castellano euskera batua euskera bizkaiera

ZAURI AINTZATSUAK

Pazku 2. igande ondorengo barikuan

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Apokalipsis 5, 6-12

"... Hara zer ikusi neban: Bildots bat aulkiaren aurrean, lau bizidunen eta zaharren erdian; opari eskeinia bazirudian arren, zutunik egoan… Eta kantu barri bat kantetan hasi ziran: Liburua hartzeko eta siluak urratzeko bazara nor, hila izan zarealako, eta zeure odolaz erosi dozuz Jainkoarentzat gizonak, leinu eta hizkuntza, herri eta enda guztietakoak… Eta hots handiz honan inoen: indarra eta aberastasuna, jakituria eta ahalmena, ospea, aintza eta gorespena hartzeko bada nor hila izan dan Bildotsa..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Apokalipsis liburuko kapitulu honek ikuspegi zabal harrigarria emoten deusku eta, era batera, xumea da. Ikuspegi honetan mezu garbi zehatza eskeintzen jaku: giza-historia, egia esan, misterio bat da, Jauna bertan presente dago ta; baina, misterio hau, zati baten behintzat, ulergarri da, Jaunak Berak argitzen deuskulako bere irakurketa: Jaungoiko Ahalguztiduna aulkian jesarrita dago, bere eskuan dauka bere ikertezinezko egitasmoen liburu silatua, baina inok edegi ezin dauana. Urduritasun eta bildurrez beteriko isiluneak. Urtenbiderik ez daukan egoerea dirudi. Baina, berehalako baten, hila izan dan Bildotsa agertzen da irabazle (5, 1-7.a: arameeraz, talja berbeak bardin adierazoten dau "zerbitzaria" nahiz "bildotsa").

- Sinbolo honen bidez, Joanek hauxe adierazo nahi deusku: Nor dan Jesus, benetako pazku Bildotsa eta Yaveren Zerbitzaria, gure gaiztakeriak bere gain hartuz, guri dagokigun zigorra beraganduz eta guri salbamena eskeiniz (Is 53, batez ere, 7.a). Hila izan dan Bildotsa zutunik dago tronuaren erdian (6.a). Bere aurrean kosmo-liturgiako gorespen abestia abesten deutsoe: zenbatu ezin ahalako aingeru taldeak agertzen eben ospakizun honen "zergaitia", sorkari guztiak batera errepikatzen ebela (13.a); guztiak dihardue gizaldien gizaldietan Jaungoiko Ahalguztiduna eta gure Pazkua dan Kristo goresten.

- Zeru-lurrak batera ospatzen dabe eten barik: goratzarrea zeruan hasten da, lurrera jatsi, eta bertan alde guztietara zabaltzen da eta zerura bihurtzen, "Amen" haundi batez, sorkari guztien ordezko egiten daben lau bizidunen azken akorde zoragarriz. Holan nabarmentzen da, hobeto ezinezko moduan, Jaungoikoaren nahiaz bat-egite oso eta betea. Eta lau zaharren adorazinozko isiltasuna, Jainko Herri osoaren zerutar hasikin danez, betikotasunean zabaltzen dau abesti barriaren kontenplari-durundia.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ikuslearen ikuskari honek zeruetako liturgia zoragarrirako atea edegiten deusku, ikertuezinezko egitasmoen Jaungoikoari izadi osoaren gorespen abestia eskeiniz, hila izan dan Bildotsaren bidez bere salbamen asmo guztiak agertu ondoren. Barriren barri lehenengo lekuan agertzen jaku, Jaungoikoaren salbamen eta bizitzaren aldeko egitasmoa burutzearren, dan guztia emon dauana: hauxe da Bildotsa; hau da, KRISTO, Jauna, orain diran guztien gorespena jasoten dauana.

- Hemen ere hauxe gogoratzen jaku: Bildots honengan beteten dala dana, Jaungoikoak betidanik gauzatu nahi izan dauana Beragan burutu daualako. Horregaitik "bada nor ahalmena, aberastasunak, jakituria, indarra, ohorea, aintza eta gorespena hartzeko"; hau da, DANA, era batera eta dana. Erakunde "zaharrak" (Legea eta Jauretxea) balioa galdu dabe; hemendik aurrera, egoera BARRIAREN Bitartekoa hila izan dan Bildotsa da; horregaitik zor jako diran guztien gorespenik ederrena.

- Neuri ere gaur konbite egiten jat, Bildotsaren omenezko abesti honetan parte hartzera. Hainbeste sinbolismo eta berbeta arraroen artean, emon jakun barri ona ulerterreza eta zoragarria da: KRISTO da dana, eta argi gelditzen da Bildotsagan sinisten dabenen eta Berari jarraitzaitzen deutsoenen gora behera guztia. Beste anai-arrebakaz bere inguruan alkartu eta hauxe ospatu eta adierazo... hau da eginbeharra! Holan agertzen da komuninoa eta jaia, Jesusen bitartez Aitari eskeintzen deutsogun gorespen betea eta betikoa. Zu ere bat zatoz, anai-arreba?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Joan 20, 24-29

"... Tomas, Hamabietako bat, Bikotxa eritxona, ez egoan besteakaz batera, Jesus etorri zanean… Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez badodaz, nire hatzamarra Haren untze-zuloetan sartzen ez badot, eta nire eskua Haren saihetzean, ez dot sinistuko. Handik zortzi egunera, barriro ere barruan egozan ikasleak, eta Tomas eurakaz. Sartu zan Jesus, ateak itxita egozala, eta euren erdian zutunik, esan eutsen: Bakea zuekin. Gero Tomasi: ekazu hatzamar hori, hona hemen nire eskuak; ekazu esku hori, eta sartu egizu nire saihetsean; eta ez izan sinisgogor, sinistedun baino. Tomasek erantzun eutson: Ene Jauna eta ene Jaungoikoa!... Ikusi dozulako sinistu dozu? Zorionekoak, ikusi barik sinisten dabenak..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Pasarte honeek eta ondoren datozanak -sinismen gaiaz lotuta datozanak- zera adierazo gura deuskue: Jesusen heriotzearen ondoren apostoluen artean bizi izan eben giroaren barri emotea.

- Gaurko pasarteak Tomasen duda-mudaz girotuta datoz, eta sinoptikoak Hamabien arteko "batzuk" -inor izendatu barik- bizi izan eben ezbaiko giroa adierazoten dabe; orduan lez, gaur ere nunahi jazo leiteken lez. Tomasek bere Maisua hilzorian ikusi dau, eta orain ez dago edozer edozelan sinisteko, berak ikusi eta ikututen ez badau (25.a). Jesusek ikaslearen gogo beroa bete gura dau (27.a); izan ere, beharrezko da apostolu taldearen sinismena sendoa eta indartsua izatea, munduari berbizkundea iragarteko. Hain zuzen ere, Tomasi ezarten jako sinismen-autorpen garbi eta osoena: "Ene Jauna eta ene Jaungoikoa" (28.a). Berbiztuari Biblian Jaungoikoari, Yaveri eta Eloimi ezarten jakozan izenak, eta "ene" posesiboaz Maisu berbiztuagaz maitasunez bat-bat eginda sentitzen da.

- Ikusteak Tomas sinismenera daroa, baina Jaunak argi eta garbi agertzen dau behin eta betiko zera: zorionekoak testiguen esanetara sinisten dabenak, ikusterik eskatu barik. Holakoentzat da sinismen garbi eta hutsaren grazia, baina bihotzean ezarria eta bizitzako alaitasun bereziz eta zoragarriz erakutsia (1 Pe 1, 8).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Tomas duzu Jesusen heriotzaren zentzua bereganatu ez zuen bat; beretzat hori Jesusen azkena zen eta ez Aitarekin berriz elkartzea. Eta orain, elkartetik banatuta gainera ("ez zegoen besteekin batera", 24.a), ez du besteekin baterako esperientzi berdina jaso, ez du hartu ez Espiritua, ez misioa. Bere erreferentzia osoa joan denekoa da. Horregatik ezinekoa egiten zaio Jesus piztu dela sinestea; ezaugarri bat beretzat eta apartekoa eskatzen du. Tomasena esanguratsua da, harrezkero beste askotxori gertatu zaiena.

- Orain, elkartera itzuli denean, Jesus "bertaratzen" da, ikusgarri egiten da, bakea eskainiz. Orain bai, Bera izango da "Jauna" eta "nerea": Jesusen kondizio berria Tomasek eredutzat hartzen du: Jesus Jauna da, beratarren salbamenerako bizia eman duelako, eta osorik eman ere. Horrela sinestera iritsi beharra dago. Horregatik, "zorionekoak, ikusi gabe, sinesten dutenak" (29.a): horrela iristen da sinesmen-prozesuaren eta bidean azken mugaraino, besteen alde dena emanez, Jesusen antzera.

- Ikusten denez, sinesmen-prozesua ez da dotrina-kontua, anai-arreben aldeko zerbitzuan dena ematen duen Jesus Jaunarekin topo egitea baizik. Esperientzi hori dastatu eta bizitzea, hori da gailurra: "Zoriontsuak sinesten dutenak...". Apostoluak behin eta berriro TOPAKETARA eraman nahi nau, Jesus niretzat "Ene Jauna, ene Jaungoikoa" izatea bihurtu arte. Oraindik bide-zati galanta gelditzen zait! Izan ere, beti da errazago eta eskurago dotrinaz jokatzea, bizitza bera nahastu gabe, ondorenik gabe. Anai-arreba hori, prest al zaude?

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue