castellano euskera batua euskera bizkaiera

ANDRE MARIA BIRJINAREN Aurkezpena

Azaroaren 21a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: 1 Samuel 3, 1-10

"... Egun hareetan, Jaunaren zerbitzari egoan Samuel umea, Eliren ardurapean... Jaunak dei egin eutson: Samuel! Harek erantzun: Hona hemen ni. Lasterka Elirengana joan zan, eta esan eutson: Hona hemen ni; deitu deustazulako etorri naz. Harek erantzun: Ez deutsut dei egin; zoaz barriro ohera... Jaunak barriro dei egin eutson... Hirugarren aldiz Jaunak dei egin eutson Samueli... "Esan, Jauna; zure morroi hau entzuten dago". Joan zan Samuel bere tokira, eta etzun egin zan. Etorri zan Jauna eta dei egin eutson, besteetan lez: Samuel, Samuel! Eta Samuelek erantzun: Esan, Jauna, zure morroi hau entzuten dago..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Samuel Jaunari eskeinia egoan jauretxearen zerbitzuan. Bertan igaroak zituan hainbat urte isilean, Jainkoak bakarrik ezagutua. Orain Jaunak dei egiten deutso. Zertarako, baina? Samuelen bokazinoan bat-batean ikusi daikegu Jainkoak deitzeko dauan era edo estiloa. Bakotxari bere izenez deitzen deutso: "Samuel, Samuel!". Honek esan nahi dau bere deia beti dei pertsonala dala, ez anonimoa; bakotxari zuzentzen jakon dei barria; deia egiten deuskunak maitasunez garan lez ezagutzen gaituala. Baina Samuelek ezin dau Jainkoaren abotsa bat-batean ezagutu. Alde batetik, Jainkoaren abotsari antzemoteko zailtasun objektiboak azaltzen dira (haren transzendentzia eta aurretik sumatu ezin dan izaera), baina, hala ere, pasarteari buruz gogoeta eginez, aurkitu daikegu bertan Jainkoak gizakiaren bihotzean sartzeko dauan eroan haundiko pedagogia. Jainkoa egokitu egiten da; pixkanaka deitzen dau; denpora emoten deutso gizakiari; bere deia barritu egiten deutso.

- Samuelek behin, bigarrenez, hirugarrenez hartzen dau deia... Une honetan bitartekoak parte hartzen dabe, deika dabilen Jainkoaren abotsari laguntzeko balioko dabenak; Samuelen kasuan Eli abade zaharra da, bere zuhurtziaz Samuel gazteari zelan jokatu behar dauan adierazten deutsona.

- Honek ikusarazten deusku, dei bat izan danean, ia estrukturalki lez parte hartzen dauala giza bitartekoen presentziak; askotan ezinbestekoa izan ohi da norbaiten laguntza zalantzak eta segurtasunik eza garaitzeko. Baina hori ez da dana: Samuelen prest egote guztiz osoa azpimarratu beharra daukagu: "Esan, Jauna, zure morroi hau entzuten dago" (9. a.). Jarrera arretatsuz prest egoteak bakarrik -"bere hitzetako bat-bera ere hutsik galdu ez dadin"- eroan dagike deitua, lehenago edo gerotxoago, Jainkoaren abotsari antzematera, bera onartzera eta hari bide-gidari izaten iztera.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Deiaren eta erantzunaren adibide ederra! Jainkoa deika eta gizakia erantzule. Eta beti eginkizun berezi bati begira eta beti, baita ere, gizadiaren alde. Hau da Jainkoaren egitasmoa: bere herriaren eta gizadiaren ona nahi dau eta bilatzen. Kontaketa hau salbamen eta biziaren historia horren beste adibide bat da. Ez ezerk, ez inork ezingo dau galerazi baliabide pobreekin bere proiektua aurrera ateratzeko Jainkoaren jokaera hau.

- Samuel ez da ume besterik, baina Jainkoak berorrengan ipinten ditu begiak; Eli ez da zahar besterik, baina bere bitartekotza garrantzitsua da, Samuel gaztearen begiak eta bihotza irekitzen ditu eta bete-betean Jainkoaren asmoen zerbitzura ipini daiten prestatzen dau. Jainkoak nahi ditu eta bilatzen giza bitartekotzak, bere proiektua azkenera eroateko bide baliotsu lez bilatu ere.

- "Esan, Jauna, zure morroi hau entzuten dago": niri eta zuei gaur Bibliako testu honek egiten deuskun proposamena da. Haren deia onartu eta bizi; baina, baita be, giza bitartekoak izan, beste pertsonak ere dei hori sumatu, entzun eta onartu ahal dagien… ZEREGIN BIKOITZA sinestun eta ebanjelizatzaileon ibilbidean. Ia ezer ez! Baina Jainkoak holan idazten dau bakoitzaren historia pertsonala. Hori bai: beti gizadiaren, senideen alde. Ados?

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Lukas 1, 26-38

"... Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jaungoikoak, Nazaret deritxon Galileako herri batera, birjina bategana... Esan eutson: Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zugaz. Ikaratu egin zan Maria... Ez izan bildurrik, Maria; Jaungoikoaren ederra aurkitu dozu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu; eta Jesus ezarriko deutsazu izena. Haundia izango da; Goi-Goikoaren Semea deituko deutsoe; eta Jainko Jaunak Haren aita Dabiden errege-aulkia emongo deutso; Jakoben etxean errege izango da beti. eta Haren erregetzak ez dau azkenik izango... Mariak orduan: «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; jazo bekit zeuk dinozun lez..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Gabriel aingeruaren adierazpenaren kontaketa Birjina Mariari giza historiak inoiz ikusi izan dauan gertaera haundienaren egunsentia da: Jainko Semearen gizakundea. Testu biblikoak Itun Zaharreko oroipen ugari dakar eta doktrina txit baliotsua emoten deusku: Patriarkei eginiko eta Dabidi barrituriko agintzarien betetzea aipatzen dau (2 Sm 7, 14. 16; 1 Kr 17, 12-14; Is 7, 10-14) eta Kristoren misterioaren teologia sakon bat eskeintzen. Egiaz errege eta Dabiden seme lez agertzen da Jesus ("Jainko Jaunak haren aita Dabiden errege-aulkia emongo deutso; Jakoben etxean errege izango da beti": 32-33. aa.) eta, baita ere, santu eta Jainkoaren seme lez ("Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko dabe": 32. a.).

- Aingeruak Mariari esaniko hitzak, Mesias lurrera etortzeagatik poztasun iragarpen izateaz gainera, Nazareteko neskatxa gazteari Jainkoak deutson maitasun bereziaren testigutza dira, hain zuzen ere, Jaunaren mirabe izanik, baldintza bako sinesmenaz Jainkoaren Ama izatea merezi dau.

- Espiritu Santuaren egitezko esku-hartze zerutarraren baieztapenak Mariaren bihotza, birjina izanez, Jainkoaren nahira irekitzen dau eta salbamenaren proiektu unibertsalari oso-osoan lotzera, giza historia aldatu daben hitz apal hareetan irakurten dogunez: "Hona hemen ni, Jaunaren mirabea, gerta bekit zuk dinozun lez" (38. a.). Mariaren baietzak gure salbamenaren bidea irekitzen dau eta gure bizitzako gertaeretan Salbatzailearen presentzia ikusteko gonbita da.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Bere indar guztian agertzen jaku agerraldi honetan: alde batetik, Jainkoaren "bai" salbatzailea eta, bestetik, gizadiak, Mariaren bitartez, emoten dauan onarpen hitza, "bai": "gerta bekit zuk dinozun lez". Bi "bai" honeek bat egitetik sortzen da, Espirituaren bitartez, Jesus Salbatzailea, egiazko "Jainkoa gurekin". Adan barria sartzen da jokoan, gizadi barri horren burua. Eta honen ondoan, ezpainetan "bai" dinoelarik, Eva barria, lehenengoarekin kontraste eginez. Holan irakurri eta bizi izan dau kristau tradizinoak.

- Maria, Nazareteko neskatxa apala, izan zan Jainkoak aukeratua Etortekoa zanaren ama izateko. Bera da "graziaz betea", "bedeinkatua emakumeen artean"; eta horrela hasten da marrazten ebanjelioko orrialdeetan, Jainkoaren nahia egiteko beti prest egongo dan emakume honen erretraturik onena ("gerta bekit"); ez da une honetakoa bakarrik izango, bizitza osokoa baino, gurutzearen oinean bizi izan eban presentzia dramatiko ha barruan dauala.

- Maria oraindanik bertatik kristau bizitzako jarraibide onena lez agertzen da. Maria da eredu bikainena gizaldietan zehar Jainkoari "bai" esan deutsoenen artean, Itun Zaharrean zehar eta, batez be, Jesu Kristogan sinestu eta Hari jarraitu deutsoenen artean. Bera kontenplatu eta haren bizimodu eta jarrerak geureganatzea, horra Andre Maria Birjinaren jai honetan Pasiotar Familiako kide guztiok jasotzen dogun gonbitea.

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue