castellano euskera batua euskera bizkaiera

ISIDORO DE LOOR Dohatsua

Urriaren 6a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (1 Jn 4, 7-16)

"... Maitatu daigun alkar, maitasuna Jaungoikoagandik datorrelako, eta maite dauan guztia Jaungoikoagandik jaioa da eta ezagutzen dau Jainkoa. Maite ez dauanak ez dau ezagutzen Jainkoa, Jaungoikoa maitasuna da-ta… Jaungoikoak deuskun maitasuna honetan agertu zan: Jaungoikoak bere Seme bakarra bialdu ebala lurrera, gu Haren bidez bizi gaitezan. Maitasuna badala, honetan agertzen jaku: ez geuk Jainkoa maite izan dogulako, Harek gu maite izan gaitualako baino, eta bere Semea gure pekatuen bake-opari bialdu ebalako... Jaungoikoak gu hain maite izan bagaitu, geuk ere alkar maitatu behar dogu... Guk ezagutu dogu eta sinistu Jaungoikoak deuskun maitasuna. Jaungoikoa maitasuna da, maitasunean dagoana Jainkoagaz dago eta Jainkoa haregaz..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- "Ikasle maiteak" eskeintzen deuskun harribitxi hau geroagoko gogoeta bat dogu anaiarteko maitasunari buruz ezarria; egileak lehenagotik esanda euki deusku, alderdi ilunetik hartuta (3, 11-15). Hemen maitasun agindua da azpimarkatzen deuskuna, bere alderdi onetik: maitasuna beharrezko da, "Jaungoikoagandik dator eta" (7.a) eta "Jaungoikoa maitasuna da eta" (8.a). Izan ere, Jaungoikoaren izatea maitasuna da: Berak maitatzen dau, parkatzen eta dan osoa eskeintzen. Egiazko giza-maitasunaren sorburua Jaungoikoa da. Maitatzen dauana Jainkogandik jaio da eta "Jainkoa ezagutzen dau" (7.a).

- Jainkoaren izatea hau bada, benetako maitasunera helduteko bide bakar bat dago: maitatzea. Halan ere, ez gero agnostikoak edo Alkartearen arerioak uste ebenez, Jaungoikoa ezagutzeko jakin nahia sentitzen ebela eta. Joanen eritxiz, maitasunaren oinarria honetan datza: Jainkoak berak maitatu gaituala "lehenengo", bere ongura hutsez. Maitasun hau Jainko Semearen Gizakundean agertu da, hau barik gizakiak ezin izango eban benetako maitasuna ezagutu, ez bizitzarik izan (9-10aa). Jesusek maitasun zehatz jakin bat agertu deusku, besterik gabe, bere burua emonez eta gu askatuz, bizia emoteraino. Beraz, gizakiak Jainkoari deutson maitasuna aurreragoko Aitaren maitasunari erantzuna da.

- Jaungoikoa maitasuna dala esan ondoren, Joanek kristau Alkartea jakitun ipinten dau, baieztapen honek eguneroko bizitzan dakarzan ondoren guztietaz. Lehenengoa, Alkar-maitasuna dala Jaungoikoa gugan izateko; baldintza hau ezinebestekoa da Jaungoikoaren maitasunaz sinisteduna bihotzez jabetzeko, bere presentziaren esperientziaren frutu lez, Kristok Berak bizi dauan maitasunari dagokion "ontasunez" (12.). Bigarrena, Espirituaren presentzia (13.). Hirugarrena, munduaren Salbatzaile dan Jesusengan sinismena: "Norbaitek Jesus Jaungoikoaren Seme dala autortzen badau, Jaungoikoa beragan dago eta bera Jaungoikoagan" (15.a).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- "Ikasle maiteak", Jesus eta bere barri onaren esperientzi berezia izan eban harek, gero eta sakonagora joten dau bere sinismenean eta esperentzian. Eta mezuaren guna argi eta garbi dago: maitasuna beti dator Jaungoikoagandik eta doangoa da. Ez dago ezelango konponketarik, ez kontu arrarorik. Hemen sortzen da DOHATASUNAREN espiritualtasuna. Begibistan dago zergaitia: Jainkoak emoten dau beti lehenengo pausoa, eta gure maitasuna beti da, ezagutu eta gugan indarrean sumatzen dogun maitasun horri erantzuna. Jainko-maitasun horren agerpenik gorena Jesus eta bere Gizakundea da.

- "Ikasle maiteak" behin eta barriro dihardu ahaleginetan, bere alkarteak kristau sinismenaren oinarrietaz jabetu daitezan: dana sortzen da Aitak Jesukristogan agertu deuskun doango maitasunetik; gainerako guztia horren ondorengo frutu da; areago, Joanen esperientziz, hortik dator "egoera barria". Bizitzako bidelagun dogun ikara-bildurra menperatzen dauan maitasuna ere hemen sortzen da. Izan ere, "Kristo Jesusengan aurkitzen eta Beragaz bat egiten danak", holangoak izaera berezi bat dau beragan, Jesus beraren antzekoa, eta horrengan bildurrak ez dauka indarrik hartzerik, desegina da. Hamaika ikara-bildurrezko espiritualtasun hankazgora doaz apostoluaren esperientzi honen aurrean!

