castellano euskera batua euskera bizkaiera

Jesusen OTOITZALDIA BARATZEAN

(Hausterre egun aurreko martitzena)

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Heb 5, 1-9)

"... Kristok, haragizko bere bizitz-aldian, heriotzatik gorde eikeanari, deadar handiz eta negarrez, otoitzak eta eskariak egin eutsozan, eta bere begiruneagaitik entzun egin jakon. Eta Semea izan arren, bere neke artean ikasi eban esaneko izaten, eta bere betera heldurik, Bere esaneko diranentzat betiko salbamen-iturri egin zan..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Irakurketarako proposatzen jakun pasartea ardura haundiz idatzia izan da. Itun Zaharreko abade nagusiaren bereizgarriak emoten dira lehenengo. Guk badakigu, Jainkoagazko hartuemonetan gizakien alde jokatzera deitua egoala Ha (1. tx.); beretako bat izanik, hareen izaera sakonetik ezagutzen dau (2. tx.); eginkizun hau Jainkoagandik hartu behar dau.

- Ondoren, bereizgarri honeek -azkenengotik lehenengora- Jesusi ezarten deutsoz idazleak, Bera dala egiaz abade nagusi bakarra adierazoz. Jaungoikoak aukeratu lez, Semea ere bada, betiko dirauan abadetzaren hartzaile; errukitsua da gizakiekaz, eta, pekaturik izan barik, bere burua eskeintzen dau opari lez, ez kanpoko sakrifizioak, horrela gizaki guztiei betiko salbamenaren bidea zabaltzen deutselarik.

- Hebertarrei egindako gutunaren erdigunean aurkitzen gara: kurutzeko heriotzaraino gizakiaren sufrimentuan esku hartu nahia Aitari eskeintzen deutson unean ikusarazoten deusku Kristo. Honek, "deadar haundiz eta negarrez, otoitzak eta eskariak" eginez (7a tx.), aurkeztu eutson bere eskeintza, eta atsegin izan eban Aitak Jainkoaren nahiagazko erakutsi eban begirunezko menpetasunagaitik. Holan lortu eban "perfekzioa" (9. tx.) eta bere hitza onartzen daben guztientzat salbamena lortu ahal izan eban.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hebertarrei egindako gutunaren idazleak gure begi-bihotzak Jesusengan jartera konbidatzen gaitu: Ha da Abade nagusia, egiaz gugaitik errukia sentidu daikeena, gugazko solidaritatea "deadar haundiz eta negarrez" ordaindu eban-eta, eta "neke artean ikasi eban esaneko izaten". Orain Aitaren aurrean dirau oroigarri santu eta atsegingarri lez. Holan, edegi jaku, azkenik, Aitaren bihotzera sartzeko bidea, eta ziur gagoz gure gurari guztien gainetik izango garala entzunak.

- Baina hori ez da guztia; Jainkoaren aurrean gure ordezkari izateaz gain, Jainkoaren presentzia bizia ere bada gizakion artean, gutako bakotxa pozezko eta jai giroko otorduan sentiduazoten dauan Senarra da, barau egiterik ez dogula, orain betiko gugaz dagoalako, munduaren azken egunera arte.

-Sakonki ikutzen gaituan berba zoragarri baten aurrean gagoz, beraz, eta egiazko EBANJELIOA osotzen dau, itxaroten genduan Barri Ona. Gure ezjakintasunak, gure oker eta galbideak aurkitu dabe azkenean bere izenez deitu eta aldatzeko gai dan norbait, geurea dogun ezer baliobakotzat joten ez dauana. Jainkoak maite gaitu, Jainkoak maite nau: hau da Jesusen agerpen haundia; bere berbak eta egintzak, bere egoteko eta begiratzeko erak, bere… danak errealitate barri honetaz dihardu. Senideen alde diharduan ABADE da. Ez gitxiagorik!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Lk 22, 39-46)

"... Aita, nahi badozu, kendu Nigandik kaliz hau, baina ez bedi nire borondatea egin, Zeurea baino… Larria sartu jakon Jesusi, eta gehiago otoitz, egiten eban..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Amaitu da otordua, amaitu pozezko bertsoen kantua. Azken salmoan (118.ean) esaldi honeek ere esan dabez: "alde guztitik inguratu ninduen... erleak lez... gogor bultzatu ninduen lurrera botateko... etxegileak baztartutako harria...". Jarraian datorren otoitza eta bere giroa guztiz ezbardina da.

- Sarri etorri ohi zan Jesus leku honetara (39. tx.); Jesusek ez dau bere burua ezkutatzen hareen eskuetan ez jausteko. Bere ikasleak ere euren mesias egitasmoari, euren ideiei ("tentaldia", 40 tx.) uko egitera bultzatzen ditu, eta Jainkoari otoitz egitera, bere salbamen asmoak ulertzen lagundu deioen. Jesusek bere bizitzako une erabakigarrietan egiten dauan otoitza azpimarratu egiten dau Lukasek: 3, 21; 5, 16; 6, 12; 9, 18.

- Jesusek Aitaren asmoa beste asmo guztien gainetik ipinten dauan lez (42. tx.), holan onartu behar leukee ikasleek ere Gizonaren Semearen etorkizuna, euren buruan itsatsia euken Mesiasen ideiari uko eginez. Afarian Eukaristiarako erabili eben kopagaz lotua dago "kaliza" (Lk 22, 17.aa). Hau da Aitak eskeintzen deutson kopa eta Hamabiek alkarren artean banatu behar dabena. Baina beretarrak "lotan dagoz" (45 tx.), bakarrik itzi dabe; ihesa, bidean da.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Heldu da une erabakigarria eta Jesusek ez dau aldenduten "bere ordua"; Aitaren egitasmoari eta haren salbamen asmoak burutzeko guztiz neketsuak jazo deikiokezan bideak leialtasunez hartzeko behin-betiko sasoia da. Izan ere, une honetan Jesusek, Aitaren "eskakizunaz" gain, bakartade ikaragarria sentitzen dau: beretarrak "lo dagoz" eta bakarrik itzi dabe; hain zuen, euren ideia mesianikoa ez dator bat Jainkoaren planekaz. Jesusek, bai, onartzen ditu; ikasleak, ez.

- Unearen larria gordintasun osoz emoten dau ebanjelariak, "odol tanten antzeko izerdia" aipatzen dau, Jesusek une erabakigarri honetan bizi dauan estualdi eta barruko burruka gogorraren adierazgarri. Izan ere, Aitaren "isiltasuna" eta beretarren alde egin beharra sentidu arren, Jesus Jainkoaren asmo eta planetara edegiten da. Hori da...!

- Jesusen jarraitzailearentzat ESKOLA bikaina, Jesus hemen "ezkutuka" ez dabil-eta, bestelan baino, eta leialtasunaren eta bizia emotearen bidea hartzen dau-eta. Hebertarrei egindako gutunean gogoratu jakunez, "neke artean ikasi eban esaneko izaten": hau da bidea eta ez da bat ere erreza; zailtasun hori, Jesusegaz beragaz hainbeste gauza bizi izan dabezanengan aurkitzen dogu: bere taldean, bere ikasleengan. "Tentaldia" beti ondoan dago: neketsua gertatzen jaku Jainkoaren asmoak onartzea eta geure planei uko egitea. ESKOLA da!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue