castellano euskera batua euskera bizkaiera

LORENZO MARIA SALVI Dohatsua

Ekainaren 12a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Os 11, 1. 3-4. 8c-9)

"... Israel umetxu zala, maite izan neban, eta Ejiptotik dei egin neutsan neure semeari. Neuk irakatsi neutsan Efrain-i oinez ibilten, eta besoan hartu neban; halan ere, ez eben ezagutu Nik zaintzen nituala… Bihotza irauli egin jat barruan, sutan daukadaz erraiak. Ez deutsat biderik emongo nire hasarrearen garrari..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Oseas profetaren testu hau Itun Zaharreko beste guztien artean gorengo mailako bat dogu, Jainko-Maitasunari buruzko iragarpenean. Bigarren kapituluan Jainkoa adierazteko senar-sinboloa erabilten badau, hemen beste hari batera aldatzen da. Jaungoikoaren maitasuna harako aitarik samurrenarena da, aintxinako egunak gogoratuz: Egiptoko esklabu egoeratik atera eta eskutik hartuta lez ekarri ebanekoa. Herria gero eta hurrunago joan zan sasijainkoen atzetik, baina Jaungoikoa beti ebilkion atzetik noiz barriro besartean hartuko, ontasunezko lokarriz Beragana estutuz, maitasun egarri dabilenari bihotz-hondoan irrika bizia sortuz; kontua zera da: Jaunak deutson neurribako erruki, leialtasun eta maite-minez jabetzea.

- Bertsikulu honeetan Jaungoikoagandik salbamen asmoa azpimarratzen da, noraezean dabilen gizakiaren gaiztakerien gainetik. Eta testuinguru guztian ("maitasuna" adierazoten hainbat berbakera erabiliz) Jaungoikoak gizakiari deutson maitasunaren lehentasuna azpimarratzen da. Gizakiak Jaungoikoari deutson maitasuna ondorio da, Biblian behintzat, nahizta hemen "barriztubako bihotzak", "gogortutako bihotzak" horretarako ahalmenik izan ez; Espirituak beragandu eta barrenduten dauanean bakarrik bihurtzen da "haragizko bihotz"; orduan bai, orduan da gai Jaungoikoa maitatzeko eta, Beragan, anai-arrebak (Ez 36, 26.aa.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Itzelezko Biblia-esparrua, fededunaren bihotza "oilo-ipurdi" ipinten dabenetarikoa! Zalantza barik, Itun Zaharreko espiritualtasun osoan dagoan pasarterik esanguratsu eta sakonenetarikoa dogu. Jesusek bakarrik, bere irakasbideekaz eta bizikera bereziaz gainditzen dau; Beragandiko argiz ulertzen dogu bere betetasunean mezu zoragarri hau.

- Izan ere, bertako giro ederrean eskeintzen jaku Jaungoiko samur eta maitale hori. Israel apurka joan zan ulertzen; baina kontenplari "nagusiak" bakarrik lortu eben usmatzea, bizitzea eta transmititzea. Izan ere, Jaungoikoaren maitasun horixe da bestelako maitasun guztiaren jatorri eta iturri; maitasun horrek ahal dau gizaki fededunaren erantzun maitetsua sortu, uriolaren indarrez.

- Esanguratsua benetan pasarte hau, gaur eta hemen, gizaki apal xume baten jaiegunean, profetearena irakurteak eskeintzen deuskun mezua. Izan ere, "txikiak" ulertu dabe ezinhobeto iragarpen osoa. Zelan sentitzen naz eskeintza honen aurrean? Prest al nago bihotz betean onartzeko?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Mt 18, 1-5. 10)

"... Zein da handiena zeruetako Erreinuan?... Benetan dinotsuet: umetxuen antzeko bihurtzen ez bazaree, ez zaree sartuko zeruetako Erreinuan. Holan, bere burua ume hau baizen txiki egiten dauana, haxe izango da handiena zeruetako Erreinuan..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Gaurko ebanjelioko pasartean literatur mota bitan katekesi gai bi alkartzen dira. Lehenengoan, Jesusen egintza adierazgarri bat aurkitzen dogu, ikasleen ustebako itaun bati erantzuna emonez, lekuz kanpo izan arren. Honeek ez dabe oraindik ulertu Erreinuaren eskakizunak zeintzuk diran. Jakin nahi dabena hauxe da: Nor izango ete dan haundiena zeruetako Erreinuan, Maisuak gain-gainean dala, edo eta etorria dala dinoan horretan.

- Jesusek egintzaz emoten deutse erantzuna, bere Berbea keinu esanguratsu bategaz lagunduz: umetxo bat ipinten dau euren erdian -izaki txiki, behartsu, malik bakoa- eta bera jarten deutse zeruetako Erreinuan onartua izateko eredu eraginkortzat; bertan onartua izatea ez da merituz, graziz baino, eta honek jatorrizko pobretasunera bihurtzen dau bat, Jesusek iragarten dauan Erreinuko barritasunak moldatu dagian itziz. Ume izatera bihurtzea Jaungoikoagana bihurtzea da.

- Holan dalarik, umea ikusteak Jesusegan irakasbide bi sortzen ditu, umearen izateaz zerikusi haundia daukenak: Umea ezaugarri sinbolikoa da, berez behartsua, txiroa, makala, gure laguntzaren beharrizanean dagoana. Kontuak atera, txiki honeetariko bat hartzen dauanak Jesus bera hartzen dauala esateraino, azkenengoakaz bere burua bat egin dau eta. Ondoren abisu bat: umetxoen antzeko egiten diranak gitxitzat ez hartzeko. Jaungoikoa egiten da euren arduradun, eta aingeruak dira euren zaindari. Testuinguru honetan, baina erakutsi on bat ezarriz, Mateok artzain onaren parabolea aurkezten dau, ardi galduaren bila doana; Lukasenean zehatzago zertuta dator. Erreinuaren zoriontasuna ere azkenengoentzat da, Jaungoikoa gogo biziz bilatzen dabenentzat, inor galtzerik nahi ez dauan artzaina da-ta.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Pasarte honi "eleiz-berbaldia" edo "alkartekoa" deritxoe askok; izan ere, Mateo ebanjelariak hemen moldatzen ditu alkarteari buruzko Jesusen irakatsiak. Eta nahiko lan emon eutson honek Jesusi: bere taldeak ez dau zuzen ulertu eskeini deutsen dinamika; alde ederra hareek daukezan kezkatik Erreinuko proposamenera. Holan dalarik, bere ezaugarri dan zehaztasunez, eta umetxo bat erdian ipiniz, Jesusek maisu-irakatsi bat emoten deutse.

- Izan ere, Erreinuaren eskeintza ondoen ulertzen dabenak umeak dira, eta bihotzez xume diranak. Halako proposamena berea! Hareek, umeak, ez dabe lehenengo lekurik bilatzen, ez buru-izaterik, ez entzute haundirik; hori barik, dana DOHAI lez onartzen dabe, doango opari pozgarri lez, Aitak eurentzat onena nahi dauala uste dabelako eta horregaitik fiatzen dira. Erakutsi bete-betea, Jesusen ustez, umeak damoskuena!

- Eta... hau da gaur guri ere egiten jakun proposamena! Bizitza planteatu, ulertu eta bizitzeko estilo eta modu barri bat. Xalotasun-eredu argiak, "umetasun" ereduak (ez umekeriazkoak) izan doguz gure artean, gure alkarteetan. Euren eskolan ikastea, eredu horretara moldatzea, ebanjelioko "freskutasun" horren testigu izatea... Hori dok arloa!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue