castellano euskera batua euskera bizkaiera

PASIOTAR FAMILIAN HILDAKO LEKAIDE-LEKAIME GUZTIEN OROIPENA

Azaroaren 5

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (Erromaterrei 14, 7-9. 10c-12)

"... Guretakorik inor ez da beretzat bizi; ezta inor beretzat hilten ere. Bizi bagara, Jaunarentzat bizi gara, eta hilten bagara, Jaunarentzat hilten gara. Beraz, nahiz bizitzan, nahiz heriotzan, Jaunarenak gara. Honetarakoxe hil eta biztu zan Kristo: bizien eta hilen Jauna izateko... Beraz, gutako bakotxak bere buruaren kontua emongo deutso Jainkoari..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- "Beraz, nahiz bizitzan, nahiz heriotzan, Jaunarenak gara" (8. a.): kristauaren bizi barriak jabetasun-zentzun bat dauka (1 Kor 3, 23), Kristogaz bat eginda egotea, gure egunen eta joan-etorri guztien Jauna Bera dogulako. Isaiasen 45, 23 eta 49, 18 pasarteak argi eta garbi erakusten dabe Jaungoikoaren jauntasuna, unibertso osora zabalduta: errukiz onartzen dauan jauntasuna, Israel herria gogo onez bihurtzen jakon Jainkoa.

- "Jaungoikoaren epaitegi aurrean" kontu emon behar horrek zera eskatzen deusku: gure lurreko bizitza barru-barruko begiz ikusi ta bizitzera konbidatzen gaitu, eragingarri batek bideratuta ("Jaunarentzat bizi", "Jaunarentzat hil", 8. a.), horrek emoten deutso zentzun betea. Jaunaren aurrean osorik eta zabalik bizi danak onartzen ditu gorabeherak eta giza makaltasuna ezelango kezka barik. Hor sartzen da hurkoa onartzearen jarrera (Er 14, 1; 15, 7). Hurkoa anai-arreba da.

- Hemen aldaketa sakona jarten jaku aurrean: Kristo Jaunak gutaz dauan jabetasunetik, bere heriotzaz eta biztueraz gure bizitza absurdotik atera daualako kontzientziatik, gero eta geure bizitza sakonago eta osokiago gutaz jabetuten doanaren kontzientziara: ezin da bizitza beragan itxi ta tolestu, bestelan baino: bakotxaren bide berezien errespetuz, gutariko bakotxak alkarmaitasunezko hartuemonetara edegi eta deitua dago; Kristo Bera da eragingarri honen iturburu.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Alkarteko bizitza barruko giroan jarraitzen dogu, alkartekideen pentsakera ezbardinen arteko tirabirak hor sortzen dira ta. Hemen dator apostoluaren irakatsia: gora haundirik ez dauken gauzetan tolerantzia eta, batez ere, benetan garratzitsu diran gauzak beti aurrean euki: "Bizi bagara, Jaunarentzat bizi gara, hilten bagara, Jaunarentzat hilten gara; nahiz bizitzan, nahiz heriotzan Jaunarenak gara" (8. a.). Horra alkar-bizitzarako giltz egokia.

- Izan ere, Jesusen jarraitzailearen bizitzan JABETASUNAREN zentzun barri bat sortzen da: Kristoren aldetik egotea, Bera gure esistentziaren Jauntzat onartuz; honek beste era batera izatera eta bizitzera garoaz, dana ikusten eta baloratzen dalarik Jesus Jaunaren "erreferentziz". Orduan bai dala gatx anaiaren "epaile" bihurtzea; kontuan eukitekoa da hau, alkar-bizitzako eztabaida eta eragozpenen aurrean.

- Jesusen testigu argi honek, Paulok, barriro konbidatzen nau zer dan akzidentala eta zer sustantziala aztertzera. Eta esentziala danaz bakarrik bizitza oinarritzera dei egiten deust, Kristo Jesusi emona dagoanari dagokionez, era barriko bizitza eginez: Berak nitaz dauan jabetasunari eutsiz, jarrrera hau egunero landuz, Beragazko hartuemon pertsonalean sakonduz, bere egitasmoa, bere Berbak oinarritzat hartuz. A ze arloa! Konbidapen itzela!

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Joan 6, 37-40)

"... Aitak emoten deustan guztia Neugana etorriko da; eta Nigana datorrena ez dot kanpora botako; zerutik ez nazalako jatsi neure nahia egiteko, bialdu nauanaren nahia baino… Eta hauxe da Ni bialdu nauanaren nahia: emon deustanetik ez dagidala ezer galdu, azken egunean biztu dagidala baino..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jente-taldeak ikusi eta entzun dau Jesusen Berbea aurreko pasartean, baina ez dau ezagutu Beragan zerutik jatsitako Jaungoikoaren Semea, basamortuko mana lez. Orduan salatzen dau Jesusek, samintasunez, judeguen artean zabaldu dan sinisgogorkeri hori (36. a.); alperrik izan da Aitak Semearen bidez eskeintzen deutsen salbamena eta bizitza (Jn 3,14; 4, 14. 50; 5, 21. 25. aa.).

- Hasierako Eleizea jakitun egoan bere eta Sinagogaren arteko gatazkaz, eta ebanjelariaren bidez, Maisuagazko batasunari sendo eusten deutso, Jaungoikoaren proiektua sinistedun bakotxak Jesus onartzeaz gauzatzen dala azpimarratuz. Jesus haragi egin da, ez bere gogoa egiteko, bialdu dauan Harena baino. Jaungoikoaren egitasmoa salbagarria da, eta Aitak Semearen eskuetan itzi dau: gizakiak Jesusengan salbatzen dirala, inortxo galdu barik.

- Areago, Aitak Semearen eskuetan itzi dabezanak "azken egunean biztutea" gura dau (39. a.). "Azken eguna" esaldiak Joanengan esangura berezia dau: gizakiaren sorrerea amaitzen dan eguna da eta Jesusen heriotzea bertan suertatzen da; heriotzearen gain Semearen azken garaipen eguna da. Egun horretan, Jesusek bere egitekoa amaituko dau biztueraren bidez eta betiko biziaz koroitu.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hauxe da gizateriaren historia gizaldietan zehar: beti zerbaiten bila bere gosea ase nahirik. Hemen eskeintzen jaku Bizi-Ogiari buruzko katekesia, Aitaren egitasmo maitetsuari esker, Jesusengan burutzen dana. Hemen ebanjelariak Maisua gogo beroz onartzera bultzatzen gaitu, berak ere Aitaren borondatea bihotz-bihotzez onartu dauan lez. Horixe da Jesusen bizitza osoaren sekretua, eta baita bere proposamenarena ere.

- Eta onarpen honek beragaz daroa betetasuna, "betiko bizitza", Jesusek Bera onartzen dabenei emoten deutsena; Bera da gizakien bihotzetan dagoan gosea asetzen dauana. Horregaitik, gose dan gizateriari Aitak bialtzen deutso bere Semea, aseko dauan benetako Ogia.

- "Ikasle maiteak" erakusten deuskun bidea argi dago: nire bizi eta osotasun gosea ase daikenari egunero edegiten joan, uste osoz onartu eta eukaristiako ogian gauzatu; orduan bai lortuko doguzala nahi doguzan frutuak; holan ezagutzen dau berak Jesus eta "Biziaren Ogia" dinonean agertu gura deuskun dana. Horregaitik, hau jaunartu edo ez jaunartu baino askoz gehiago da.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue