castellano euskera batua euskera bizkaiera

EUGENIO BOSSILKOV dohatsua

Azaroaren 13a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: (2 Korintoarrei 4, 1-2. 5-7)

"... Beraz, lanbide hau Jaungoikoaren errukiagaitik dogun ezkero, ez jaku adorea moteltzen... Lotsa eta maltzurkeria gugandik jaurtirik.... Ez dihardugu geure buruak iragarten, Jesukristo gure Jauna baino... Ondasun hau, barriz, lurrezko ontzietan daroagu, honenbesteko indarra Jaungoikoari ezarri dakion, ez guri..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Pasarte honetan bada zer azpimarratu: eleiz-arduradunak euren eginkizun berezia izango dabe, baina indarra zuzenean Jaungoikogandik etorriko jake: Jaungoikoaren eta gizakiaren topaketa baten, lehentasuna Jaungoikoak dau beti, eta Berak eskeintzen deutsoz behar dituan dohaiak. Hauxe jazoten jake apostoluei: "gure ahalmena Jaungoikoagandik jatorku"; baina "ahalmen" hau ez da edozelangoa, norabide jakin bat dauka beti: "Itun Barriaren zerbitzari izateko ahalmena emon deusku..." Hauxe da Pauloren kasua.

- Paulok ministeritzaren gaiaz dihardu, dohai hutsa izanik, betebehar bat ezarten dau (1 Tm 2, 5). Horregaitik, zabal eta argi emoten dau erakustaldia, inoren pentsura egon barik eta ezer ezkutatu barik; edota azpikeriz iruzur egin barik; bere bizi-testigantzara eta kontzientziara joten dau. Horrez gainera, ez dau bere buruaren alde egiten, bera Jesusen zerbitzari huts bat baino ez da; Jaungoikoak argitzen ditu fededunak, Kristogan Jaungoikoaren irudia ezagutu ahal dagien: "Zure argitan ikusten dogu argia" (Sal 36, 10).

- "Buztinezko ontziak", altxorra daroagun ontzia (7. a.), Jainkoak lurrez egindako gizakia gogoratzen dau (Ha 2, 7; Sal 103, 14); baita Jeremiasen buztingilearen lantegia ere gogora ekarten deusku (Jr 18, 1-17). Baina "Jaungoikoaren indarra" ontziaren gainetik dago eta haren gainetik erakusten dau bere ugaritasuna. Hauxe da apostoluaren esperientzia.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Barriren barri, apostoluak bere ministeritzan "burua zuritu" beharra sentitzen dau; baina berak aukera honen bidez jarten ditu agirian bere ebanjelizatze egintzaren eta misinoaren KLABEAK. Izan ere, Paulok argi dauka bere "aginpidea" Jaungoiko Beragandik sortu dala, bere errukiz, beragan ezarri ditu bere begiak; bera gauzeztana izanik, baina horretarako Jaunak bere alde aukera argia egin dauala. Hau holan dala eta berak sentiten dauan indarra hortik datorrela.

- Izan ere, berak ez dihardu bere burua iragarten; bestelan baino, BETI agertzen dau Jesus, bera Haren zerbitzari baino ez da. Sentipen sendo honek mobitzen dau eta indarra emoten deutso, zoragarrizko ALTXOR hau daroan lurrezko ontzi sentitzen da; berak inundik merezidu ez arren, eginkizun honetarako aukeratua izan dala. Eta Jesusegandik, berak Paulok argitzen ditu anai-arreben bihotzak eta holan Jaungoikoari aintza emoten.

- Beste kasu askotan lez, hemen ere Paulo apostolua gaurko fededunentzat eragingarria da, hau da, Jesusen jarraitzaile izatea zer dan hur-hurretik ezagutu gura daben guztientzat. Jesus dala berak iragarten dauana, Jesus dala bere indar bakarra, bere buztinea landuten dauan "buztinlaria"... hau da apostoluaren garantia. GAUR ere holan izan behar leuke. Paulo dan Jesusen jarraitzailearen eredu honek zer aztertu eta zer pentsau asko sortzen deust! Eta... zuri, anai-arreba horri?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: (Mateo 10, 17-22)

"... Euren auzitegietara eroan eta zigorkatu egingo zaitue euren sinagogetan. Eta Nigaitik agintari eta erregeakana eroango zaitue, hareen eta atzerritarren aurrean autormen egin dagizuen... Eroaten zaituenean, ez ibili buru-hausten, zer esango eta zelan esango. Orduan emongo jatzue zer esana. Izan ere, zeuok barik, zuen Aitaren Espiritua izango da zuekan berba egingo dauana... Nire izenagaitik guztiak begitan hartuko zaitue; baina azkeneraino irauten dauana, salbauko da..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Pasarte honek, misinoa (apostÚllein) berbea (16. a.) berreskuratuz, bialdutako ikasleei zuzendutako erakustaldia luzatzen dau, bialduen aurkako areriotasuna eta jasarpenak iragarriz, misinogintzan ezinbesteko eta beharrezko baldintza lez. Mateok testu askotan esanda eukan bialduak bizi beharko eben egoera gogor hau (Mt 5, 11.). Eta une guztietan azpimarratzen dauana hauxe da: ikasleak probaldi honi leialtasunez eta iraupenez erantzun behar deutsola. Maisuak berak esandako berbak baieztatzen dabe honen errazoia eta halanbeharra: eurak dira legezko erreferentzi bakarra eta irakurketa bakarra, probaldian zintzoak izaten jarraitzeko.

- Berba honeek gogoratzen deutsoe ikasleari "sinpletasun jakintsua", hori dalako iraupen aldian emon behar dauan ezaugarria. Diskretasuna eta sinpletasuna, koerentzia eta errealismo argia, horreek dira mundura bialdutako ikaslearen ezaugarriak, Maisuaren bideari jarraituz. Testuinguru honetan oinarritzen da kontseju hau: bialduak onartzen ez dituen urietatik ihes egiteko konbitea (23. a.); jasarpenak eraginda, ikasle ebanjelizatzaileak uri bat itzi behar dabe, eta hori bide dala, ebanjelizatze ekintza aurrera eroateko aukera barri bihurtzen da, harik eta Gizonaren Sema etorri arte, Berari dagokio azken epaia: "Benetan dinotsuet: ez dozuez Israelgo uri guztiak amaituko, Gizasemea etorri baino lehen" (23. a.). Pasarte bi dagoz argi: ikasleak zintzo iraun behar dabela eta misinogintza berandutu ezin dan eginbeharra dala.

- Holantxe, nahizta aldrebeskeri bat begitandu, gogorkerizko gatazka eta jasarpena dirala ikaslearen estatutoa, bere egintzan Maisuaren eredu historikoa barriztatuz. Kurutzeak markatzen dau ikaslearen historia, Kurutzeratua izan zanaren baldintza berberak markatzen dauala ebanjelizatzailearen bizitza. Halan ere, hor dogu Aitaren Espirituaren promesa ebanjelizatze-egintzan jokatzeko (20. a.), holan bialduak, bere testigantzaren bitartez, Berbiztuaren egoera barrian parte hartzen dau. Misinoa bat eginda dago itxaropenaz, eta holan ulertzen da irauten dauan ikasleari salbamen promesa eskeintzen jakola (22. a.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Mateo ebanjelariak katekesi zabal bat eskeintzen deusku, Hamabiak aukeratu eta bialtzeari buruz. Izan ere, Jesusek, Berak dakarren Misinoa aurrera eroan ahal izateko, laguntalde bat aukeratzen dau, eta zer zelan egin behar daben era berezi baten eskolatu behar ditu. Eta horretarako, ez da ibiliko "zapi epelakaz"; hori barik, Beragaz, Maisuagaz, KONPARTIDU beharko daben egoera larriak ipinten deutsez aurrean, profetagintzako hari zuzenean. Hau kontuan euki beharrekoa da eta Misinogintzako zati lez onartu.

- Egon, Jesus Bera dago herriaren mesprezua jasaten: herri horixe izan zan hainbeste gizalditan Salbatzaile baten promesa hartu eta zaindu dauana, eta orain, unerik erabakigarrienean, ez dau Beragan ezagutzen zeruetako Aitak bialdutakotzat. Kontrara, areriotasuna eta jasarpena dira bere egintzaren ezaugarri nabarmenak. IKASLEAK bere Maisu eta Jaunaren patu historikoa jasan behar dau. Hori bai: Jesuen presentzia Espirituagan izango dau, Harek lagunduko deutso gora-behera guztietan, Jesusi lez, eta Berak iraunerazoko deutso ekintzan, KURUTZE eta guzti.

- Hemen aurkitzen naz neu ere gaur, gu danok, Jesusegaz MISINOA konpartizen, modu ezbardinetan bada ere; eta, horrexegaitik, gure bidean gatazka noiznahi izango dogula onartuz. Gure gaurko egoeran, biziera eta salbamen mezu hori onartzen ez dituan kulturgiro honetan, edo "hor konpon" eginaz, batez ere oinarrizko gunetan, giro eskas honetan aurkitzen gara gu, ebanjelizatzera bialduak -berbaz eta ezaugarriz- Erreinuaren Barri Ona. Eta egoera nahastetsua da hau, eta behin baino gehiagotan nekea eta porrota ere sentiduazoten deusku... Jesusek bere Espiritua eskeintzen deusku babes eta laguntza lez. Gure Familiako martiri honen jaiegunean holan biziko ahal dogu hau guztia!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue