castellano euskera batua euskera bizkaiera

Daimieleko martiriak

Garagarilaren 24a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Jeremias 20, 10-13)

"... Nire adiskideak eurak ere begira daukadaz, ni noiz jausiko: Ea liluratzen dogun, eta menperatu egingo dogu; hartu ta bere ordaina emongo deutsagu… Baina neugaz daukat Jauna, gudari indartsu… Zure eskuetan itzi dot nik neure auzia. Kanta Jaunari, goratu Jauna: Berak askatu dau, gaiztoen eskutik, behartsuaren bizia..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jeremiasen profeta-ekintza ezin da mugatu herriari bihotz-barritzera deitzera bakarrik. Urte askoren buruan ez da bere ahotsik entzun. Orain Jaungoikoaren aginduz, Jaungoikoaren epaia atzera ezina dala iragari behar dau. Israelek gain-gainean dau zigorra: Jerusalen Babiloniako erregearen esku geldituko da.

- Oraingo honetan, bere profetagintzako unerik larrienean, bere azken "autorpena" dala dirudi (7-18 aa); testuinguru honetan, Jeremias beraren bizitza kontatzen da; baina edozein kristau zintzo baten helburua ere agertzen da. Bertsikulo gitxi, baina dardaragarrietan dakar bere bokazino unea (7-9 aa). Argi eta gordin datoz bere aurkari jarrerak eta hileta aienaldi latzak: aurrean erabilia, aurka guzur baltzak, saldukeria, horra bere bizitza osoa eihoten dauan haria (10.a). Baina, Joben antzera, Jeremiasek ere garaile urteten dau burrukatik; barrua Jaunaren aurrean hustu ondoren, Jainkoagan sinismen garbia agertzen dau (11-13 aa). Esanguratsua da hasierako autorpen argitsua: Baina Jauna neugaz daukat, gudari indartsu". Zuzen jokatu dau Jaunak profeteari deitzerakoan, zuzendu deutsozan berbetara: "Ni zeugaz naukazu zeu salbatzeko" (1,19a).

- Bere bide luze neketsuan argi bizi izan jakozan bere pausoentzat. Aurrerantzean profeteak ez deutso aurre egingo, ezta aurka ere. Bere bizitza eragozpenez beteta egongo da, baina Jaunaren eskuetan jartzen da uste osoz, orain ba dakialako Bera dala aurrean erabiliak salbatzen dituana.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Gaurko liturgiak aurkezten deuskun Jeremiasen irudi espiluan argiro agertzera eta iragartera emoten jaku Jesus Jauna kurutzebidean, guztiontzat eredugarri. Jeremiasek zoritxarrak eta hondamendiak iragarri behar eutsozan bere herriai, bide okerretatik Jaungoikoagana bihurtzen ez bada; eta, jakina, ez zan onartua izan, ez bera eta gitxiago bere iragarpen mezua; bere heriotzea asmatzeraino jo eben; eta bera guzti honen jakitun egoan. Gaurko testuinguruan, bere burua trantze larrian ikusi arren (nahizta bere une batzuetan Jaunaren aurka jagi bada ere), otoitz giroan Jaunaren eskuetan jartzen da eta bidean darrai.

- Daimielgo Martirien jaiegun honetan, konbitea luzatzen jaku: profetearen laguntzaz, Jesus Bera jartzen jaku aurreran, egundo huts egiten ez dauan Jaungoikoagan uste osoa jarriz. Jesusek (Jeremiasen antzera) "Ni zugaz nago" dastatzen dau: horra hor bere bizitza osoaren sekretua. Esperientzia hau izan ondoren, gainerako guztiak beste argitasun bat hartzen dau, bai Jesusengan eta bai profeteagan. Erakutsi eta konbite ederra guretzat!

- Eta honenbestera jo dogu: hemen "esperientzia" da baleko, baina bizitzeagaz bat eginda eta etenbarik barriztatuz bidean zehar. Eta hauxe da lortu nahi doguna: Jesusen jarraitzaile izan, profetea edo gure Daimielgo Martiri anai eta testigu agugarrien antzera. Jaiegun honek eta oroitzapen honek asko lagunduko deuskue zeregin honetan.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Joan 15, 18-21

"... Munduak gorrotoa badeutsue, jakizue zuoi baino lehenago gorrotoa izan eustala Niri. Zuek mundutarrak bazinee, maite izango leuke munduak berea; zuek ez zaree, ostera, mundutarrak, Neuk aukeratuak eta mundutik atareak baino, eta horregaitik gorrotoa deutsue munduak... Euki gogoan Nik esan neutsuena: Morroia ez da ugazaba baino gehiago..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Testuinguru honek Jesusek ikasleei emondako abisua dakar: mundua aurrez-aurre izango dabela beti; ez dituala aintzat ere hartuko, gorrotoa izanik. Kristau Alkartearen ezaugarria maitasuna izanik, orain Maisuak munduaren agiriko ezaugarria ipinten deutse aurrean: gorrotoa (18. a.). Jaunak munduaren gorroto hori nabarmenduten dau eta epai zorrotza ezarten deutso.

- Munduak kristau Alkarteari hartu eutson gorrotoa bizikera barriak berak sortzen dau. Ebanjelioaren jarraitzaleak ez dira mundu honetakoak, eta honek ezin onartu bere eritxi eta aukera guztien kontra jartzen ziranak. Sinistunak aukera bat egin dabe: Jesukristoren alde, eta holakoak arraroak eta arerioak dira. Euren bizikereak arpegira botaten deutsoz munduari bere aldrebezkeriak eta gaizkileentzat etenbako salaketa da. Horregaitik da baztartua ta gorrototua sinismen-gizona.

- Baina zelan agertzen da ikasleen kontrako munduaren gorrotoa? Aurrean erabiliak izango diralako sinistedunak Jesusen izenean. Aprobaldi honeek ez dabez atzera bota behar Jesusen ikasleak, ez euren sinismen bizitzan, ez ebanjelizatzeko eginkizunean. Euren Jauna eta Maisua ere ez zan onartua izan, eta kurutzean hiltzeraino gorrotatu eben (20. a.). Areago, sufrimentua eta jazarpena kristau Alkartearen baldintza eta ezaugarri bat da, Kurutzeratuagaz konpartitzen dauan aintza-bidea. Ikasleen suertea Jesukristorenaren antzekoa da: Hau aurrean erabili baeben, baita bere ikasleak ere; Hau aintzat hartu baeben, baita bere ikasleak ere (20. aa.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Testuinguru honetan Jesus ikasleei bere bizitza agertzen joan jake, beti maitasuna dala goiburu; orain berba barri bat sartzen dau: "gorrotoa"; eta argi eta garbi berba egiten deutse, biziko daben bizitza eztabaidatua izango dala gogoratuz. Gorroto honen zergaitia zera da: "ez dirala mundukoak", eta horregaitik mundu honek baztartuko ditu, beretarrak ez diralako. Izan ere, Erreinuaren aurkako indarrak benetan indarrean dagoz.

- Bestalde, egoera hau ez da ezer barririk ikasleentzat, Maisuari Berari ere ondoren bardina suertatu jakon-eta: aurrez-aurre jarri jakon mundua, bere sistema eta guzti; "Neuk aukeratu eta atera zaituet mundutik" (19. a.), Berak bizi izan eban dinamika bardinez bizitzeko. Hauxe da ikaslearen kondizino eta egoera barria: Jaunak Berak atera dau munduaren indar gaiztoetatik.

- Eta hemen gagoz gaur gu, Berak eskeintzen deuskun BIZIAN partekide izateko, bere ondoren guztiekaz. Hori bai: Beragaz bat eginda banago bakarrik (aihena mahatsondoagaz lez) izango dot bizitza eta niganaino helduko da bizitza horren zumoa. Helburu horretara eroan ginduzan Pazku-bideak! Ea, bada! Bidez-bide jarraitu beharra dogu!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue