castellano euskera batua euskera bizkaiera

GURUTZE SANTUAREN GORALPENA

Irailak 14

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Zenbakiak 21, 4b-9

"... Bidez aspertuta, Jainkoaren eta Moisesen aurka marmarrean hasi ziran: Zertarako atara gaituzu Egiptotik, basamortuan hilteko? Ez da, ez ogirik, ez urik; eta asperturik gagoz janari txar honekin... Orduan Jaunak pozoi-miztodun sugeak bialdu eutsozan herriari; honeek haginka egiten eutsen, eta israeldar asko hil ziran. Herria Moisesengana joan zan, eta esan eutson: Pekatu egin dogu, Jaunaren eta zure kontra marmar eginez. Eskatu egiozu Jaunari kendu daizala sugeak gugandik... Egin eban Moisesek brontzezko suge bat eta hagaren muturrean ipini eban. Sugeren batek inori haginka egiten eutsonean, brontzezko sugeari begiratzen eutson eta osatu egiten zan..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Hebertarrak, agindutako lurrean sartu baino lehen, basamortuan izan ebezan azken gorabeherak kontatzen deuskuz Zenbakiak liburuaren idazleak 20-21 kapituluetan. Herriak ez dau nahi dauanik eta marmar egiten dau ("asperturik gagoz janari txar honekin"); asaldatu egiten da, gose eta egarri (5. tx.), jasan ezina egiten jako bideko nekea (2. tx.).

- Eragozpen horreek itsuturik, ezin dau Jainkoaren indarra ezaguterazi, ez dau onezkero Jaunarengan federik; areago oraindik, bizitza pozoitzen dauan norbaitzat hartzen dabe. Jainkoak, suge pozoitsuak bialduz, erakusten dau herriagazko bere epai zigorra (6. tx). Heriotzaren esperientziaren aurrean, barriz, juduek Jainkoarengandik urrunduz egin daben pekatua autortzen dabe eta parkamena eskatzen. Eta sugearen haginkada hilgarria gertatzen zan lez, orain hagaren muturrean jarritako haren brontzezko irudia gorputzeko salbamen iturri bihurtzen da haginkada hartu daben guztientzat.

- Gertaera honen testuinguruan ez balego, segurutik idolatria keinua izango litzateke. Ezekias erregeak geroago desegingo dauan kultu gai hau (2 Erg 18, 4) Yahveren pedagogia zuhurrarekin lotzen dau tradizino yahvistak. Moises bitarteko, sugeak era berezian gurtzen ebezan ondoko nazino paganoen kultuei men egitea saihesteko aukera eskeini eutson bere herriari.

- Moisesek basamortuan jasotako brontzezko sugean gizonaren Seme gurutziltzatua jasotzearen aurre irudikatze profetikoa ikusten dau Joanen ebanjelioak.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Oraingoan ere, Israelen historia "liburu irekia" da guretzat, sinistedun lez bidean aurrera goazenontzat. Israel nekatuta dago eta Jainkoaren eta honen ekintza errukitsu eta babeslearen aurka jaikitzen da; eta herri honen alde bitarteko lanetan nekatu barik jardun dauan Moisesen aurka. Asaldatze eta pekatu historia da; sinbolo bikaina geure bizitzarako.

- Eta, barriro ere, Jainkoaren BIHOTZA aurkitu eta hausnartzen dogu, erraietan daroana aztertzen. Zentzatu eta "zigortzen" dauan Jainkoa, baina, batez ere, bizitza maitatzen, bilatzen eta bere herriaren aukeran jartzen dauan Jainkoa. Errez desbideratzen dan herria (idolatria adierazpenak, honako narrazino honetan lez), baina Jainkoak eskutik izten ez dauana eta bere babes maitekorra ukatzen ez deutsona.

- Narrazino hau eta orrialde honeek Jesusen mezu eta salbamen ekintzaren sakontasun eta indarra bete-betean bizitzeko prestatzen gaitue: "lurretik jasoa nabenean, danak niregana erakarriko ditut" (Jn 12, 32). Jainkoaren salbamena hezurmamitzeko "gunea" da Jesus; honengan, dana lortu daikegu "goietara" begiratzen dogunok. Hau da gaur kontenplatzen dogun misterio eder eta harrigarria.

# # #
#
# # #

2.IRAKURGAIA : Filipotarrei 2, 6-11

"... Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanarren, ez eutson gogor eutsi Jainkoarekin bardin izateari; bestela baino: bereaz hustu egin zan, morroi-izaera hartuz, eta beste edozein lez agertuz.

Eta gizon lez agerturik, apaldu egin eban bere burua, menpeko eginez heriotzaraino, gurutzeko heriotzaraino.

Horregatik Jainkoak goratu egin eban, eta izen guztien gaineko izena emon eutson, Jesusen izenera belaun guztiak makurtu daitezan, zeruan, lurrean eta lurpean, eta mihin guztiak autortu dagien: Jesukristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Itun Barri guztiko orrialderik bizi eta ederrenetarikoa aurkezten deusku gaur liturgiak. Seguruenik, funtsezko garrantzia dauan goratzarre kristologiko hau Paulo baino lehenagoko tradizinoak sortua da eta Paulo haren testigua.

- Goratzarrearen atarian apostoluak egiten deuskun erreguak "Kristo Jesusi loturik dagozanei dagokiezan sentipenak" (5. tx.) izatera konbidatzen gaitu. Ez da komendatze hutsa, Kristoren eredua jarraitzeko oharpen autorizatua baino, hau da, bera bizi izan zan lez bizitzeko eskatzen deusku. Ondoren goratzarre kristologikoa dator, liturgiak sarritan nabarmentzen dauana. Kristoren jokaera eredugarria "bere misterio" honetan oinarritzen da, eta honek, barriz, kristau bakotxaren bizitza argitzen dau.

- Goratzarreak bi zati ditu. 6-8 txatalak katabasi dalakoa deskribatzen dabe, hau da, Jesusen beheratzea, Jainkoa gizon egitea, "morroi-izaera hartu eban" eta "heriotzaraino, eta gurutzeko heriotzaraino" apaldu zan. 9-11 txatalak, barriz, anabasi dalakoa deskribatzen dabe, hau da, Jesusen goratzea Jainko Aitaren egitez, biztu egin eban eta "izen guztien gaineko izena eman eutson", gurgarria zeruan eta lurrean, mundu osoari aldarrikatu behar jakon izena: "Jesu Kristo Jauna da" (11a tx.). Kristoren misterioa laburbaturik dago era lineal batean eta osorik: kristau bakotxaren fedeak hemen aurkitzen dau bere zentroa eta sintesia Pauloren bitartekotasunari esker, hau ez zalako ebanjelizatzaile hutsa, misterio honen ikasle eta testigu ere bai –eta lehenago, jakina-.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Beste batzuetan lez, oraingoan ere bere pentsamentu eta bizipenaren sintesia eskeintzen deusku apostolu haundiak, eta hemen Kristo Jesus da guztiaren ZENTROA; baina era guztietako agintetatik husturik. Hemen datza Bitartekoaren indarra, Jainko Aitagandik hartzen dauana, "Izen guztien gaineko Izen" izatearen egoera barrian.

- Kontraesankorra da: guztien morroi eta zerbitzari eginik da JAUNA. Hor berreskuratzen dau guretzat errealitate barria, Adan zaharraren "ezetzak" galdu euskuna. Hortik dana barri bihurtzen da Jesus euren bizitzan Jaun lez onartzen dabenentzat. Hau da Biziaren Jainkoak atsegin dauan logika.

- Taula bikaina guretzat, hainbestetan "logika" hain ezbardinaz gabizanontzat! Holan da Jainkoa eta atsegin dau bere bihotzak bizitza era honetan ulertu eta bizitzea. Gelditzen jaku ibilteko biderik! Gaurkoa lako jaiak logika horretara hurreratu eta Jainkoaren maitasun-asmoen misterio eder hori "ulertzeko" aukera emoten deuskue. Beharrezkoa da "urrats" horreetatik joan eta atsegin hartzea. Zelan sentitzen zara, senide, hain berezia dan proposamen honen aurrean?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Joan 3, 13-17

"... Aldi haretan, Jesusek honela esan eutson Nikodemori: Inor ez da zerura igon, zerutik jatsi zana besterik: Gizonaren Semea. Moisesek basamortuan sugea jaso eban lez, holantxe jaso beharra da Gizonaren Semea; sinisten deutson guztiak betiko bizia izan dagian.

Hain maite izan dau Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra eman deutso; Hari sinisten deutsonik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino. Jaungoikoak ez dau bere Semea, mundua galtzera bialdu, Haren bitartez mundua salbatu daiten baino..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Nikodemori emondako erantzunaren jarraipena dan irakurgai honetan, Jesusek bere identitatea agertzen deutso eta jasan beharko dauan zoria, Aitagandik hartutako eginkizuna eta gizakien artean izango dauan azkena. Zerutik jatsitako gizonaren Semearen irudi aintzatsuarekin bere burua identifikatu ondoren (13. tx.), herri pekataria heriotza segurutik libratzeko basamortuan Moisesek jaso eban brontzezko sugearekin (Zen 21, 8-9) konparatzen da.

- Pasarte hau ulertzeko, laugarren ebanjelioak hain berea dauan sinboloen munduan sartu beharra dago. Sugeak heriotza gogoratzen dau, baina baita haren antidotoa ere. Egia esan, Israelen inguruko zibilizazinoarentzat sugea emonkortasunaren irudia zan. Madarikatu lez Jesus gurutzean goratua izateak, desohorearen gailurra izanik ere, bere aintzaren betea emoten dau. Kristoren gorespena eta bera gurutzean goratua izatea aldi berean emoten dituen Joanen teologiaren lehen adierazpena agertzen jaku hemen, gurutzean agertzen dalako, hain zuzen, Jainkoren maitasun salbatzailea bere distira osoan.

- Hau dana ondorengo txataletan azaltzen da: maitasunak eragiten deutso Aitari, gizakia pekatutik betiko bizitzara igaro daiten, Seme bakarra emotera (16. tx.).Baina dohain honek fedearen harrera eskatzen dau: basamortuan brontzezko sugeari begiratu beharra egoen, orain Jesusengan sinistu beharra dago. Aitak Semea bialtzea salbamen misinorako da (17. tx.), eta bakotxak, onartuz edo gitxietsiz, epaia berekin dakarren aukera egiten dau.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ebanjelariaren gogoeta honekin, kristau fedearen eta agerkundearen muinera heltzen gara: iniziatiba Jainko berberarena da eta salbamen ekintza. Jainkoa, "ikasle maitearen" ustez, beti onerako ari da eta inoiz ere ez kondenatzeko. Eta, egia esan, hau da Jesusen barri haundia: bizia emoten daben egintzak burutu eta horrela Jainkoaren egitasmoa hazurmamitu: Jesusek onartzen, parkatzen, bilatzen dauanean… Jainkoa bera ari da harengan. Ederra, oso ederra eskeintzen jakun mezua!

- Baina Jainkoaren egitasmo hau onartua edo baztertua izan daiteke: horra hor edozein gizakik aurrean dauan dilema. Ebanjelariaren iritziz, onartzea Jesusen pertsona onartzea da; hau da, haren argiari argitzen iztea, eta honek ondorio oso argiak ditu bizitzan, argia onartzen dauan horrek Jesusen antzera jokatuko daualako. Baztertzen dauanak, iluntasunaren aukera egiten dau; bere bizitzaren ibilbidea ilunpean izango dau.

- Gogoratu beharra daukagu barriro ere hau dana ez dala ideia eta printzipio kontua, zerbait askoz biziagoa baino: ni neu naz Jainkoak maitatu dauana eta maitatzen jarraitzen dauana; neuri eskeintzen jataz Jesus Jaunaren bizia emote eta biztueraren frutuak. Nire fedea neure egitea, biziagoa egitea, nire eguneroko bizimoduari zuzenean heltzen deutsona bihurtzea da kontenplazino honen azken helburua, Gurutzearen Goralpenaren jai honetan.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue