castellano euskera batua euskera bizkaiera

GRIMOALDO SANTAMARIA dohatsua

Azaroaren 18a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Filipotarrei 4, 4-9

"... Zagoze beti pozik Jaunagan; barriro dinotsuet: zagoze pozik. Ezaguna izan bedi gizon guztientzat zuen bihotz zabala. Hurrean da Jauna. Ez euki ezeren kezkarik; hori barik, beti ta beti zuen esker onezko otoitz eta eskarietan agertu zuen eskabideak Jaungoikoari... Aintzakotzat hartu egizue egiazko, jator, zuzen, garbi, maitagarri, izen oneko dan guztia; hartu aintzakotzat onbidetsu edo goragarri dan guztia... Eta bakearen Jaungoikoa zuekin izango da..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Alaitasunez eta bildur barik bizitzeko konbidapenak ("Ez euki ezeren kezkarik": 6. a.) San Paulorengan halango oinarri sendoa dauka: "Hurrean da Jauna". "Jauna" hemen ez da bakarrik Jaungoikoa, baita Jesus ere, Beragan Jaungoikoa gizakiongana hurreratzen da-eta. Filipotarrei egindako epistolan argi gelditzen da honako hau: gauza bat dala kristau itxaropena eta beste gauza bat aldez edo moldez baikor izan gura dauanaren itxaropena. Hau ez da oinarritzen bakotxaren gurarizko sentimentuan, baikortasunak eraginda; hori barik, Jesus Jaunagan, etorkizuna bere eskuetan dago ta. Hiru berbatan laburbatzen ditu pertsonearen eta alkartearen itxaropen-alderdiak: poza, konfiantza, bakea.

- Paulok, Filipotarrei egindako Idazkiaren amaieran, aholku batzuk eskeintzen deutsez. Lehenengo eta behin, ez emon lekurik "larritasunari". Ez makurtu bizitzak ezarten deutsuezan mila eta bost arazoen aurrean, alde guztietatik arduraz betetzen zaituenak, bakea eta bizipoza kentzeraino. Horra Pauloren aholkua: "Ez euki ezeren kezkarik" (6. a.). Fededunak badau ebanjeliotik datorren bide ziur bat bizitzako zoritxarrak menperatzeko: esker onezko otoitz eta eskariak uste osoz Jaungoikoagana jasotea. Horra era askotako aukerak Jaunari otoitz eskariak egiteko, Bibliatik darion giro oparotik hartuta. Salmoak doguz gogoan.

- Jaungoikoagan uste on dauanak, Beragaz fiatzen danak eskaria beroak eginez, Beragaz alkarrizketa gozoan jardunez, bakearen opari ederra eskuratuko dau (7. a.). "Uste guztien gainetiko bakea"; hau da, giza-mailako pentsamentu, proiektu eta aukeramen guztien gainetikoa. Izan ere, benetako bakearen iturburua Jaungoikoagan dago: mundura bialdu deuskun bere Seme Jesukrito, "gure bakea".

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Paulo hau aberats agertzen jaku, bai teologiako gai sakonak proposatzean, bai aholkuak eskeintzean, baina beti bihotz-hondotik eta bizitzari sendo eraginez. Bizitzari itxaropen "espirituz" aurre egitea, hau da Filipotarrei egindako idazkian komendatzen deutsena. Horregaitik dinotse: "Zagoze beti pozik Jaunagan" (4. a.); hori da bere gogorik sakonena, fededun batek bizi ahal dauan eta behar dauan "giroa". Ez da txantxetakoa! "Ez izan ezeren kezkarik" (6. a.): errez esaten da, baina... zein da hau lortzeko sekretua?

- Guzti honen sustraian JESUS BERA dago, Bera bihurtu da pozaren eta bakearen eusgarri, baita gerora begira ere. Fededunak, Jesusen antzera, Jaungoikoa egiten dau bere bizitzaren erreferentea; baita bere otoitzarena ere (zein halan zein holan egin); eta Jaungoiko horregaz eta bere proposamenakaz fiatzen dana BAKEAREN opari zoragarria jasoko dau. Apostolua bera jartzen jaku bide horren jarraibidetzat, eta fededunen eredutzat, berak -Jesusen zerbitzariak- irakatsi eta eskeini deutsen eredua.

- Behin eta barriro, apostoluak gogoeta adierazgarriak eskeintzen deuskuz, eta berak Jesusen jarraipenean ikasi dauanez, bere kristau alkarteari ere holan jokatzera eragiten deutso, izan ere, bizitzarako eusgarri sendoak dira-ta. Niretzat (guretzat) ere erabateko balioa dauke. Jakina, azpimarratzekoa hauxe da: BAKEA Kristogan aurkitzen dala, Jaungoiko Beragandik datorrena eta Kristo Jesusengan emon deuskuna. Gogoan izango ete dot?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Mateo 13, 44-46

"... Zeruetako erreinua, soloan ezkutatutako altxorraren antzekoa da. Aurkitzen dau gizon batek eta gorde egiten dau. Pozez beterik, joan eta saldu egiten ditu daukazan gauza guztiak, eta soloa erozi... Zeruetako erreinua, harribitxi ederren bila dabilen merkatariaren antzekoa da. Bat oso bikaina aurkitzen dauanean, joan eta saldu egiten ditu daukazan gauza guztiak, eta harribitxia erosi..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Bikiak dirudien parabola honeek, -altxorrarenak eta harribitxiarenak-, Jesusek iragarritako Jaungoikoaren Erreinuaren balio absolutua azpimarkatzen dabe; izan ere, beste guztia saltzeak merezidu dau bere ordez. Lehenengoan nekazari bat agertzen jaku, soloan altxor bat aurkitu eta beragandu nahirik, solo hori pozik erosi egiten dau, daukan guztia bera eskuratzearren emon behar izanda ere. Ondo daki, jakin ere, juduen legearen arabera, lurra erosten dauana jabe orokor bihurtzen da, bai soloarena eta bai haren azpian dagoan guztiarena. Bigarren paraboleak harribitxi bila dabilen merkatari bat dau protagonista, horretariko bat aurkitu dau -ederra eta arraroa benetan- eta daukan guztia saldu eta erosi egiten dau, harribitxi hori baino ederragorik ezertxo ere ez dagoala ondo daki eta.

- Jesusen irakatsia argitsua eta oinarrizkoa da: Jaungoikoaren Erreinuak, eta berak ondoren dakarrenak, bere alde dana jokatzera behartzen gaitu. Erreinu hau, hain zuzen, ez da zeozer, norbait baino; Jesus Bera aurkitzea da. Horregaitik bere alde jokatu behar da azkar eta pozik, Jaungoikoaren Erreinuaren balioa aurkitu dauanaren antzera. Eta poztasun hori hain da sakona eta eragingarria, bestelako ondasunak saltzeko kapaz egiten gaitu, ondasun gustagarri hori eskuratzearren, hau da, altxorraren eta harribitxiaren jabe eginez; izan ere, beste edozer gauzarik ederrenak ere balio guztia galtzen dau eta ahalegin haundi barik egiten dira trukeak.

- Badau goragoko beste asmo bat ere: paraboletan Jaungoikoaren Erreinuaren aldeko aukereak sortzen dauan erradikalismoa ere agertzen da. Bestetariko edozein konpromesu ukatu beharra dago, Beragazko maitasunezko eztegura konbidatzen gaituan Jaungoikoaren maitasuna dohai lez hartu gura badogu. Gure aldetik hauxe da jarri behar doguna. Jaungoiko Aitaren proposamenaren aurrean erantzukizuna eta prestasuna.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Erreinuaren dohaiagaz topo egiten dauanak, zein altxorra zein balio haundiko harribitxia izan, errez eta pozik ukatzen dau gainerako guztia, aurkitu dauanagaz jabetzeko. Hor dago sekretua: altxorragaz topo egitea, hori bai dala DOHAIA. Dan bestean aurkikuntza hori adierazoteko eta bere alde jokatzeko adorea sentitzeko jakituria, horra bizitzako sekretua. Horixe da ebanjelioko kontaketa honeen proposamena.

- JESUS Bera da hemengo oinarria: Bera da beste dana eta gehigo ere merezi dauan altxorra; Berak proposaten eta "eskeintzen" deuskun guztia, bizia bera jokatzea merezi dauan altxorra. Argi dago: ebanjelioko pasarte honek Beragaz topo egitera eragiten deusku, buru eta bihotz argiz ta biziz beteten deuskun topaketa zoragarria.

- Proposamena argia eta zehatza da: TOPAKETAREN alde jokatu eta orduan dana izango da beste gauza bat zure bizitzan (Pedro, Mateo, edo Paulo eta beste asko dozuz honen testigu argiak). Eta hemen aurkitzen naz neu ere, nun eta zeren "bila" nabilen asko jakin barik; JESUS da bakarrik, eta ez besterik, asetuko gaituan erantzuna. Zein makalak garea.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue