea aginduteak zera esan nahi dau: benetako garbitasuna Jesusek ezarriko dauala. Mahai-zaina Israelgo buruzagien irudi da: ez dabe ardau barria ezagutzen, ezta nundikakoa dan ere, ez dabe onartzen itunaren aldaketa.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ikusten danez, sinbolismoz beteriko pasarte baten aurrean gagoz, Jesusek egindako lehenengo ezaugarria dan arren, holan aurkezten deusku Joanek, ikasle maiteak, Jesus eta bere egintza osoa. Hemen hasten da bere edukiz eta esanahi ederrez beteriko bere ekitaldia. Ikasle maitearen ustez, Jesus da barritasun osoa eta behin-betikoa, bera da ardau barria, eta onarpen osoa eskatzen deusku.

- Argi dago: Jainkoak gizakiagaz dauan hartuemonak behin eta betikorako bidea hartudau; Jesukristo da errealitate barri hori: "Harlosak" eta "ontzi hutsak" (gauz-ez-diranak), orain ardau barriak ordezkatu ditu, hau da mesianiko dohaia (Am 9, 13-14) eta maitasun-dohaia (Kantu ederrena 1, 2. 4.). Gainera Espiritu Santuaren sinboloa da (Eg 2, 15-1). Beraz, ikaslea eta lehenengo alkartea heldu zan egira deitua eta konbidatua da: "Beragan sinistu eben ikasleak" (11.a); hauxe eskatzen dau egoera barriak.

- Gure aldetik ere beharrezko egiten jaku hau, Amaren konbitea onartzea: "Egizue Berak dinotsuena" (5.), holan bakarrik sartu ahal gara Jesusek proposatzen deuskun dinamika barri eta betikoan. Hemen aurkitzen gara. Holan bakarrik "ulertu" ahal izango doguz bere egintzak eta egitasmoak eta ikaslearen sinismen betera heldu. ITXAROPEN SANTUAREN Andra Mariaren jaiegun honetan esanguratsua da konbite hau; merezidu dau bai. Benetan gero!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue