castellano euskera batua euskera bizkaiera

PIO CAMPIDELLI dohatsua

Azaroaren 3a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (1 Joan 1, 12. 14c-17)

"... Zuoi, ene semeoi, hauxe idazten deutsuet: parkatu jatzuezala zuen pekatuak Jesukristoren izenean… Norbaitek mundua maite badau, ez dago haregan Aitaren maitasunik. Izan ere, munduan dan guztia, -gizon lurkoiaren grinak, begien grinak, nahiz aberastasunaren harrokeria-, ez dator Aitagandik, mundutik baino… Jaungoikoaren gogoa egiten dauana, barriz, betiko dago..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Zelan bizi Aitaganako maitasuna? Gaurko testua kristau alkarteari bihotzez egindako erregu bat da, salbamen egitasmoari dagokionez erantzun dagian, Jaungoikoaren eta munduaren aurrean aukerak egiterakoan. Izan ere, orain bizi diran salbamen egoeran, pekatutik askatuta (12. a.) eta Aita goiargiz ezagututa (14. a.), gogoeta sakona egitea merezidu dau, apostoluaren ustez.

- Berbearen bidez Jesus ezagutu daben gurasoei, sinismen heldua eskatzen deutse, munduaren lilurakerien aurrean gogor egin dagien. Gazteei hauxe gogoratzen deutse: Jesusegaz bat egin dabela eta, beraz, gaiztakeria menperatu dabela (13. a.) Bizi-egitasmo honek zera eskatzen dau: munduaren eritxi eta jokabideetatik alde egitea, Jaungoikoaren kontrako erreinua mundua bera da ta.

- Horra "lurkoiaren grinak": gizaki zahar eta pekatura makurtuagan bizi diran jokera okerrak dira; "begien grinak": hau da, begietatik sartzen diran gurari gaiztoak, esaterako, lurreko ondasunen egarria; "aberastasunen harrokeria": bizitzari begi lurkoiez begiratzeak dakarren haundikeria.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hemen eskeintzen jaku kristau bokazinoaren bidea: gizonaren aldeko zerbitzuan bizitzeko konpromesua, holan Kristoren testigantza emonez eta eurakana bere salbamen mezua eroanez, baina munduagaz nahastau barik, bere jokabideak onartu barik. Mudukeritik garbi dagoana, bere bizitza iheskorreko egitasmoetatik eta ondasun galkorrak eskuratzeko egarritik aske dagoana ase daike Aitaren maitasunak (1 Jn 2, 15).

- Hau holan dalarik, Jesusen ikaslea munduak ez dau sekula onartuko, eta gaiztakeriaren indarrak sinistedunen aurka agertzen daben kontrajarrera egindako aukera honen ondarena da: eurak ez dira munduarenak eta munduak ezin dau onartu bere erizpideen aurka dagoanik. Sinistedun izatea bera da, beste barik, munduaren eritxi eta egitadak salatzeko, okerkeria gorrotatzea da ta.

- Hamaika itaun eta kezka sakon sortzen deuskuz fededunoi gaurko gogoeta honek! Izan ere, gure bizikereak munduaren kontrajarrera hori sortu ez badau, zergaitik ete da? Zergaitik dauke gure erizpideak eta planteamentuak eta munduarenak hain ezbardintasun gitxi alkarren artean, mundu hori Jaungoikoaren bide eta jokabideen aurrean hain kontrajarria izanik? Aukerako ordua, Pio Campadelli zintzoaren jai hau, gauzak euren lekuan ipinteko. Ez ala?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Joan 15, 12-17)

"... Hauxe da nire agindua: maitatu dagizuela alkar, Neuk maite izan zaituedan lez. Ez dago maitasun handiagorik, norberaren bizia adiskideakaitik emotea baino... Ez nozue zuek aukeratu Ni, Neuk aukeratu zaituet zuek; eta ezarri zaituet, joan zaitezen eta frutua emon dagizuen, eta zuen frutuak iraun dagian; Aitari nire izenean eskatzen deutsazuen guztia emon deizuen… Hauxe eskatzen deutsuet: maitatu dagizuela elkar..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusen eta bere ikasleen arteko hartuemonak sakontasun haundia hartzen dabe anaiarteko maitasunari buruzko testuinguru honetan: "Maitatu egizue alkar, Neuk maite izan zaituedan lez" (12. a.). Kristau alkarteak bete behar dituan aginduak anaiarteko maitasunean batuta dagoz. Jesusen agindu barri honek Aita goratzen dau: benetako ikasle lez bizitzea hortik dator, zor dan testigantzaren frutua emonez. Hau bai gero, anaiarteko maitasunaren kalidadea eta agindua gauza bat dira: Jesusek beretarrei deutsen maitasuna, bere gorengo mailan kurutzean agertu deuskuna (13. a.).

- Hemen kurutzea hauxe da: Jesusek bere ikasleen alde ezingehiagoko eskeintza: bere bizitza osorik eskeini dau maite dituanen alde. Beretarren aldetik gura dauan erantzuna ez da besterik: Berak erakutsitako bideari zintzoro jarraitzea. Jesus bere jarraitzaileakaz, eta ikasleak euren artean, bat egiten dituan maitasunaren aberastasuna ezingehiagokoa eta gorengo mailakoa da.

- Jesusek bere ikaleei eutsen maitasunaren ereduak ez dau bere bizitzaren sakrifizioa bakarrik adierazoten; beste alderdi batzuk ere baditu: adiskideen arteko hurkotasuna eta doaneko dohaia (14. a.). Lagunen arteko adiskidetasunaren gorengo ezaugarria zera da: bihotzeko sekretuak alkarri adierazotea. Adiskidetasunezko maitasuna, Jesusek agertzen deuskunez, ez da indarrez ezarten; alkarregazko batasunak eskatzen dauana da. Maisuak ikasleak bere bizitzako sekretuen partekide eginez, bere jarraipenean sendotu egin ditu, adiskidetasuna goitik datorren doaneko dohaia dala adierazoten deutse. Horregaitik, benetako adiskidetasuna salbamen bideko dohaia da. Dagoeneko, Jesus ez da eurentzat jauna, euren Aita eta adiskidea da; eta eurak, dagoeneko, ez dira morroiak, adiskideak baino. Jesusen ikasle bihurtzea dohaia da, grazia, aukera eta ziurtasuna: Jesusen izenean Aitari zuzendutako eskariak entzunak izango dirala (16. aa.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Azken Afari inguruko Jesusen gogoeta hau apurka gehiagora doa: argi itzi dau "Beragan irautea" eta, zehazki, "bere maitasunean iraun, bere aginduak gordez". Orain zehaztasun samur eta esanguratsuak gehitzen ditu: "Ez deutsuet morroi deitzen, adiskide baino" (15. a.); "ez nozue zuek aukeratu Ni, Neuk aukeratu zaituet zuek" (16. a.); "alkar maitatu egizue, Nik zuek maite izan zaituedan lez" (17. a.): hortxe dago batuta Jesusek bizi izan dauana eta bere adiskideak, bere jarraitzaileak bizitzea gura dauana, horrek adierazoten dauan guztia gogoan hartuta.

- Jesusek proposatzen deuskun anaiarteko maitasuna bizia emoterainokoa da; holakoxea da maitasun zehatza eta emonkorra, bestearen onaren bila dabilena, norbere onaren gainetik bada ere bai, eta hori neke askoren puruz eta burua ukatuz. Eta Bera jartzen jaku Eredu ea Maisu lez gorengo betebehar honetan.

- Eta zelan bete anaiarteko maitasunaren proposamen-agindu hau, Berak bizi izan dauan lez? Bide bat bakarrik: Beragazko hartuemon pertsonal sakona biziz, bere "adiskide" eta ez "morroi" sentiduz eta esperimentatuz. Azken Afarian agertzen deuskun guztia aintzat hartu gura badogu, Beragazko hartuemon estua eta pertsonala izan, agertu deuskuna ezinbestekoa da; hil-biziko kontua.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue