castellano euskera batua euskera bizkaiera

San INOCENCIO CANOURA

Urriaren 9a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Santiago 1, 2-4. 12)

"... Ene senideok: diranak dirala zuen tentaldiak, pozbidetzat hartu egizuez, jakinik tentaldiak iraupena dakartsola zuen sinismenari. Eta azkenera arte irauten badozue, on-onak eta beteak izango zaree erru bariků Zorionekoa, tentaldiak ondo eroaten dituan gizona! Horretan zintzo agertzen danak bizitzaren koroia hartuko dau-ta, Jaungoikoak Bera maite dabenei agindu deutsen lez..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Santiagoren idazkiaren hasiera da. Aholku moltzo baten antza dau dokumentu honek, ardura nagusi bi oinarritzat dituala: alde batetik, behartsuei iragartean zer balio daukan jasaten daben larrialdiak eta, bide batez, ondo moldatuta bizi diranei euren ondasunetan aurkitzen dabezan arriskuak; eta, beste aldetik, guztiak arduraz jarri, errukizko egintza bihurtzen ez dan sinismenaren aurrean.

- Testamentu Zaharreko jakituri-giroa eta judegu-ikuspegi jakinak Kristogandiko argi barriz distiratuta agiri dira, nahizta hain zuzenean izan ez. Idazkera hau ez da errez moldatzen eskutitz estilora, eskutitz apostolikoen hasiera klasikoa ezarri arren; Santiagoren Eskutitza gehiago da homilia bat, beste ezer baino gehiago, sinagoga kutsuz jantzita, lehenengo mendeurreneko judegu-kristauen batzarretan erabili ohi zana.

- Testuinguru hau sarrerako aholku sailaren azken atal lez dogu, gero idazkian zehar argituz joango dan gai bat sakonduz: "Zorionekoa tentaldiak ondo eroaten dituan gizona" (12. a.). Tentaldiaren edo probaldiaren gaia bertsikulu honetan jasota dago, 1.aa. bertsikuluetako ikuspegi positiboari jarraituz; han hauxe azpimarkatzen zan: gauza baliotsuak ondo aztertu beharra dagoala; eta, horren frutu lez, kristauak ontasunean osotasuna lortzeko aukera baten beharrizana daukala. Hemen azpimarkatzen dan zorionbidea norentzat dan argi dago: hasiera baten kostata, esfortzuz eta pazientziz hartzen dan bidean aurrera eginez, azkenean gorengo mailara helduten diranentzat.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Idazki honen egilea, apostolu izenez gordeta dator, halako homili eta aholku giroz janzita daukagu, Jesusen jarraitzaileak eragozpenen eta bizitzako tentaldien aurrean gogoberotuz, sinismen-heldutasuna lortzeko ona dala-eta; eta, horren frutu lez, Jesusen jarraipenari bere balioa ezarriz, horrek beti eskatzen daualako bihotz haundia eta iraupen sendoa. Hori da Jesus Jaunaren TESTIGU BIZIAK lez bizi eta agertzeko bidea.

- Izan ere, makaltasuna gure bizitzan berezkoa da; areago, pertsona eta sinistedun lez bidean aurrera egiteak. Hortik, egileak dinoskunez, bizitzako tentaldiak geure berezko makaltasunaren adierazpenak dira. Horregaitik, tentaldi horreek, adorez eta gogotsu hartuta, gure gogobizitza baloratzen dabe. Jaungoikogandik jatorkuz horretarako behar doguzan grazi eta indarra. Horretara zuzentzen gaitu egileak.

- Hamaika bider somatzen dogu geure historia pertsonalean makaltasun honen "indarra"! Sarritan, dana "hankaz-gora botateko" gogo bat bai, modu batera edo bestera, hainbeste neke ondoren, hain probetxu gitxi ikustean! Hori dala eta, kristau testigu haundi honeen ospakizunak, Incencio gure martiri honen antzera, burrukan aurrera bultzatzen gaitue. EGITEKOA, izan ere, itzela da...! Gure munduak eta gure kultureak TESTIGUAK behar ditu gaur ere! Anai-arreba hori, prest al zagoz?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Mateo 10, 26-33)

"... Ez izan gizonen bildurrik, ez dagolako ezer ezkuturik, agertuko ez danik; ez ezer gorderik, jakingo ez danik. Gaueko ilunpetan esaten deutsuedana, esaizue eguneko argitan; eta belarrira entzuten dozuena, iragarri etxe-gainetatik... Ez izan bildurrik gorputza hilten dabenei, baina arimea hil ezin daikeenei... Gizonen aurrean Ni ukatzen nauana, ostera, ukatu egingo dot Neuk ere, zeruan dagoan nire Aitaren aurrean..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Mateok argi eta garbi gogoratzen deuskuz ikasleak bere bokazino bidean irauteko behar dabezan baldintzak. Bialduak diranei, euren egitekoa burutzerakoan, sortzen jakezan egoeratan agertu behar dabezan jarreren bidez egiten dabe. Lehenengo eta behin, Maisuaren "antzeko" izatean dago (25.a.), gure izatean eta egitean Bera eragingarri eta eredu bakartzat hartzean; bere antzera, Aitagan sinismen bizia izatea, uste osoz Berak nahi dauanagaz fiatzea. Eta horra zek kenduten deutson bildurra: Jaun Kurutzeratuagaz eta Aitaren ardura haundiagaz bat egiteak, hartuemon horrek adorez beteten dau ("ez izan bildurrik" hiru bider: 26. 28. 31. aa.), giza mailatako loturetatik askatuz, eta Ebanjelioa zerbitzera bete-betean jokatuz.

- Ikaslea jakitun dago Ebanjelioa ez dala bizi-proiektu bat, beste barik, gatazka eta eztabaida bakoa. Horrelakoak senitartera bertara ere heldu daitekez; izan ere, Ebanjelioa iragarteak eta Jesusi jarraitzeak jokabide erradikala eskatzen dau (Mt 10, 37).

- Ebanjelioa iragartea zera da: "Jesus gizakien aurrean autortzea da", Pedroren ustezko jarreraren aurkakoa, Jesus lotu ebenean Maisua ukatu egin eban eta, ez ebala ezagutu ere egiten zin eginez (Mt 26, 74). Jesusegaz bat egitea, Jaungoikoak ikasleei emondako dohaia da, "Hamabi aukeratu ebazan Beragaz egon eitezan" (Mk 3, 12); eta hau gogoan hartzekoa da, nahizta bizia galtzeko arriskuan aurkitu. Goitik datorren dohai honi esker, Giza Semeagaz hainbesteko solidaritateak emoten dau ikaslearen bizitzako mailea (32. aa.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesusek bere ikasleak eskolatzen dihardu, eta era askotako eragozpen eta erasoak jasan beharko dabezala jakitun ipinten ditu, Berari jazo jakon lez. Eta, barriren barri, -ahopean bada ere-, bera jartzen jake jarraibide: Bera, eraso eta guzti, Aitaren eskuetan jarri da, Harek zaintzen ditu baztarretako txoritxoak ere. Hauxe da bere ikasleak onartu behar daben jarrerea eta gogo eta ziurtapen horregaz jarraitu, Jesus Berak bidera lagun egiten urtengo deutse eta... "bere alde izango nau Neu ere zeruan dagoan Aitaren aurrean" (32. a.).

- Horregaitik, "ez izan bildurrik" hori, gogoeta honetan zehar hainbeste bider errepikatua, ebanjelizatze lana egitean eta bizitzari eustean oinarrizkoa da eta. Garaipen errezik ez deutse opatzen, ezta mundu guztiak ere ondo hartuko dabezanik; bestetara, ikaslea ez da Maisua baino gehiago izango. Baina... "ez izan bildurrik": egi hau barruraino sartu gura deutse.

- Eta neuk ere -guk guztiok- hauxe sinistu dagidala gura dau, bere misinora goazenean. Hauxe da Jesus Jaunaren eskeintza: geugaz egongo dala eragozpen eta ilunaldirik astunenean ere. Hau nire zoriona, Beragana zabaldu eta bere presentziaren eta hurtasunaren proposamen hau onartuko baneu! Bai mesede galanta egingo leuskidala! Anai-arreba, prest arlorako?

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue