castellano euskera batua euskera bizkaiera

ODOL GUZTIZ BALIOTSUA

Garagarilaren 1a

Liturgiak >>  
#
# # #

Iruzkinak

#

# # #
#
# # #

1 IRAKURGAIA: Ebertarrei 9, 11-15

"... Kristo beti iraungo daben ondasunen abade nagusi lez etorri jaku... Kristoren odola, gure barrua egite usteletatik garbitzeko, guk Jaungoiko bizia gurtu dagigun, betiko Espirituaren indarrez bere burua Jaungoikoari opari garbi eskeini deutson ezkero..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Paktu barria ere burututa dago, bitarteko eta guzti: Jesukristo, "geroko ondasunen abadeburua" (11.a) "alkartasun barri baten bitartekoa" (15.a). Eta Sinai mendikoan protagonista Jaungoikoa izan zan, dohangoa eta guztientzakoa; Itun barrian ere beste hainbeste, askoz goragoko edertasun eta haunditasun maila baten bada ere. Judu erritoei dagokienez, zehatzago "Garbiketa Festaburuan", abade nagusia bakarrik sartzen zan "santuen santutegian" eta han egiten eutson Jaungoikoari eskeintza-oparia, anai-arreben pekatuak ordainduz eta herriaren zerbitzura jarraituz.

- Era berean, Kristo -baina behin bakarrik"- (9, 28) eta "opari batez" (10, 14), gizateri osoaren pekatua ordaindu eban (9,14). Jainko esparru barruan sartu zan eta, gugaz batasunean iraunez, bizia bihurtu deusku barriren barri, gizateri lez bizibarritu gaitu, garbikuntza-opariak baino askoz ederrago dan kultu espirituala Aitari eskeintzeko gai egin gaitu, bere Odol-eskeintzaren bidez alkargo-oparia egitea posible egin daualako; baina odol-opari hori ez da biktimaren gainera isuria izan; hori barik, eukaristiako otorduan janari eta edari lez eskeinia izan da, holan bihurtu da, Antiokiako Inaziok dinoanez, "ezhilkortasun farmako eta heriotzearen aurkako osagarri".

- Izan ere, Azken Afarian Jesus "Alkartasun Barria" lez eskeintzen jake Apostoluei eta guztiok bertan parte hartea nahi dau, Beragaz etenezineko batasuna lortzeko, bardin Aitagaz eta Espiritu Santuagaz, eta bardin gizaki guztiak alkarregaz. Hori bide dala, galduta egoan gizakia Jainkoagaz adiskidetzera eroan dau, pekatuz lorrindutako ordena berregituratu dau eta gizateriak Jainkoagazko hartuemona egiteko bidea berreskuratu dau; are gehiago, Jaungoikoari "Abba-Aita" deitzeko ahalmenaren poza berreskuratu deusku.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Behin eta barriro gogoratzen jaku Jainko maitasunaren historia: gizakiagaz alkartasun bat gauzatu dau, beti askatasunez bizitzen ikusi nahi dau eta. Baina gizakiak paktu horri uko egitean, Jainkoa era askotara ahalegindu da. Hauxe da historia: Maitasun historia. Frutuak hain urriak badira ere.

- Jesus bide dala, Aita barriren barri ahaleginduten da eta... gehiago ezinean! Ebertarrei egindako gutunak dinoskunez, ALKARTASUN BARRIA barrukoa izango da, bihotz-hondoan ezarria, eta ez harlosatan eta kultu erritoetan. Eta... zelan ez! ALKARTASUN BARRI honetako BITARTEKOA Jesus da. Berau da Jaungoikoaren azken Berbea. Eta kristau Alkarteak egunero barriztauko dau Eukaristian. "Hauxe da zure Odolaren Kaliza, Alkartasun barri eta betikoaren...".

- Gaur eta hemen geure ardurea dogu Alkartasun hau onartu eta barriztatzea; izan ere, bere sustraiak bihotzean daukaz, pertsonearen hondoaren hondoan; azaleko erritoak ez dira bere oinarri. Alde ederra! Alkartasun Barriko espiritua bizi, azkeneraino opari bihurtzea. Hauxe egiten jakun konbitea.

# # #
#
# # #

EBANGELIOA: Markos 14, 12-16. 22-26

"... Jaten egozala, Jesusek ogia hartu, eta bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eban eta emon eutsen, esanez: "Hartu eizue: hau, Neure gorputza da". Gero, edan-ontzia hartu eta, esker otoitza eginez, emon eutsen, eta guztiak edan eben bertatik. Eta esan eutsen: "Hau, Neure odola da, Itunaren odola, guztientzat isurtzen dana. Benetan dinotsuet: Ez dot geiago ardaorik edango, ardao barria Jainkoaren Erreinuan edango dodan egunera arte"..."

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Markosenean, Eukaristiaren eraketa hau Jesusek ikasleekaz ospatu eban Azken Afariaren barruan dago, eta Jesusen heriotzeagaz bat-bat eginda dago, sakramentuz aurreratuta, eta aurretiaz profeta argiz iragarrita.

- Izan ere, Jesusek Afaltokiko goxotasunean eta bere Nekaldi aurretxoan, iragarten dauana egin egiten dau, Berbearen eta zeinuen ezaugarriz. Ogi zatikatua eta ikasleei eskeintzen deutsen ontzia, judutarren ohitura jarraituz, Alkartasun Barria iragarten dau, bere Odolez zigilatua, "orbangabeko Bildotsak" guztien salbamenerako eskeinia. Eta agindu ere egiten deutse, egintza hau barriztu dagiela, Bera barriro etorri arte (25 a.; Lk 22, 19).

- Jaunaren heriotzea iragarten da eta bere biztuerea eta bere aintzazko etorrerea. Jesukristok, harrigarriro, beretarren artean egoten jarraituko dau, berreroskundeko oparian partekide hartzen ditu eta euren janari eta edari espiritual bihurtzen da. Berreroslearen Gorputz-Odolez janarituko dira, berrerositako danak osotzen dabela "gorputz bat eta espiritu bat Kristogan".

- Guzti hau Espirituaren egitekoa da; Berari esker, sinistedun guztiak Kristogan Jaungoiko Aitaren aintzarako opari bizi bihurtzen dira. Eukaristia, betikotasunean Jainko bizitzan izango dogun partaidetzaren aurre-iragarpen bat dogu; izan ere, bere Gorputza jaten eta bere Odola edaten dauanak badau betiko bizia, gero eternitatean bete-betean izango dauana.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesusen bizitza osoa -bere egitekoa eta misinoa- hementxe batuta geldituko da, Jaungoikoak gizateriagaz egin dauan betiko Alkartasunaren ezaugarri lez. Jesus Berak holantxe ulertzen dau eta eskeintzen deusku: beretarrakaz ospatzen dauan Azken Afaria, judutarren Pazku esparru barruan egitea ez da kasualitatez egina; hori barik, Jaungoikoak Ejiptoko lehenengo Pazkuan egindako egintza askatzailea, orain Jesus Beragan gauzatzen da, bere bizi-oparian.

- Behin eta betiko Pazku barri honetan, Jesus Bera dogu protagonista, bere zeinu eta berbearen argitara. Jesusek hemen bere bizitza osoaren profetiko ezaugarria adierazten deusku, laster bere heriotzean burutuko dana: zatikatzen dan Ogia, guztien alde eskeintzen eta desegiten dan existentzia bat. Ikusten danez, gizakunde misteroaren agerpena da; azken baten, salbamen historia osoa ulertzeko giltza: eskeintzaren eta komuninoaren historia.

- Profetiko zeinu hau ospatzea, guretzat konbidapen zoragarria da: buru eta bihotz Beragaz bat egin eta geure bizi bihurtzea; horrrez gainera, bere jarraitzaileok hartzen dogu ziurtapena. Hori bizitzera helduten ez bagara, zarata haundia ateraten daben ontzi hutsak baino ez gara. Beste hau da gure erronka: geure burua eskeiniz, alkartasunaren alde jokatzea, dohaintasunez eta bihotz zabalez. Horra gure erronka!

# # #

 

Liturgiak >> 


 

Jatorria - Bidea

 
 
#
# # #
Un caminar
# # #
bidean@bidean.net
orue