- Hemendik sortzen da SINISTEDUN BARRIA: Jaungoikoaren doango maitasunaren esperientzi hori sentidu eta norberagandu barik, ezin da egiazko sinistedun izan eta are gitxiago, bere bizitzako altxorra aurkitu dauanaren pozik eta adorez jarraitu. Horra zer dan sinismena bere jatorrian eta oinarrian: Jesusengan agertu jakun Jaungoikoaren maitasunaren DOANGO ESPERIENTZIA. Gainerako guztia horren ondorena da. Seme-alaba maitatuak lez, uste onez beterik bizi eta jokatu: hauxe da apostoluak egiten deuskun proposamena. Esperientzi honetara deitzen deusku eten barik eta hauxe da Espirituaren ekintza gugan. Hor dago HELDUTASUNERAKO bidea. Jesusengan sinistea Barri Ona da, baina esperientzi honetatik hartu eta bizi dodanean. Hamaika kristau anai-arreba badira holangorik usmatu eta dastatu ere egin ez dabenak!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Jn 15, 1-8)

"... Neu naz benetako mahatsondoa, eta nire Aita mahastizaina. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena, ebagi egiten dau; eta frutua emoten dauan guztia, inausi, frutu gehiago emon dagian... Ni barik ezer ezin dozue egin eta... Nigan ez dagoana, aihena lez kanpora botaten dabe..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Atal gitxiren barruan, "iraun" aditza txitean-pitean erabilita ikusteaz zera adierazo nahi da: bera dala pasarte osoan oinarrizko hitza. 14. kapituluan, "agurreko hitzaldiaren" hasieran, Jesusen agurra eta ikasleen urduritasuna azpimarratzen badira, hemen bere eta Berarengan sinisten dabenen arteko batasun sakona eta benetakoa agertzen dira.

- Heriotzeari aurre egitera badoa ere, Jesusek beretarren bizitzaren eta santutasunaren iturri izaten jarraitzen dau ("frutu emotea": 15, 6.a). Areago, Aitagana joatea da baldintza, beretarren artean betirako "iraun" ahal izateko. Jesusek konparaketa bat erabiltzen dau, Bera egiazko mahatsondotzat jarriz: profetak sarri erabilitako irudia Israel irudikatzeko: mahatsondo agorra, beti Yave Jaunaren ardura maitekorretatik iheska (Is 5). Jesus Bera agertzen da egiazko herri aukeratu lez, Jaungoikoaren arduratasunari zintzoro erantzuten deutsona. Bestalde, Jakituriaz bat egiten dau, kimu, lore eta frutua emon dauan mahatsondoa lez dalako (Jk 24,17).

- Beraz, irudi horregaz hauxe azaldu nahi dau: zenbaterainoko batasuna dagoan Jaunaren eta sinistedunen artean, hortik zenbateko konpromesuak sortzen diran eta zer frutu itxaroten dauan Jaungoikoak. Jesus da gizadi barriaren lehensemea, kurutzeko sakrifizioaren bidez. Bera da mahatsondo santua, aihenetara bere zumo bizigarria zabaltzen dauana. Beragaz bat eginda bizi danak maitasun frutu gozorik emon daikeo Aitari, bere izenaren aintzarako (5. 8.aa). Jarraian dinoskunez, eta frutu ugari emon ahal dagian, Aita mahastilariak hartzen ditu ardurak: fruturik emoten ez dauan aihen iharrak ebakiten ditu eta frutu dakarrenak inausi. Inausketa Jaunaren Berbeak egiten dau, bihotz onez hartzen danean (3.a): orduan Berbeak zuzendu egiten dau giza bihotza eta Jaungoikoaren adiskide egiten dau, salbamen ekintzan lankide, bere aintzan partedun eginez (7.a).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ederra, ederrik bada, Jesusek bere ikaleekaz dauan batasuna adierazoten dauan konparaketa! Halako bizitasuna dau erabilten dauan parabolatxoak! Bera, Jesus, da mahatsondoa eta bere jarraitzaileak, aihenak. Mahatsondotik zumoa zabaltzen da, hau da bizia, mahatsondoagaz bat eginda "irauten" badabe. Bestela, ihartu egiten dira, ez dabe fruturik emoten eta hil egiten dira. Parabolearen indarra "IRAUN" berbean datza, 15 bider errepikatzen da kapituluan. Gainera Aita Bera da mahastilaria, aihenak Kristogaz bat eginda irautea nahi dauana. Hauxe da Aitaren pozik haundiena: "Frutu ugari emon dagizuela" (8.a).

- Askotariko konparaketak dira mahatsondoa eta mahastiaren adierazpen lez erabilten diranak (Israel herria da Jaungoikoak landatutako mahastia, hainbeste amets gozo egin ondoren, hain frutu gitxi emon deutsona; badau kexatzeko errazoirik nahiko; hor agertzen dira mahastiko langile gaiztoak, nagusiari ordaina ukatzen deutsoenak...). Mahatsondoaren eta aihenen konparaketak adierazoten dau egokien, Kristo eta bere jarraitzaileen arteko batasuna.

- Horregaitik testuaren ondorenak ez dira korapilotsuak: Kristok nahi izan dau bere eta gure artean batasun estu eta bizigarri hau izatea. Izan ere, mahatsondotik aihenetara "lekuz aldaketa" estu hau ondoren garrantzitsuak daukaz Jesusen jarraitzaileen bizitzarako. Beragandiko zumo bizigarria hartu ezik, ihartu eta sutara boteak izateko arriskua dogu. Hartuemon hau hil-bizikoa da. Zelan sentitzen naz? Zelan zaintzen eta lantzen dot batasun hau?

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue